“JARAUTAKO MARITXU KAJOIA”

Gipuzkoako Arrasate hirian “Maritxu Kajoia” ohitura berezia dute, tabernarien patroia edo, hots, prozesio desitxurosoaren aitzakiaz betiko kristorena harrapatzea, parranda handia egitea. Bada, eta adinekoek oroitzen dutenez, Iruñeko Jarauta karrikan honelako zerbait asmatu zuten errepublika garaian: uztailaren 6an, sanferminak tumatxa, suziria ondoren “Casa Barón” tabernatik (egun “Bar Gallego” dena), ostatu hartako sanfermin iruditxoa atera eta, bere kapotearen babesean, done Lorentzo karrikako “Casa Paco” txokoraino dzanga-dzanga aritu.

Norbaiten burutazio erotxo hau laster errotu eta “La Pamplonesa” animatu zen laguntzerat. Ez da harritzekoa. Mende batzuk lehenagoko paper zaharrek erakusten dute euskaldun hutsa zen Iruñean prozesio ofizialean ere arnoa edatea debekatu zutela, urte batean saindua eta guzi lurrean bazterturik, abandonaturik gelditu baitzen, bide erdian, apezen desesperaziorakotz sanferminaren irudia zeramaten agintariak jadanik mozkorturik zeudelakotz (zahatoa erruduna, omen). Eta errepublika garaian Iruñeko nahiz Tafallako erraldoiei ere koroak kendu bazizkieten, zergatik ez horrelako “Maritxu Kajoi” aitzindaria irudikatzea?

Nahiz eta “Casa Barón” itxi (1947), jende xumeak jadanik ohitura zenari eutsi zion. Txistulariak ere argazkietan ageri dira. Erran beharrik ez dagoenez, frankismoak legez kanpo utzi zuen algara hau, 1952an hain zuzen.