MIKEL RIVERO MARCOS

Mikel Rivero, NUPeko doktore berria

Landareen nutrizioan amonioaren toxikotasuna arintzeko nitratoa erabiltzea aztergai NUPen defendatutako tesi batean

Mikel Rivero Marcosek egin du ikerketa, eta Pedro Aparicio Tejo, Idoia Ariz Arnedo eta José María García-Mina Freire izan dira zuzendariak

Landareen nutrizioan erabilitako amonioak eragiten ahal duen toxikotasuna arintzeko nitratoa erabiltzea da Mikel Rivero Marcos biologoak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesiaren gai nagusia.

Nitratoa nitrogenoz eta oxigenoz osatutako konposatu kimiko bat da, eta ongarri gisa erabiltzen da landareen hazkundea indartzeko. Tesiaren egileak azaldu duen bezala, arazoa da azken mendean nitratoa gehiegikeriaz erabili dela, eta, ondorioz, lurzoruak eta urak kutsatu dituela, eta hori arriskutsua da giza osasunerako. Nitratoaren alternatiba amonioa da, baina iturri nitrogenatu bakar gisa amonioa erabiltzeak ez die nitratoak adina laguntzen landareei hazten, eta, gainera, zenbait faktoreren ondorioz kaltegarria ere izan daiteke landareentzat.

Mikel Riveroren tesiak konponbidea ematen dio arazo horri. Bere ustez, “ulertu beharra dago amonioa zergatik izaten ahal den horren toxikoa landareentzat nitratorik ez dagoenean”. Galdera horri erantzuteko, ziazerba aztertu zuen, bereziki sentikorra baita amonioarekiko, eta ondorioztatu zuen nitratoa modu kontrolatuan erabiltzean, “amonioaren eragin negatiboak nabarmen arintzeaz gain, kontroleko landareen antzeko pisu freskoa duten landareak lortzen direla epe laburrean. Gainera, ia ez zuten nitratorik eta oxalatorik metatu hostoetan, eta hori balio erantsia da merkataritzaren ikuspegitik”, adierazi du tesiaren egileak.

Mikel Riverok bere ikerketan ondorioztatu du nitratoa, landareentzako mantenugai garrantzitsua ez ezik, funtsezkoa dela haien hazkunderako, “berariaz nitratoaren mende dauden gene, metabolito eta transkripzio faktoreen pletora bat erregulatzen baitu”. “Funtsezkoa da gako horietan jartzea arreta, landareek amonioarekiko duten sentikortasunaren modulatzaile gisa erabiltzeko nitratoa, baita beste estres batzuk modulatzeko ere, hala nola lurzoruen pixkanakako azidotzea eta gazitzea, eta ongarri nitrogenatuen erabilera eraginkorragoa izan dadin”, esan du.

Nitrogenoak izaki bizidunentzat duen garrantzia

Lurrean arnasten den airearen % 21 gutxi gorabehera oxigenoa da, eta % 79 nitrogenoa. Nitrogenoa bizitzarako ezinbestekoa den arren, organismoen DNAn eta proteina guztietan baitago, ezin da airetik zuzenean aprobetxatu; izan ere, bakterio eta onddo mikroskopiko gutxi batzuk soilik dira hori egiteko gauza. “Landare lekadunak kenduta, erlazio sinbiotikoak ezartzen baitituzte halako bakterioekin, gainerako landareek lurzoruan dagoen nitrogeno mineralizatua hartu behar dute, beste landare eta animalia batzuen deskonposiziotik eta gorotzetik datorrena. Hori dela eta ongarritzen ziren soroak baserrietako gorotzarekin”, azaldu du Mikel Riverok. “Halere, lurzoruari materia organikoa emateak, epe ertain eta luzera ona bada ere, ez dio landareari berehalakoan ematen behar duena. Hori oztopo handia da nekazariarentzat, tonaka ale eta elikagai denbora errekorrean produzitzea eskatzen baitute merkatuek”.

XIX. mendearen amaieran, Fritz Haber eta Carl Bosch kimikariek presio eta tenperatura oso handiak aplikatuta atmosferako nitrogenotik amoniakoa lortzeko industria-prozesua deskubritu zuten (Haber-Bosch prozesua du izena). Horri esker gara orain ia 8.000 milioi pertsona munduan. Izan ere, prozesu hori hain da garrantzitsua, ezen kalkulatzen baita munduan guztira kontsumitzen den energiaren % 8 baino gehiago erreakzio kimiko horretan erabiltzen dela. Are gehiago, gure gorputzeko nitrogeno atomoen % 75 prozesu horretatik igaro da”, zehaztu du tesiaren egileak. Hasieran adierazi den bezala, ongarri horiek gehiegikeriaz erabiltzea da arazoa, akuiferoetan eta ibaietan amaitzen baitute, eta, horren ondorioz, fitoplanktona eta makroalgak kontrolik gabe ugaltzen baitira. Azken horiek hiltzen direnean materia organiko ugari uzten dute, eta horrek organismo deskonposatzaileak erakartzen ditu. Organismo horiek oxigenoa kontsumitzen dute, eta beste izaki bizidun batzuk itotzen dituzte. “Gure herrialdeko adibiderik famatuena Mar Menorreko hondamendia izan zen, Murtzian”, adierazi du tesiaren egileak.

Mikel Riveroren CV laburra

Mikel Rivero Biologian lizentziaduna da eta Ingurumen Agrobiologiako Unibertsitatearteko Masterra du Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Lizentzia ikasten ari zen bitartean, praktikak egin zituen Agrolab Analítica enpresan nutrizio-kontrol eta -diagnostikorako tresnak garatzen mahastietako klorosi ferrikoa goiz detektatzeko. Bere tesia NUPen garatu zuen doktoretza aurreko kontratu batekin, eta nazioarteko mugikortasunerako bi beka ere izan zituen bertan. Nafarroako Gobernuaren beka bat ere jaso zuen Costa Ricako Institutu Teknologikoan pasantia bat egiteko.

Landareak amonioaren eta nitratoaren nutrizioari ematen dion erantzunaren mekanismo molekular gakoetako asko ulertzeko, hori baita bere tesiaren xedea, Mikel Riverok urtebeteko doktoretza aurreko egonaldia egin zuen Leibnizko Landareen Genetikaren eta Ikerketaren Institutuan (Gatersleben-go IPK, Alemania), Nicolaus von Wirén irakasleak gainbegiratuta. Nazioartean prestigio handia duen talde kolaboratzaile bat da, aitzindaria nitrogenoaren eta, bereziki, amonioaren garraioaren ikerketan. Hartara, tesiaren egileak aukera izan zuen sekuentziazio eta transkriptomika molekularraren teknika aurreratuak ikasteko Arabidopsis thaliana landare ereduan.

Mikel Riverok Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren hiru ikerketa-proiektutan eta Costa Ricako Teknologia Institutuaren laugarren batean hartu du parte. Nazioarteko lau argitalpenen egilea da, eta 21 segundos contemplando el universo liburua idatzi du, Círculo Rojo argitaletxearena.