Bederatzi ikastetxe publikok irakatsiko dute datorren ikasturtean ‘Bertsolaritza irakaskuntzan’ udal-programa, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduta
Tokiko Gobernu Batzarrak hezkuntza-programa horren lehen luzapena onetsi du, eta 45.000 euroko aurrekontua izanen du
Beste ikasturte batez, Iruñeko Udalak hiriko ikastetxeei ‘Bertsolaritza irakaskuntzan’ udal-programa eskaintzen die, Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailako ikasleei diziplina tradizional horren oinarrizko printzipioak ezagutarazte aldera. Tokiko Gobernu Batzarrak programa hori garatzeko kontratuaren lehenengo luzapena onetsi du. Nafarroako Bertsozale Elkarteak kudeatzen du programa, eta 45.000 euroko zuzkidura du.
2022-2023ko ikasturtean ‘Bertsolaritza irakaskuntzan’ programa D ereduko bederatzi ikastetxetara helduko da: Hegoalde Ikastola, San Frantzisko, Bernat Etxepare, Patxi Larrainzar, Elorri, Mendigoiti, Amaiur Ikastola, Sanduzelai eta Buztintxuri. Ikastetxe horietan 540 ikastordu emanen zaizkie 36 talderi. Talde bakoitzak astean behin jasoko du programa irakastorduetan, 15 prestakuntza ordu egin arte. Programaren helburuak, besteak beste, honako hauek dira: Nafarroako ahozko eta kultur ondarea den bertsolaritzaren transmisioa egitea, ahozkotasuna lantzea eta testuinguru ez-formaletan hizkuntza modu ludikoan erabiltzea eta ikasleen gizarte-trebetasunak, pertsonalak, komunikaziokoak eta hizkuntza-trebetasunak garatzea.
Programarekin bertsolaritzaren oinarrizko printzipioak ezagutarazten dira (historia, doinuak, metrikak, errimak…) ariketa eta jolasen bidez, eta bertsoak idazten zein bat-batean kantatzen dira. Testuingurua ludikoa izaten da beti, eta hizkuntzaren erabileran sakontzen da, hizkuntza- eta komunikazio-gaitasunak ardatz harturik. Hori horrela, proposatutako ariketen bidez gaitasun ugari lantzen dira, hala nola ahozkotasuna, talde-lanean aritzeko gaitasuna, norberarekiko konfiantza, sen kritikoa, ekimena, interesa, sormena eta lanak jendaurrean azaltzeko gaitasuna.
Programak horretarako berariaz sortutako material didaktikoa dauka, bertsolaritza transmititzeko oinarri eta gida gisa balio duena. Materiala sekuentziatan antolatuta dago, eta horietako bakoitza hiru formatutan eskuragarri dago, librea, karta-jokoa eta plataforma digitala (www.bertsoikasgela.eus) hain zuzen.