APEZETXEA ANAIAK ETA NESKA EDERREN UHARTEA

Jadanik sei urte erretretan sartu nintzela eta egia erran behar badizuet, biziki pozik nago, egunero lantokira korrika eta presaka joan gabe. Hori bai, gauza bat eskas dut: gaztetasuna, eta tarteka horrek larritzen nau, zoritxarrez gaur egun nekez egiten baititut lehen horren erraz egiten nituen gauzak. Baina, zer eginen dugu? Denak badu bere prezioa eta adinean gora egin izanak halako nekeak eta akidurak ekartzen ditu. Bizimodu berriari egokitzen jakin behar, besterik ez da.

Ni ez nauzue bide-lanak nola egiten dituzten ikustera joaten diren horietakoa, baina astean hiruzpalau aldiz, goizeko hamaikak aldera, Urruñako gure etxetik Pausu auzoan den Xaia ostatura joaten naiz kafetxo bat edatera, eta ber denboran, Beñat eta Nelly ostalertsekin hitz aspertua egitera. Edozein gai izaten da aproposa hizketa goxo batez jorratzeko eta baita, zenbaitetan, eztabaidatzeko ere. Gainera, hor, mostradore aldean, izaten dira ohiko beste bezeroak, gehienak ni bezalako erretretadunak, beti mintzatzeko prest izaten direnak.

Beranduago, eguerdi aldean, eta baita arratseko tenorean ere, bestelako jendea hurbiltzen da ostatura, euskaldunak eta erdaldunak, langileak, ikasleak, emazte koadrilak, guraso gazteak haur ttikiekin…, eta abar. Hori bai izaten dela aukera paregabea, betiko hizketa eta mintzagaiez gain, bestelako istorio eta pasadizoen berri ukaiteko. Horietako bat da jarraian kontatuko dizuedana.

1.- Xaia ostatuan kafetxo bat edaten.-

Apirilaren 15a zen, ostirala, eta ni, maiz egiten dudan bezala, Pausuko Xaia ostatura abiatu nintzen kafetxo bat hartzeko xedez. Hamabost minutu eskas ziren eguerdirako, egun ederra zen eta eguzkiak poliki berotzen zuen. Autoa inguruetan utzi nuen eta ostatuko atera zuzendu nituen urratsak. Kanpo aldeko mahaietan, terrazetan, hamabost bat lagun ari ziren edaten eta blaga alaian. Ni ere, barrura sartu eta kafea eskatu ondoren, nire edari goxoa eskuan nuela, kanpoko terrazetara atera nintzen eguzkiaren epelean zurrutatzera.

Izkinako mahaian baziren hainbat leku libre eta horietako batean eseri nintzen. Lehen zurrutada egin nion kafeari, goxoa zinez! Horrela eman nituen hamar bat minutu. Halako batean ostatutik ezagutzen ez nituen bi gazte atera ziren eta mahaietan tokia bilatzeari ekin zioten. Eskuan kafe bana zeramaten. Horietako batek, nire inguruan esertzeko ziren leku libreez ohartuta, besteari honela erran zion ozenki:

– Niko, begira ezak, gizon horren ondoan badugu tokia! —nire aldera eskuaz seinalatuz.

Niregana hurbildu ziren eta mintzo berria zenak honela erran zidan euskaraz, oso doinu bereziaz:

– Jauna, eseri al gaitezke zure ondoan?

– Bai horixe, nola ez! —erantzun nien, tokia eginez— Jarri, jarri lasai, mutilak!

Esker mile! batez eskertu zidaten eta nire ondoan, ezker-eskuin, eseri ziren. Gazteak ziren, 25-27 urtekoak, gutxi-gorabehera, luzexkak, beltzaranak…, eta elkarren antz handia zutenez, anaiak zirela pentsatu nuen.

– Esker mile, jauna! —errepikatu zidaten amultsuki, berriz ere. Oso euskara bereziaz mintzatzen ziren, musikaren aldetik gehienbat. Eta nire jakin-mina asetu nahian, nongoak ziren galdetu nien.

