ASIER BAKEDANO

Asier Bakedano NUPen

Harikortasun handiko osagaiak fabrikatzeko aluminiozko aleazio bat garatu dute doktoretza-tesi batean

Asier Bakedano ingeniari industrialak egin du ikerketa, eta Carlos Berlanga eta Andrea Niklas izan ditu zuzendari

Presio altuan injektatutako galdaketa-prozesuaren bidez harikortasun handiko osagaiak fabrikatzera bideratutako aluminiozko aleazio sekundario baten garapena da Asier Bakedano Abaunza ingeniari industrialak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesiaren gaia. Carlos Berlanga Labari NUPeko irakasle eta INAMAT2 ikerketa-institutuko kidea eta Andrea Niklas izan dira tesiaren zuzendariak.

Tesiaren egileak azaldu duenez, Europar Batasunak CO2-ren isuriei ezarritako murrizketek eragin dute aluminiozko osagaiak garatzea automobilgintzaren sektorean. Horrela, adierazi duenez, trantsizio bat gertatu da: burdinatik, altzairutik eta halako materialetatik aluminiozko aleazioetara pasatu gara, nabarmen murrizten baitute ibilgailua bultzatzeko behar den energia. “Hala ere, propietate mekaniko handiko osagaiak ekoizteko erabiltzen diren aluminiozko aleazioak lehen fusioaren fruitu dira, eta kostu handia dute, bai energetikoa, bai ingurumen arlokoa, bigarren mailako edo bigarren fusiokoen aldean”, adierazi du Asier Bakedanok. Hain zuzen ere, bigarren talde hori da doktoretza-tesian garatutako proposamenaren muina.

Bigarren mailako aleazioaren diseinua, garapena eta balidazioa

Ikerketa hiru bloke nagusitan egin da. Lehenik eta behin, AlSi10MnMg aleazio primarioa ordezteko aleazio sekundario alternatibo berritzaile bat diseinatu da, ezpurutasun maila onargarria duena. Aleazio-elementu nagusiak doitu dira, mikroegitura optimoa lortzeko, β konposatu intermetaliko kaltegarrien presentzia murriztuz eta horien ordez α fase intermetalikoak ezarriz, materialaren harikortasunean ez baitute halako eragin kaltegarririk.

Bigarrenik, frogatu da aleazio sekundario likidoari tratamendu egokia eginez posible dela AlSi10MnMg (Fe) aluminio birziklatuko aleazio bat lortzea, metal-kalitate optimoa duena, hots, AlSi10MnMg aleazio primarioarenaren antzekoa makro eta mikro inklusioei, dentsitateari eta analisi termikoari dagokienez.

Azkenik, garapen esperimentalak egin dira galdaketa injektatuaren prozesuan, AlSi10MnMg (Fe) aleazio sekundarioen propietate mekanikoak ezaugarritzeko asmoz. Era berean, tratamendu termikoek propietate mekanikoetan duten eragina aztertu da, eta AlSi10MnMg aleazio primarioaren eta ikerketa honetan garatutako aleazio sekundario berritzailearen arteko konparazioa egin da, emaitzak erkatuz bai maila metalografikoan bai propietate mekanikoetan.

Tesiak ondorioztatzen du lehenbiziko fusioaren mikroegitura, kalitate metalurgikoa eta propietate mekanikoak eta garatutako AlSi10MnMg bigarren fusioarenak oso antzekoak direla eta balidatua gelditzen dela garatutako ikerketa-lana”, adierazi du ikertzaileak.

Asier Bakedano Abaunzaren CV laburra

Asier Bakedano Abaunzak NUPen ikasi zuen Industria Ingeniaritza. Unibertsitateko karrerako azken ikasturtea eta karrerako amaierako proiektua egiten ari zen bitartean –Javier Fernández Carrasquilla irakasleak zuzendutako proiektua–, CIE Inyectametal enpresan aritu zen lanean, ingeniaritzako euskarria ematen. Prozesuetako ingeniari gisa departamentu teknikoan hiru urtez aritu ondoren, erantzukizun berriak hartu zituen enpresaren zuzendaritza-taldean, negozio-unitatearen kudeatzaile gisa.

Ondotik, lau urtez, hainbat eginkizun bete zituen nazioarteko proiektuak zituzten bi industria-taldetan, eta 2011n Azterlan Zentro Teknologikora joan zen. Han hasi zuen ikertzaile ibilbidea, material arinen arloko I+G-ko eta industriako proiektuak garatuz, eta hainbat lan-ildo gidatu zituen, bai Espainian, bai nazioartean. 2016an, material arinen arloko arduradun kargua hartu zuen, eta, harrezkeroztik, ikertzaile taldearen koordinatzailea da.

Azterlan-en izan duen 11 urteko esperientzian, aluminio-galdategietarako 35 proiektutik gora garatu ditu (industrialak zein I+G proiektuak), nazioarteko kongresu askotan hartu du parte (15etik gora), eta artikulu zientifiko franko argitaratu ditu (16tik gora). Urte honen hasieran, bestalde, huts handiko ohiko injekzio prozesura bideratutako aireztapen behartuko sistema berritzaile bati buruzko patente bat aurkeztu du.