KONTUEN GANBERAREN ETXEA (2)

Monumentuen Batzordearen Egoitza

1868an, Historiaren Erret Akademiaren babesa izan zuten kudeaketa-lan luzeen ondoren, eraikina behin-behinekoz Estatuaren Ondareak -antzinako Erreinuaren Ondarea- utzi zuen Monumentu Historiko eta Aristikoen Batzordearen egoitza izan zedin. Urte horretan berean, urtarrilaren 16ko Errege Agindu baten bidez, eraikina Monumentu Nazional deklaratu zen.

Hurrengo urteetan etxeak abandonaturik luzaz egonaren poderioz jasandako hondamena nabarmen geratu zen. 1877an, Iruéko alkateak Batzordeari gutun bat bidali zion, teilatu-hegalak hondaturik zeudela adierazteko. XIX. mendearen amaieran etxea erortzeko zorian zegoen.

Nafarroako lehen Museoa

1894an, Monumentuen Batzordea hango eta hemengo hondakin arkeologikoak sistematikoki biltzen hasi zen, probintziako museo bat egiteko asmoz. Handik hiru urtetara burdin hesi enigmatiko ospetsua bere gain hartu zuen, Tafallako Errege Jauregi izandakotik ekarririk, eta lorategian ezarri zuten. 1903an Zangozako San Nikolas ermitako zenbait zutabe, kapitel eta beste zenbait hondakin arkeologiko ekarri ziren, garai horretan eraitsi baitzen. 1904an zehar Batzordeak balio historiko-artistikoko zenbait objektu jaso zituen dohaintza gisa eta, bestalde, zenbait partikularrekin herremanetan jarri zen, pieza eta objektu interesgarri berrien dohaintza egiteko eskatuz. Aldi berean, etorkizuneko museoa kokatzeko lau gela prestatu ziren. Izenari dagokionez, Nafarroako Museo Artistiko eta Arkeologikoa jarri zitzaion.

Bidaiariarentzako Iruñeko Gidak, Madrilen 1904an Mariano Arigitak Fernando de Alvarado izengoitipean argitaratua, honakoa dio gai honetaz: “Etxe horretako geletan badira objektu baliotsu franko, aipatu Batzordeak erosketaz edo aurkikuntzaz bilduak, hala nola kodizeak, monasterioetako liburuak, mosaikoak, hilobi-kutxak eta zipoak, antzinako inskripzioak, estilo desberdinetako harrioinak eta kapitelak, marfil, burdina, harri eta lurrezko gauzak, ikerketetan aurkitutako armak, burezurrak, ontziak eta kutxatilak. Kobrezko koadro sail bat ere badu eta Nafarroako monumentu garrantzitsu guztien argazkien bilduma osoa”.

Museoa, eraikinaren beheko solairuan kokatua, ez zen inauguratu ofizialki 1910eko ekainaren 28a arte. Ospakizuna punpezia handiz egin zen eta bertan izan ziren Ricardo de la Rosa Gobernadore Zibil jauna, fray Jose López-Mendoza apezpikua, Joaquín Viñas alkatea eta beste zenbait agintari. Julio Altadill, Batzordeko idazkariak inaugurazio hitzaldian errandakoa haren Geografía General del País Vasco-Navarro liburuan dago bildua: “Bisitatzea merezi duen museo honetan igeltsuzko irudi-hustu eta argazki sail bat dago, herrialdearen arkeologia besarkatzen duena, eta horiekin batera antzinako zenbait arma eta altzari; horrez gain bertan dago eskultura greko eta erromatar ospetsuenen bilduma bat, igeltsuzko hustuketa eginak, Madrileko Erreprodukzioen Museotik ekarriak; beste obra batzuk ere badira, berrixeagoak, moriskoen artekoak, errenazimendukoak, Nafarroako eta mundu zabaleko historiako pertsonaia ospetsuen busto ugari, ontzi greko, etrusko eta erromatarrak, diptiko eta triptikoak, kobre grabatuzko kutxatila eta xaflak, kodize eta inkunableak, brontzezko erretiluak, berunezko eta argizarizko zigilu jatorrizkoak eta eskaiolaz berreginak, kristo bizanziotarrak, antzinako pitxi batzuk, Nafarroako diruaren zigilluak, txanpon sail txiki bat, historiaurreko harrizko eta brontzezko armak, ontziak, antzinako zeramika hondakinak, erromatarren mosaiko eta hilarriak, esmalteak, burdin hesi enigmatiko interesgarri bat, hilobiak, ezkutuak, inskripzio hebertar eta gotikoak, zuburutxoak, jatorri eta garai desberdinetako kapitel, harroin eta fusteak, Nafarroako dirua zigilatzeko erabili zen prentsa, hamabi gutunazal margotuko bilduma baliotsua, munduaren sorrera irudikatzen duena; eta azkeneko gelan pintura garaikideko koadro sail polita”.

Museoa ireki eta hurrengo urteetan eraikinean zaharberritu eta hobetzeko obrak egin ziren. 1917an teilatua konpondu zen, itaxura franko baitzituen, eta hurrengo urtean ura eta argia instalatu ziren. Handik urte batzuetara, 1927an, eraikina erabat berritzeko proiektu bat egin zen eta handik pixka batera patiora ekarri ziren San Inazio Basilikako oroitarri bat eta zenbait harlandu, izan ere, izen bereko hiribidearen antolamendua zela-eta eraitsi egin behar izan baitzuten parte batez.