– Euskaldunak! —erantzun zidaten biek batera.

– Bai, bistan da! —nik—, baina nongoak?

– Gu mexikotarrak gara, Mexikoko euskaldunak! —eta nire harriduraz konturatuta, kontu-kontari jarraitu zuten— San Luis Potosi hirikoak gara, baina gure gurasoak Euskal Herrian sortuak dira, aita Baigorrikoa eta ama Iruñekoa, biak nafarrak. Aitaren aldetik Apezetxea abizena dugu eta Ibilkoain amaren aldetik. —eta beren burua aurkezten segitu zuten— Ni Iñaki naiz. —erran zuen zaharrena zirudienak— eta hau Niko anaia da.

– Eta euskaraz egiten duzue zuen artean?

– Bai, beti-beti-beti euskaraz egiten dugu. Gure gurasoak oso abertzaleak dira eta Euskal Herria maitatzen eta errespetatzen erakutsi digute ttipi-ttipitatik. Etxean beti euskaraz gurasoekin eta anai-arreben artean. Zazpi senide gara etxean, aita-amak eta bost anai-arreba. Gu bi zaharrenak gaituzu eta Euskal Herria ezagutzera etorriak gara. Jadanik hiru aste daramatzagu Euskal herrian, karro bat alokatu dugu…

– Karro bat? —nik, harrituta— asto orga bat? Zertarako?

– Ez gizona, karroa da zuek hemen auto edo kotxea erraiten duzuena. Mexikon horrela erraiten diogu, bederen.

– Aaaaa! Eta zer egiten duzue hemen, ostatu honetan?

– Hegazkinez etorri ginen Bilbora eta jadanik Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan barna ibiliak gara. Orain Nafarroa eta Iparraldeko hiru herrialdeak ezagutu nahi genituzke, baina lehenago, igandean, Aberri Egunera, Iruñera joateko asmoa dugu. Amatxi zaharra han dugu, Estafeta kalean, eta bisita bat egin nahi diogu. Anartean, Irungo hostal batean hartu dugu aterpe, eta osaba batek ostatu honetara etortzeko gomendioa egin zigunez gero, hona etorri gara gaurko goiz ederra baliatuta.

– Biziki interesgarria! —nik— Orduan, Iruñera joateko asmoa duzue?

– Bai, Mexikotik abiatzeko orduan amak eman zigun ikurrina daukagu eta harekin batera joanen gara euskaldunen hiri buruzagira. Agian, independentziaren aldarrikapena entzuteko zortea izanen dugu! Nork daki!

– Ez, oraino ez! Ez dut uste. Hori ere etorriko da, ziur! Baina tamalez ez dut uste aurten lortuko dugunik.

– Hau pena! —erran zuen Nikok— albiste ona litzateke itzuleran Mexikoko familiari emateko.

– Ikusten dut euskaldun on eta zintzoak zaretela, Euskal Herria ongi maitatzen duten horietakoak. Eta Mexikok zer leku hartzen du zuen bihotzetan?

– Gu euskaldunak gara! —Iñaki izenekoak— eta aberri zaharra maite dugu. Gora Euskadi askatua!!! —bota zuen supituki, bere hitzei indarra eman nahian-edo— baina Mexiko ere gure herria da. Bihotza bien artean banaturik dugula erraiten ahal da. Viva Mexiko lindo y querido!!! —bota zuen gero, inguruko mahaietan zirenen begiradak bereganatuz.

Orduz geroztik, mahaietan zeuden guztiak isildu ziren eta bi gazteek kontatzen zutena arreta handiz entzuteari ekin zioten. Laupabost ezagun, gure inguruan eseri ziren, hobeto entzun nahian. Iñaki izeneko mutilak kontu kontari jarraitu zuen.

