KONTUEN GANBERAREN ETXEA (3)

• “Vianako Printzea” Erakundearen egoitza

1941etik 1994ko abendura arte eraikin honetan, “Vianako Printzea” erakundeak izan zuen egoitza. Erakunde horrek Foru Komunitateko ondare historiko-artistikoa zaintzeaz arduratzea zuen helburu. Egoitzara etorri eta berehala, erakunde horrek fatxadaren luzitua kenarazi eta harria agerian utzi zuen, eta horrela estetika aldetik franko hobetu eta erdi-aroko itxura jatorrizkoa parte handi batez bereganatu zuen berriro.

1965ean, alboko eraikin erdi eroria eraistearekin batera, Ganberaren aldamenean plazatxo bat utzi zen. Udalak, 1965eko martxoaren 8ko erabakiz, Erret Kontuen Plaza izena eman zion. Hirigintzako hobekuntza hori zela eta, harlanduzko harresi bat ezarri behar izan zitzaion eraikinaren antzinako etxarteari, plazara ematen zuen alboko fatxadak itxura egokia izan zezan.

Hirurogeiko hamarkadan zenbait eraberritze eta hobekuntza egin ziren jarraian. Garaitsu horretan aldameneko lokala erosi zen, “Vianako Printzea” erakundearen argitalpenak saltzeko erabili zena. Geroago, 1977an eta 1978an, eraberritu eta txukuntzeko obrak egin ziren, eraikinaren tankera mantendu eta nabarmenduz, bai saletan eta bai kanpoko itxuran.

1995eko lehen egunetan, Kultura Zuzendariza Nagusia edo Vianako Printzea Erakundea Santo Domingoko antzinako Komentu zaharberritura aldatu zen, desamortizaziotik 1976ra arte Ospitale Militarra izan baitzen. Horrekin, prestakuntza-obra ezinbestekoak egin ondoren, Kontuen Ganberak bere eraikin historia berreskuratu zuen.

Euskararen Akademia

1950ean, Jose Angel Zubiaur Kultura diputatuaren eskariari baiezkoa emanez, Nafarroako Diputazioak Euskararen Akademia sortu zuen. Akademiaren helburua zen helduei euskaraz ikasteko aukera ematea, deus ordaindu beharrik gabe, Diputazioak gastu guztiak bere gain hartu baitzituen. Gerra ondorengo lehen euskaltegi hura Kontuen Ganberan hasi zen, Francisco Tirapu erantsundarraren zuzendaritzapean. Handik urtebetera, ordea, ikasleria handitu eta beste toki batera eraman zuten: katedral ondoko Merkataritza Eskolara, hain zuzen.

Nafarroako Unibertsitatearen lehen egoitza

1952an Nafarroako Ikastegi Orokorrak bere ibilbideari ekin zion, handik zortzi urtetara Elizaren Unibertsitate bilakatu zena. Lehen Fakultatea Zuzenbidekoa izan zen, artean Eskola zena, eta Kontuen Ganberan kokatu zen. 1958an, Kazetaritza Institutuaren gelak ere han ezarri ziren. Medikuntza Fakultatea ere urte haietan sortu zen Barañaingo Ospitaleko pabiloietako batean, eta Filosofia eta Letrenak, berriz, bere irakaskuntza Nafarroako Museoko gela batzuetan ematen zuen.

Sadarreko Kanpuseko eraikin nagusia 1962an martxan jarri zenean, Kontuen Ganberaren egoitzako irakaskuntza-lanak bukatu ziren, eta ikasleen joan-etorrietatik arindurik, “Vianako Printzea” erakundeak bertan jarraitu zuen.

Haien profesioari leial, Kazetaritzako ikasle eta irakasleek Kontuen Ganberan bizi izandakoaz testigantza ugari jaso ditugu. Horren adibidea dugu, esaterako, lehen promozioko ikasle batek Redacción boletinaren lehen alean idatzitakoa: “Kontuen Ganbera etxetzar bat da, duela mende asko egina. Kozkor eta sendoa, harriek eutsi egiten diote eta urteen joan-etorriak ez du haren soiltasuna batere gutxitu. Inguruan zituen beste eraikin askoren desagerpenetik libratu da. Garai guztietako arte eta tradizioaren maitaleek utzitako hondarren txoko txikia da. Garai batean Nafarroako erreinuaren Diru Etxea, berriki Estudio Generalen hasierako ekimenen aterpe izan zen. Banaketa axolagabea badu ere, funtzionala da eta eskatzen zaion zerbitzua ematen du”.

Eraikinaren deskripzioa

Kanpoko itxurarengatik eta egikeraren zenbait detailetan nabari denez, Kontuen Ganbera gisa egokitu baino franko lehenagokoa behar du. Seguro asko XIII. mendekoa izan daiteke. Harrizko eraikuntza sendo bat da, bi platabanda sendoz osatutako arku puntaduna duena, hastapeneko edo trantsizio gotikoaren bereizgarri dena. Baditu leiho puntadun zenbait, sekzio zilindrikoko mainelez eta apaingarri soileko kapitelez hornituak. Ataburuan gorago iristen den atal bat dago, dorre antzo. Espainiako erret armez hornitutako armarria XVIII. mendean ezarri zen. Barneko patiora ematen duen trantsitoa kanoi puntaduneko ganga sendo batez estalia da.

Patioan, lorategiduna baita, antzinako putzu bat dago oraindik ere, eta baita ate bat eta Zangozako San Nikolas ermita desagertutik ekarritako zenbait hondakin arkeologiko ere, San Inazio Loiolakoa 1521ean zauritu zuten lekuan Cardona erregeordeak 1607an jartzeko agindu zuen latinezko inskripzioa, hilobi gotiko bat etzandako gizamolde batekin eta beste zenbait pieza historiko-artistikorekin.

Eraikin historikoari erantsia, dagoen lokalak Kontuen Ganberako administrazio-bulegoa hartzen du. Nafarroako Gobernuko Liburutegien Zerbitzu eta Administrazio-Artxiborako erabili zen uste askoan. Biak beste toki batera eraman ondoren, 2004an Gobernuak Kontuen Ganberaren eman zion. Horri esker, eraikin historikoaren eremua hobeki antolatu ahal izan zen.

Ateak zabalik dituen etxea

Kontuen Ganbera eraikin historikora itzuli zenetik, etxeko ateak biztanleriari zabaltzeko ahaleginak egin ditu. Batetik, etxea erakusteko eta, bestetik, erakundeak egiten duen lanaren berri emateko. Ikuspegi historiko eta artistikotik eraikin interesgarria izatea, dudarik gabe, lagungarria da xede hori lortzeko.

Kontuen Ganberak bisitaldi gidatuen programa bat du, era guztietako taldeei zuzendua: ikasleak, kultur taldeetako jendea, jubilatuak… Horri esker, 1.000 lagun baino gehiago hartzen ditugu urtero. Horrez gain, aunitz dira egoitzara beren kabuz sartzen diren bisitariak.

Azkenik, sarrera libre duten kultur ekimen batzuk ere antolatu ohi ditugu: erakusketak eta nafar musika talde batzuen emanaldiak, besteak beste.