ÁNGEL ANDUEZA

Ángel Andueza Unanua irakaslea, Arrosadiko campusean, NUPen

Ángel Andueza NUPeko irakasleari saria eman diote Elektronikaren Teknologiaren, Ikaskuntzaren eta Irakaskuntzaren Nazioarteko Kongresuan

Masterreko ikasleentzat erabiltzen duen Gauzen Interneten (IoT) proiektu elektronikoagatik saritu dute

Ángel Andueza Unanua NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko Teknologia Elektronikoko irakasleari Erakusleen modalitateko saria eman diote uztailaren hasieran Teruelen egin den Elektronikaren Teknologiaren, Ikaskuntzaren eta Irakaskuntzaren Nazioarteko XV. Kongresuan. Zehazki, Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko ikasleentzat erabiltzen duen Gauzen Interneten (IoT) proiektu elektronikoagatik saritu dute.

Irakasleak azaldu duenez, master horretako “Sistema Elektronikoak eta Instrumentazioa” irakasgaiko irakasle-lana egiaz nolakoa den erakusten ahalegindu zen erakusle baten bidez. “Hiru edo lau laguneko taldeetan lan egiten dute ikasleek, eta Gauzen Internetari buruzko proiektu bat egiten dute osorik, hasieratik bukaerara, hots, zirkuitu sentsoretik hasi eta datuak jasotzen dituen aplikazioraino, eta hori ez da oso ohikoa izaten irakaskuntzan”.

Ángel Unanuak aurkeztutako erakusleak proiektuetan oinarritutako ikaskuntza-metodologia darabil, eta hau du izenburua: “Gauzen Interneteko proiektu elektroniko baten diseinua industria ingeniariei instrumentazio elektronikoko prestakuntza emateko”. Proiektuaren helburua da ikasleek sistema elektroniko bat egitea beren kabuz, beste ikaskideekin ideiak partekatuz eta erabakiak hartzeko prozesuan parte hartuz, eta hala sistemaren alderdi guztiak nola egiten diren ikastea. Kasu honetan, adibidez, sentsore bat aukeratu behar izan dute, zirkuitu egokitzailea diseinatu, kontrolagailua programatu, hodeira konektatu, hodeiarekin komunikatu, sortutako datuak kudeatu, prozesatu eta interpretatu eta abar.

Ángel Andueza Unanua Telekomunikazioko ingeniari doktorea da NUPen. 2005ean, lehenbiziko saria jaso zuen Telefónica Fundazioak antolatutako Campusen arteko Nazioarteko III. Lehiaketan, sareko doktoretza-tesien eta ikerketen modalitatean. 2006tik 2010era, automatizazioko ingeniari gisa lan egin zuen Tecdoa SL enpresako domotikaren, immotikaren eta argiztapenaren kudeaketaren alorrean. 2007an, irakasle eta ikertzaile hasi zen NUPen, eta hor segitzen du kontratupeko irakasle doktore gisa. Bestalde, zenbait elkarte profesional eta zientifiko nazionaletako kidea da, hala nola COIT eta AEIT (ANIT) elkarteetakoa, eta bere esparruko aldizkarietako berrikusle ere aritzen da, besteak beste “Optics Letters”, “Optics Express”, “Journal of Applied Physics”, “Applied Physics Letters” eta “JOSA B” aldizkarietan. Hogei bat artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkari zientifikoetan, hamar bat komunikazio nazioarteko eta nazioko kongresuetan eta zenbait kapitulu liburu zientifikoetan.

Nazioarteko XV. Kongresua

Elektronikaren Teknologiako, Ikaskuntzako eta Irakaskuntzako Elkarteak (TAEE) hamabosgarren aldiz antolatu du kongresua. Aurten, Teruelen egin da, ekainaren 29tik uztailaren 1era. Kongresuaren bidez, elektronikaren arloko irakaskuntza hobetu nahi da, eta parte-hartzaileen artean gogoeta egin konpondu beharreko arazoei buruz. Baliabide didaktikoak sortzen dituzte, teknologikoak batik bat, eta ikasmateriala trukatu eta jakintza sortzen dute elkarlanean. Elektronika ikerketarekin eta jarduera profesionalekin uztartzeko ere balio du kongresuak.

Honako lau modalitate hauetan eman ziren sariak: ahozko komunikazioak, posterrak, erakustaldiak eta doktoretza-lanak.

Kongresuaren antolatzaileak EduQTech izeneko I+G+b-ko ikerketa-taldea, Teruelgo Unibertsitate Eskola Politeknikoa, La Almuniako Unibertsitate Eskola Politeknikoa eta TAEE Elkartea izan dira.