Salgai daude Internet bidez sarrerak irailean eginen den Navarra Lan Partyrako
Teknologiari buruzko ezagutzak dibulgatzea eta trukatzea xede duen topaketa horren bosgarren edizioa da, eta irailaren 1etik 4ra eginen da
Salgai jarri dira Navarra Lan Partyrako sarrerak haren webgunean: www.navarralanparty.org. Teknologiaren festa hori Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) eginen da, presentzialki, irailaren 1etik 4ra. Ekitaldi horrek bosgarren edizioa du aurten, eta Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteak (ANDITEC) eta NUPek antolatzen dute. Gainera, babesle hauek ditu: Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua, Iruñeko Udala, eta Tracasa eta CyC enpresak, besteak beste.
Pandemiaren ondorioz, azken bi edizioak “online” modalitatean egin ziren, eta ia bi mila lagunek hartu zuten parte. Edizio hau Nafarroako Unibertsitate Kiroldegian eginen da, eta Interneten abiadura handian nabigatzeko ahalmena duten 450 ordenagailu postu instalatuko dira.
Navarra LAN Party topaketak era askotako jarduera, hitzaldi eta txapelketak hartuko ditu barne, besteak beste: teknologiarekin lotutako gaiei buruzko hitzaldiak; zuzeneko ezagutza garatzera bideratutako lantegiak; eta bideojokoen eta arte digitalaren txapelketak. Horietako jarduera asko doakoak izanen dira, eta jende ororentzat irekiak. Bideo honetan azaltzen da hori guztia.
IKTen aldeko elkartea
Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkartea (ANDITEC) irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, 2018an sortua, eta Nafarroan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) zabaltzea eta bultzatzea du helburu, bai eta gizarteari teknologia hurbiltzea eta teknologien inguruko komunitatea sortzea ere.
Ekitaldiari buruzko informazio gehiago dago kontsultagai Navarra LAN Party topaketaren webgunean eta @navarralanparty Twitter eta Instagram kontuetan.