– Han, Mexikon, egunero Euskal Herriko kontuak eta istorio zaharrak ditugu mintzagai, aitak eta amak guk horiek ongi ezagutzea eta maitatzea nahi baitute: sorginak, Basajaun, Aitor, Zumalakarregi, Nafarroako erregeak, Mari, Sugaar, Iparragirre, gudariak…, horiek izaten dira afalosteko ohiko gaiak gure etxeko mahaian, eta askotan, kontatzen dizkiguten bitartean, gure zaharrei, masailetatik beheiti, zenbait malko irristatzen zaizkie. Bihotzez kontatzen dizkigute eta seme-alabok bihotzez entzuten dizkiegu.

– Bihotz oneko gazteak zarete! —bota zuen jadanik ondo-ondoan eserita zen Xan adiskide hendaiarrak.

– Eta hango istorioak ere jakinen dituzue? Jakina! —bota zien hiru biloba ttikiekin zegoen Pantxika amatxi zaharrak.

– Bai, baita ere! Han badira istorio politak, zuek hemen ezagutzen ez dituzuenak! —Niko gazteak.

– Kontaiguzue horietako bat, otoi! —mahai inguruan ginenok.

Eta bi aldiz pentsatu gabe, Iñaki izeneko gaztea kontu-kontari hasi zitzaigun.

2.- Neska ederren uhartea.-

“Garai zaharretan, Behe Kaliforniaren kostaldetik ez sobera urrun, bazegoen uharte eder bat, era guztietako landare eta zuhaitzez betea zena. Itxura biribildua zuen, eta barnealdean bi mendi gailur handi zituen; horietako bat sumendi itzalia zen. Bi mendi horiez gain, baziren aintzira, hondartza eta arrada ederrak. Hondartzetako harea fin-fina eta urre kolorekoa zen eta uhartea inguratzen zuen itsasoaren kolorea urdin argia zen. Hondar artean, nonahi, perla eta txirla oskol ederrak ikus zitezkeen. Uharte horretan neska ederren herria bizi zen, gizonik ez, eta erregina batek jakituria handiz gobernatzen zituen.

Itsasoaz bestaldeko kostaldean bizi ziren herriek, kotximiek, guaikurek eta perikuek, uharte hura ongi ezagutzen zuten eta “Neska ederren uhartea” deitzen zioten. Aipatu herriek, urtero, udaberriaren hasieran, tribuetako mutik gerlari adoretsuak saritu nahian, zortzi kanoa mutil gaztez mukuru igortzen zituzten uhartera. Han, itsasertzean, izaten ziren beraien zain, uharteko neska gazte ederrak, erdi biluzik, perla eta lili ederrez apaindurik, eta abesti goxo-goxoak kantatzen.

Mutilei harrera ona egin ondoren, denak elkarrekin, Xokohiztli erreginaren urrezko jauregira abiatzen ziren. Neskek gerlari gazteak biluzten zituzten goxotasun osoz, eta erreginak banan-banan begiztatu ondoren, indartsuena eta ederrena hautatzen zuen beretzat. Segidan, gauza bera egiten zuten gainerako neskek. Gau epelean, uharteko bazterrak maitalez betetzen ziren, eta hainbat hilabetetan horrela egiten zuten gauero. Bazirudien atsedenik ez zegoela maitale haientzat, baina hilabeteak pasatu ahala, nesken sabela handitzen hasten zen eta gerora, haur sortu berrien negarrek uharte osoa alaitzen zuten.

Uharteko neskek neskatila jaio berriak hartzen zituzten beraientzat, eta muttikoak gerlarien eskuetan uzten zituzten. Hauek arradetako hondarretan gorderik zituzten kanoatan sartu eta haien herrietara itzultzen ziren muttikoak eramanez.

Horrela egiten zuten urtero, udaberria iristean, baina 1535. urtean, Xokohiztli erreginak gizon zuri, bizardun eta bihozgabeak itsasoz bestaldeko herrietara iritsiak zirela jakin zuen. Iritsi orduko gizon haiek hiru gurutze handi ezarri zituzten kostaldeko tontortxo batean. Arrisku berriaz oharturik erreginak agindu bat eman zuen:

– Gaurtik aitzina ez dugu inor gure uhartean hartuko! Eta ez gara uhartetik aterako gizon zital horiek urrundu arte!

