SIMONE VEIL PASTORALA

Aurtengo pastorala, Muskildiko herritarrek jokatu dute arrakasta handiz. Osora hiru saio egin dituzte: uztailaren 24an, igandearekin, uztailaren 31n, igandearekin eta agorrilaren 6an, larunbatarekin. Eta hiruetan harmailak jendez lepo egon dira. Ni lehenengora joan nintzen, eta nire kronika horren karira kontatuko dizuet.

1.- Muskildi Xiberoko euskal kulturari atxikirik.-

Muskildi herriak indarrez atxikitzen die euskara eta xiberotar kulturari. 1985ean Allande Oihenart pastorala jokatu zuten, 1986ean maskaradak, 1991ean Harizpe pastorala, 1992an Allande Oihenart Bizi Ürrats izeneko ikusgarria, 1996ean maskaradak, 2001-2202an Herria Ohoretan ikusgarria, 2016an Dantzariak ikusgarria, 2017an Hur Xenda ikusgarria, 2018an maskaradak, eta orain, 2022an, Simone Veil pastorala.

Herri bizi eta euskalduna dugu Muskildi, horrela izaten jarraitu nahi duena, eta aurtengo pastorala, urrats aberatsa izan da muskildiarren ibilbide emankorrean.

2.- Simone Veil pertsonaiaren nondik norakoak.-

Simone Annie Jacob (hala zen sortzez, Veil senarraren abizena da) 1927ko uztailaren 13an sortu zen Frantziako Niza hirian, eta familia judu baten alaba zen. Hamasei urte zituela, naziek heriotza eremuetara eraman zuten familia osoarekin batera, baina aliatuen etorrerarekin, holokaustotik bizirik atera ahal izan zen.

Gerora abokatua eta politikaria izan zen. 1974an osasun ministro izendatu zuten. 1975eko urtarrilaren 17an Veil legea deitu izan zena indarrean ezarri zuten, modu horretan abortua legeztatu zutelarik. 1979tik 1982ra Europako Parlamentuko lehen emakume lehendakaria izan zen. Geroztik gizarte gaietarako estatu ministroa izan zen, osasun eta hiriko ministroa…, eta Edouard Balladur-en gobernuko bigarrena. 1998 eta 2007 bitartean, Kontseilu Konstituzionalean eserlekua ukan zuen, hau da, Frantziako agintaririk garrantzitsuenen artean ibili zen beti. Europako integrazio-prozesuaren jarraitzaile sutsua izan zen, eta bakea bermatzeko bideak zabaltzen ahalegindu zen. 2008ko azaroaren 20an, Frantses Akademiako kide izendatu zuten eta 2012an Ohorezko Legioko gurutzea jaso zuen.

2018ko uztailaren 17an, senarrarekin batera, Pariseko Panteoian ehortzi zuten. Emmanuel Macron presidenteak irakurri zuen haren aldeko agiria.

3.- Simone Veil pastoralaren egitura eta ezaugarriak.-

Pastoral honen egilea Battitte Berrogain dugu, eta hauxe da idatzi eta jokatu dioten lehen pastorala, baina izan duen arrakasta ikusirik, ez dut uste azkena izanen denik. Denborak erranen. Errejenta Maite Davant euskaltzale ezaguna izan da, eta erran behar dugu bera izan dela Xiberoko pastoraletan lehen emakume errejenta. Xiberotik kanpo, badugu beste xiberotartsa bat, hainbat pastoraletan errejenta lanetan ibili dena: Pantxika Ürrüti.

Kantuen moldatzaile eta zuzentzailea Sophie Larrandabürü izan da, dantza asmatzaile eta dantzari trebatzaileak, berriz, Iban Etxegoinberri eta Rémy Mugordoi. Arropa arduradunak: Sonia Bassano eta Josette Boscq. Simone Veil-en papera hartuta, Aizpea Claverie-Chimix (haur denborak) eta Maialen Urrutiager (heldu denborak) izan dira süjeta. Peio Jauregik, berriz, senarraren papera jokatu du.

Pastorala lehen prediküaz, 25 jelkaldiz eta azken prediküaz osatua da, eta tartean 10 bat kantu edo kantore eder izan dira. Horretaz gain, satan dantzak eta bestelako dantza saioak. Oso ikusgarri ederra, zinez, aurten muskildiarrek eskaini digutena. Biba zuek!

