EUSKARAZKO MIKROIPUINEN LEHIAKETA

Civivox sareak euskarazko mikroipuinen lehiaketarako deia egin du, eta lanak aurkezteko epea irailaren 25ean amaituko da

Lanek gehienez ere 200 hitz izanen dituzte, adinaren araberako hainbat kategoriatan banatuta, eta Iruñean gertatzen diren istorioak kontatzen dituzten mikroipuinak izanen dira

“Iruña Bihotzean” da Civivox sareak irailean antolatu duen euskarazko mikroipuinen lehiaketaren izena. Irailaren 25era arte, lanak hainbat kategoriatan aurkez daitezke, parte-hartzaileen adinaren arabera. Gaia librea da, eta bakarrik aipatzen da Iruñean gertatzen diren istorioak izan behar direla, errealak edo fikziozkoak, iraganekoak edo etorkizunekoak, hunkitu edo amets eginarazten dutenak.


Ekimen horren helburua da euskarazko sormena sustatzea eta herritarrei parte hartzeko gonbidapena egitea mikroipuinaren bidez, literatur genero gisa. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek gehienez ere bi ipuin bidaltzen ahalko dituzte –gehienez 200 hitz–, PDF formatuan (letra-tipoa: Times 12). Lanak participacion@redcivivox.es helbidera igorriko dira, mezuaren gaian “TXAPELKETA EUSKARAZ” idatzita. Mikroipuinak PDF formatuan igorri beharko dira, izenorde batez sinatuta. Atxikitako agiri batean egilearen honako datu hauek adieraziko dira:izen-abizenak, telefono zenbakia (harremanetan jartzeko, saria jasoz gero), jaiotze-data eta NANa.


Lehiaketaren oinarrietan lau sari ezartzen dira: erosketa-txartelak hiriko liburu- edo paper-dendetan. Helduen kategorian (18 urtetik gora), mikroipuin onenaren saria 150 euroko da. Gazteen (14 eta 17 urte bitarte) eta haurren (8 eta 13 urte bitarte) kategorietan, irabazle bakoitzak 100 euroko txartel bat jasoko du. Azkenik, epaimahaiaren sari berezi bat jasoko da (50 euro), accesit gisa.


Lehiaketaren epaimahaia udal-teknikariek eta Civivox sarearekin elkarlanean ari diren profesionalek osatuko dute. Epaimahaiaren epaia urriaren 21ean emanen da jakitera, Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko Alorraren ohiko informazio-bideen bidez (www.pamplonaescultura.es/eu/, Facebook, Twitter eta Instagram).