“Eguberrietako egun batean, Manex bihurritxoa, baserrian barna zebilen goizerdi aldean. Oporretan zegoen eta bere zorionerako, momentu hartan ere, gogotik gustatzen zitzaion gauza bat gertatzen ari zen: elurra mara-mara ari zuen, berari atsegin zitzaion bezala.
Dagoeneko baziren zenbait egun, elurra egin eta egin ari zuela. Ordurako baserriko inguruek elur geruza polita zuten. Gauetan izotz handiak egiten zituen eta kanpoko animaliak larritzen eta estutzen hasiak ziren, janaririk ez zutelako aurkitzen.
Hori zela eta, Manex berehalaxe ohartu zen, etxeko hormen ondora hegazti asko hurbiltzen zirela babes eta jaki bila, esate baterako, zozoak, karnabak, kaskabeltzak, txantxangorriak, txepetxak, hormatxoriak, eta abar. Eta, jakina, Manex mutiko mugitu eta bizia izanik, berehalaxe bururatu zitzaion okerkeria bat egitea”.