EKONOMIA SOZIALARI ETA KOOPERATIBISMOARI BURUZKO KATEDRA

Hitzarmenaren sinatzaileak. Ezkerretik eskuinera: Mikel Irujo, Ramón Gonzalo eta Ignacio Ugalde.

NUPek Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedra sortu du Nafarroako Gobernuarekin eta ANELekin batera

Ekonomia sozialak enpresak kudeatzeko eredu gisa duen interesa sustatu nahi dute ikerketaren eta jakintzaren transferentziaren bidez

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak eta Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkarteak (ANEL) hitzarmen bat sinatu dute Unibertsitatean Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedra sortzeko. Katedraren bidez, ekonomia sozialak enpresak kudeatzeko eredu gisa duen interesa sustatu nahi dute eta, horretarako, ikerketa, ikasgeletako jakintza eta eragile sozial eta ekonomikoenganako transferentzia bultzatuko dituzte.

Zehatzago esanda, katedra sortzeko helburu guztiek ekonomia soziala eta kooperatibismoa dute ardatz, eta honako hauek dira: hiru erakunde sinatzaileen arteko lankidetza garatzea jakintza berria sortzeko eta interes komuneko alderdi guztiak zabaltzeko; ikerketa aurreratua sortzea mundu akademikoaren eta ekonomia sozialeko erakundeen bilakaera eta integrazio egokia ahalbidetzeko; eta unibertsitateko ikasleen eta ekonomia sozialeko erakundeetako profesionalen prestakuntza praktikoa bultzatzea.

Ramón Gonzalo García NUPeko errektoreak, Mikel Irujo Amezaga Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak eta Ignacio Ugalde Barbería ANELeko presidenteak sinatu dute hitzarmena.

Baterako jardueren garapena

Erakundeen arteko lankidetza honako jarduera hauen garapenean gauzatuko da, besteak beste: ekonomia sozialaren, kooperatibismoaren eta hirugarren sektorearen jarduketa-eremuko gaiei buruzko ikerketa-proiektuei laguntzea; Katedraren jarduerarekin zerikusia duten gaiei buruzko doktoretza-tesiak eta ikasketa amaierako lanak egin daitezela bultzatzea; ekonomia sozialeko erakundeetan zuzendaritza-postuak betetzen dituzten pertsonek Unibertsitatean duten parte-hartzea handitzea; praktiketarako hitzarmenak sinatzea; enpresetara bisitak egitea; eta prestakuntza jarraituko jarduerak antolatzea. Halaber, komunikazio- eta prestakuntza-jarduerak eta bekak eta sariak sustatu eta antolatuko dira.

Ekonomia Sozialari buruzko II. Plan Integrala

Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialaren Departamentuak Ekonomia Sozialari buruzko II. Plan Integrala prestatu eta onetsi du 2021-2024 aldirako. Plan horretan, ekonomia sozialak Foru Komunitatea suspertzeko izaten ahal duen funtsezko zeregina aitortzen da, baita NUPek planaren beraren bultzadan izan behar duen protagonismoa ere.

Bestalde, ANELek, zeinak berriki EFQM ereduaren bikaintasunaren Nafarroako Saria jaso baitu, oso modu aktiboan hartu du parte plan hori lantzen eta negoziatzen, CEPES Navarra konfederazioko gainerako erakundeekin batera, eta ekonomia soziala unibertsitate eremuan sustatzeko jarduerak garatu ditu. Zehazki, NUPek sustatutako zenbait ekimenetan hartu du parte, hala nola Ekonomia Sozialaren Europako II. Astearen karietara antolatutako ekitaldian, eta beste batzuk gidatu ditu, esaterako Kooperatiben eta Ekonomia Sozialeko Enpresen Zuzendaritzako eta Kudeaketako Unibertsitateko Adituaren titulua martxan jartzea. Titulu horren koordinazio akademikoa ANELeko presidenteari dagokio.

Jarraipen Batzorde Mistoa

Hitzarmena sinatu duten erakundeetako bina ordezkarik batzorde misto bat osatuko dute, eta batzorde horrek proposatuko du katedraren zuzendaria, zeinak urteko jarduera-programa gidatuko baitu, eta hitzarmena gauzatzen dela gainbegiratu eta oroitidazkia prestatu.