2022KO IKERKETA-TALDEEN KATALOGOA

Ikertzaile bat, Petri plaka batzuei begira, laborategian

NUPek 107 ikerketa-talde ditu, eta 1.270 ikertzaile ari dira lanean talde horietan

Lau arlo hauetan sailkatuta daude ikerketa-taldeak: Ingeniaritza eta Teknologia, Oinarrizko Zientziak eta Osasun Zientziak, Zientzia Ekonomikoak eta Juridikoak eta Giza eta Gizarte Zientziak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gobernu Kontseiluak 2022ko ikerketa-taldeen katalogoa onetsi du. Gaur egun, 107 ikerketa-talde eta 1.270 ikertzaile ditu NUPek, eta katalogoan jasotzen da, hain zuzen, zein ikertzaile ari diren ikerketa-taldeetan, oinarrizko zein ikerketa-ildo dituzten eta nola jarri haiekin harremanetan. Oinarrizko unitate horietan antolatuta dago Unibertsitateko ikerketa, eta lau arlo handi hauetan banatuta: Ingeniaritza eta Teknologia (27 talde), Oinarrizko Zientziak eta Osasun Zientziak (35 talde), Zientzia Ekonomikoak eta Juridikoak (22 talde) eta Giza eta Gizarte Zientziak (23 talde).

Ikerketa-taldeetan, lan-ildo bertsuak dituzten ikertzaileak elkartzen dira, talde-arduradun bat izaten dute, eta ikerketari laguntzeko deialdi publikoetara eta pribatuetara aurkezten dituzte proiektuak. Talde horien kalitatea, ibilbidea, bikaintasuna eta profila erabakigarriak dira finantzabidea lortzeko.

Ikerketa-taldeen kopuruak gora egin du denboran zehar: 1999an 74 talde zeuden, 2002an 88, 2005ean 98, 2010ean 105 eta 2012an 111 (ikerketa-talde gehien izan dituen urtea). Era berean, ikertzaileak ere ugaritu egin dira azken hamarkadan: 2006an 827 ziren; gaur egun, berriz, 1.270. 2016an, tesia egiten ari ziren doktoretzako ikasleak sartu zituen ofizioz Ikerketa Batzordeak.

Hona hemen 2022an sortutako lau talde berriak: Jariakinen Mekanika; Animalia Ekoizpena, Nutrizioa eta Elikagaien Zientzia; Portaeraren Ekonomia eta Garapena, eta Aljebra. Aplikazioak.

Urteko katalogoa

Ikerketa Batzordeak urtero eguneratzen du ikerketa-taldeen katalogoa oinarrien bidez. Katalogoa onetsi ondoren, jendaurrean jartzen da, Unibertsitatearen ikertzeko ahalmena ezagutzera emateko.

Ikerketa-taldeen produktibitatea, barnekoa zein kanpokoa, ebaluatu eta baloratu egiten da etengabe, eta horren emaitzen mende egoten da barne-finantzaketa.