4.- Pastoralaren aipamen zenbait.-

Hirugarren jelkaldian naziak 1943an Nizan sartu zireneko historia dakarkigute gogora. Publikoak aurkako oihuz hartu zituen oholtzara soldadu naziz jantzita igo ziren arizaleak. Ikus dezagun nazien arteko hizketa gogorra:

Alois Brunner: Hallo, hallo!!! Ene lagunak / Autrixiako seme ederrak / Nizak ere beharko dütü jüdioz legarrak. // Franz Novak: Drancyn zerragia antolatürik / dütügü treinak gaintika / gizon, emazte eta haurrez / hantik partiarazten milaka. // Helmut Knocehn: Bazka ditzagün aitzina / Niza zorriz da fundi / eskualde honen xahatzea / egin beharra da aspaldian. // Rolf Günther: Aski filosofatürik / har makila bürütik / aztal botarekilan jo / bota jüdioak hebentik. // Ernst Kaltenbrunner: Raus egin ere buhameer! / raus eritarzün karreazaleer! / raus gizadi pozuazaleer! / raus gure zikintzaleer!

1944ko apirilean, iritsi ziren Auschwitz-Birkenaura Simone, Ivonne ama eta Milou ahizpa 71. konboian. 5. jelkaldiko kantorearen lehen koblan honela kontatzen digu Battitte Berrogainek:

Traka taka tonka treinak, alüzinazio burrunba.

Traka, treinaren junpaka, doloretsü ziren banbak.

Taula artetarik ageri, egünaz argi txirrinta.

Traka taka tonka treinak, gaüaz, üdüri züan tonba.

Eta 8. jelkaldian, Arima gabeko korpitzak izeneko kantorearen errepikan honako azalpen gogorra ematen digu Berrogainek heriotza eremu hartan preso zirenei buruz:

Arima gabeko korpitzak, ezür meta ebiltari,

itzal xuritarzünean, hirodüra elürrari,

zola-zolako gizaki, jentetrzünez hüstürik,

zoaza ezdeüs herroka, heriotzaren hazkürri.

1944ko uztailean, sovietarrak Auschwitzera hurbiltzen ari zirela-eta, naziek hainbat eta hainbat preso, Simone eta bere familia tartean, 70 kilometrotara zegoen Bergen-Belseneko kontzentrazio esparrura bidali zituzten. 1945eko apirilaren 15ean, soldadu ingelesak Bergen-Belseneko heriotza esparruan sartu ziren eta Simone eta gainerakoak libratu zituzten. Hori kontatzen zaigu 9. jelkaldian. Aipatu beharra dago, 5. jelkalditik 9.era, hau da, holokaustoaren gaia jorratzen den bitartean, ohiko ate gorri, zuri eta urdinak, oihal beltzez estalirik izan dituztela.

Hortik aitzina, Simone Veilek politikan egin pausoak kontatzen zaizkigu, Veil legea, abortuaren legeztatzea eta abar… harmailetan ziren emakumeek indar handiz txalotu zituztenak. Publikoak atsegin handiz entzun eta jarraitu zituen horrelako azalpenak.

22. jelkaldiaren bukaeran ohiko artzainak eta artaldea igo ziren oholtzara, astoa eta guzti. Kantorearen lehen koblan, honela dio Berrogainek:

Argi dirade bortü gaineak, zelüa zohardixka denean,

azkorriak gaü ülünari, goraintzi igorten deiolarikan,

hantxek negüko azken elürrak, üdüri margo oihal bat lanetan,

Jinko xaharren axolbean, heben txoriak ari dira kantari.

Eta 25. jelkaldiaren ondotik, azken prediküa eta azken kantorea, Libertatearen bila izenekoa, Alain Etxeberrik egina. Errepikan honela zioen:

Altxa gitean! Oldar gitean injüstiziaren kontre!

Iratzar gitean! Mintza gitean libertatearen alde!

Erran dezagün EZ! Oihüka EZ! Gizartearen kontre direner!

Erran dezagün EZ! Oihüka EZ! Jenteer kalte egiten düener!

Artzainak eta artaldea oholtza gainean.

5.- Bukaeraren tenorea.-

Eta horrela bat bestearen gibeletik jokatu zituzten 25 jelkaldiak, 40 gradutik gertu zegoen bero sapa baten azpian. Merezimendu handia arizaleena, baita publikoarena ere. Hamabost bat pertsona inguru ikusi nituen eguzki kolpeaz erortzen. Horrelakorik ez dut inoiz ikusi. Azken kantorearen ondoren, ohiko eskerrak eman zituzten eta gero antzeren ordua izan zen. Batez ere, Urdiñarbe eta Pettarra aritu ziren norgehiagoka antzerak irabazi nahian, eta azkenean Pettarrak bereganatu zuen, 2100 euroren truke, oholtza gainean moneinak eta aintzina-pika dantzatzeko eskubidea. Amaiera ederra pastoral bikain batentzat.

Sophie Larrandabürü, Battitte Berrogain eta Maite Davant

Maite Davant errejentarekin


Artzainak eta artaldea goizeko karrika-üngürüan.


Satan dantza.


Pettarrako herritarrak moneinak dantzatzen