NUPeko tesi batek gehiegizko pisua edo obesitatea duten haurren gibel gantzatsua identifikatzeko tresna bat garatu du
Maddi Osés Recalde Dietetikako eta Giza Nutrizioko graduatua da tesiaren egilea, eta oso arazo larria dela azpimarratu du
Maddi Osés Recalde Dietetikako eta Giza Nutrizioko graduatuak gehiegizko pisua edo obesitatea duten haurren gibel gantzatsua identifikatzeko tresna bat garatu du, berriki Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian. Ikerketak bikain “cum laude” kalifikazioa jaso du, eta Idoia Labayen Goñi ISFOOD ikerketa-institutuko arduraduna aritu da zuzendari.
Garatutako tresnak HEPAKID du izena, eta bi urrats erraz eta ez oso inbaditzaileak besterik ez duen protokolo bat da, Oinarrizko Osasun Laguntzan gehiegizko pisua edo obesitatea diagnostikatu zaien haurrei aplikatzekoa. Lehen urratsa informazio antropometriko eta soziodemografikoa eta bizimoduei buruzko informazioa jasoko duen galdetegi bat da. Horren bidez, gibel gantzatsua izateko arrisku handia duten haurrak identifikatuko dira, eta, ondoren, odola aterako zaie ohiko biomarkatzaile kimikoak detektatzeko. Bigarren urratsak aukera emanen du diagnostikoa baieztatzearren unitate espezializatuetara bideratu behar diren haurrak espezifikotasun handiz identifikatzeko. Hori funtsezkoa da patologia hori ahalik eta azkarrena tratatzeko, bestela esteatohepatitisa eta zirrosia eragiten ahal baititu, eta pronostikoa eta itzulgarritasuna zaildu.
Haurren obesitatea, osasun publikoko arazo bat
Tesiaren egileak adierazi duenez, haurren obesitatea mende honetako arazo garrantzitsuenetako bat da osasun publikoari dagokionez. Azken bi hamarkadetan, eta haur obesitatearen epidemiarekin batera, handitu egin da obesitatearekin loturiko zenbait gaixotasunen prebalentzia populazio pediatrikoan; gaixotasun horien artean daude nahasmendu kardiobaskularrak, 2. motako diabetesa eta gibel gantzatsuarekin loturiko gaixotasun metabolikoa (MAFLD, ingelesezko sigletan). Izan ere, MAFLDa gaixotasun hepatikoaren lehenbiziko kausa da haurren artean.
NUPeko doktore berriak azaldu duenez, gaixotasun hori detektatzea eta diagnostikatzea zailtzen duten zenbait faktore daude: gaixotasun horren bilakaera asintomatikoa, arrisku populazioaren prebalentzia handia (gehiegizko pisua duten haurrak), eta erabili ohi diren metodo diagnostikoen kostua edo metodo horien izaera inbaditzailea (biopsia hepatikoa eta/edo erresonantzia magnetikoa). Ildo horretan, elkarte mediko eta zientifikoek baheketa-metodo baliagarriak garatu beharra azpimarratu dute, eta Maddi Osésen ikerketa-lanak behar horri erantzuten dio. Hala, bere lanaren oinarri dira bai gibel gantzatsua identifikatzeko deskribatu dugun protokoloa, bai gaixotasun horren balizko markatzaileen eta/edo intsulinarekiko erresistentziaren markatzaileen detekzioa nerabezaroaurrean. Era berean, ikerketak faktore soziodemografikoak eta bizimoduari buruzkoak identifikatzen ditu, bai eta gaixotasunarekin loturiko aldagai klinikoak, genetikoak eta epigenetikoak ere.
Tesiaren egilearen CV laburra
Maddi Osések Euskal Herriko Unibertsitatean egin zuen Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradua, eta han bertan egin zituen graduko praktikak, ELIKOS ikerketa-taldean (ELikadura, arIKeta fisikoa eta OSasuna). Ondoren, Osasun Publikoko Unibertsitate Masterra egin zuen NUPen. 2018an tesia egin zuen NUPen, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren ikertzaileen prestakuntzarako laguntza bati esker. Finantzaketa berari esker, 2021ean hiru hilabeteko egonaldi bat egin zuen Uppsalako Unibertsitatean (Suedia).
Lau artikulu argitaratu ditu egile nagusi gisa eragin faktore handiko aldizkarietan, eta laguntzaile aritu da beste hamabi argitalpenetan. Nazioarteko biltzarretan parte hartu eta ekarpenak egin ditu, eta hizlari aritu da nazioarteko sinposioetan. Aldi berean, ikertzaile eta irakasle gisa prestatzen jarraitu du, eta laguntzaile aritu da zenbait irakasgaitan. Orain Erizaintzako Gradua amaitzen ari da NUPen.
Doktoretza-tesia egiteko, egileak ELIKOS taldearen laguntza izan du, bai eta NUPeko, Navarrabiomedeko eta Osasunbideko zenbait profesionalena ere.