OLAIA MERINOREN ERAKUSKETA DONE FRANTZISKO LIBURUTEGIAN

 

Abuztuaren 31ra bitarte ‘Kontzientzia eta artea’ erakusketa, Olaia Merino diseinatzaile nafarraren hamalau ilustrazioz osatuta

Aurtengo sanferminetako kartelaren egilea da Olaia Merino eta erakusketan ingurunea zaintzeaz eta errespetatzeaz kontzientziatzea du xede

Adwin basoan bizi den 9 urteko neskatoa da, baso horretako txoko ezkutuak maite ditu eta egunen batean mundu guztia bere basoa bezain polita izanen dela amesten du. Horrela hasten da Olaia Merino iruindarrak ‘Kontzientzia eta artea’ lanean kontatzen duen istorioa, ikusgai dagoen hamalau ilustrazioko erakusketa.

Erakusketak ingurumenaz kontzientziatzea du xede, basoak suntsitu eta soiltzearen ondorioz neskato batek jasaten duen sufrimenduaren istorioaren bitartez. Marrazkiak egiteko erabilitako teknika eskuz egindako ilustrazioa da, boligrafoz eta esku hutsez egina. Kolorea, motibo batzuk eta beste xehetasun batzuk nabarmentzeko erabili dena, modu digitalean gehitu da, Photoshop edo Illustrator bezalako programen bidez.  Erakusketan bere amak ere parte hartu du, pinturaz egindako erliebe-teknikaren bidezko koadro batzuekin.

Olaia Merino diseinatzaile eta ilustratzaile nafarra da, Sarrigurengoa, eta aurten Sanferminetako kartel-lehiaketa irabazi du, bi urteko pandemiaren ondoren jaiak iragarri dituen “Beti Bezala” lanarekin. Bere lanak barne hartzen ditu branding-a eta identitatea, diseinua eta pasioa, publizitatea eta komunikazioa, soinua eta mugimendua. Arte Ederrak ikasi zituen Leioan, eta bere bidea diseinu grafikoa zela erabaki zuen. Iruñeko Arte Eskolan ikasten hasi zen, eta Urnietako Salestarretan amaitu zuen Argitalpen Inprimatuen eta Multimedia-argitalpenen Diseinua eta Edizioari buruzko Gradua egiten. Gainera, web-diseinuko master bat egin du Zaragozan.