Tamalez, gizon bizardun zital haiek inguruetako herriak sarraskitu eta desagerrarazi zituzten, bertako lurren jabe bilakatuz. Xokohiztli erregina eta gainerako neskak isilik eta gorderik egon ziren orduz geroztik; eta gaur egun, inork ez daki zehatz-mehatz non dagoen “Neska ederren uhartea”. Hor egonen dira, isilik eta gorderik, gizon bihozgabe horiek hango bazterretatik alde egin arte!”

Denok, xarmanturik ginen neska eder haien istorioa entzuten, eta Iñakik bukatu zuenean, isil-isilik jarraitu genuen. Orduan, Niko anaiak, momentuaren lilura baliaturik, euskaldunen ipuinetan horren ohikoa den amaiera gehitu zuen:

Eta hala bazan, hala ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Mexikoko plazan!!!

3.- Agurraren tenorea.-

Istorioa kontatzen bukatu zutelarik, han ginen guztiok txaloaldi bero batez eskertu genien. Jadanik bazkaltzeko tenorea zen, eta bigarren kontakizun bat eskatzeko berandu samar zenez, bihotzez eskertu eta norbera bere etxera joateko altxatzen hasi ginen. Etxera abiatzeko ordua zen. Orduan bat-batean, bi gazteek altxatuta, eta gutaz agurtu nahirik, honako abesti ederra kantatu ziguten:

México lindo y querido

Voz de la guitarra mía al despertar la mañana
quiere cantar su alegría a mi tierra mexicana.

Yo le canto a tus volcanes, a tus praderas y flores,
que son como talismanes del amor de mis amores.

México lindo y querido, si muero lejos de ti,
que digan que estoy dormido
y que me traigan aquí,
que digan que estoy dormido
y que me traigan aquí,
México lindo y querido
si muero lejos de ti.

Que me entierren en la sierra,
al pie de los magueyales,
y que me cubra ésta tierra
que es cuna de hombres cabales.

Voz de la guitarra mía, al despertar la mañana,
quiere cantar su alegría a mi tierra mexicana.

México lindo y querido, si muero lejos de ti,
que digan que estoy dormido
y que me traigan aquí,
que digan que estoy dormido
y que me traigan aquí,
México lindo y querido
si muero lejos, de ti.

Mexiko eder eta laztana

Goiza esnatzen delarik, nire gitarraren ahotsak

bere poza kantatu nahi dio Mexiko gureari.

Zure sumendiak, zure zelaiak, zure liliak kantatzen ditut,

ene amodioaren lekukoak baitira.

Mexiko eder eta laztana, zugandik urrun hiltzen banaiz,

erran ezazue lotan nagoela

eta ekar nazazue gure lurrera,

erran ezazue lotan nagoela

eta ekar nazazue gure lurrera!

Mexiko eder eta laztana,

zugandik urrun hiltzen banaiz,

mendi gailurretan ehortz nazatela,

gure zuhaitz handien gerizpean,

eta estal nazatela

gizon gisakoen lurra den honekin.

Goiza esnatzen delarik, nire gitarraren ahotsak

bere poza kantatu nahi dio Mexiko gureari.

Mexiko eder eta laztana, zugandik urrun hiltzen banaiz,

erran ezazue lotan nagoela

eta ekar nazazue gure lurrera,

erran ezazue lotan nagoela

eta ekar nazazue gure lurrera!

Mexiko eder eta laztana,

zugandik urrun hiltzen banaiz.

Kantua bihotzera iritsi zitzaigun han ginen guztioi, eta Biba Mexiko!-ka hasi ginen. Eta beraiek, irrintzi luze eta sarkor batez erantzun. Gero, Niko gazteak “Gora Euskadi Askatua!!!” oihu egin zuen, eztarriz eta bihotzez ongi emana. “Gora!!!” erantzun genuen beste guztiok.

Marrazkiak: Lander Zurutuza