JOSEBA ERDOCIA ZABALA

Joseba Erdocia Zabala

Potentzia handiko inbertsoreak sareko tentsioa mantentzen eta sortzen laguntzeko zenbait kontrol teknika proposatu dituzte doktoretza-tesi batean

Joseba Erdocia Zabalak, NUPen egindako ikerketaren ondorioz, hiru artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkarietan

Joseba Erdocia Zabala Industria Teknologien Ingeniaritzako gradudun eta Industria Ingeniaritzako masterdunak kontrol estrategien garapenean oinarritu du bere doktoretza-tesia, iturri berriztagarrien eta biltegiratze sistemen bidez elektrizitatea sortzeko prozesuan erabiltzen diren potentzia-bihurgailu elektronikoek tentsio iturri gisa jardun dezaten “grid-forming” moduan. Zehazki, potentzia handiko inbertsoreen operazio sendo eta egonkorra bermatzeko teknikak diseinatzea eta inplementatzea izan du helburu, bai mikrosare isolatuetan, bai sarerako konexioetan.

Técnicas de control “grid-forming” para inversores de alta potencia” izeneko tesiak NUPeko bi ikertzaile izan ditu zuzendari, Andoni Urtasun Erburu Ingeniaritza Elektrikoko irakaslea eta Luis Marroyo Palomo Ingeniaritza Elektrikoko katedraduna, eta bikain “cum laude” kalifikazioa jaso du.

Grid-forming” inbertsoreek sareko tentsioa mantentzen lagundu behar dute une oro, eta ezin dira sistematik deskonektatu gainkarga, falta, tentsio hutsune edo bestelako arrisku egoeraren bat gertatzen denean. “Tesian proposatutako tentsio‑korronte duala kontrolatzeko teknikak —azaldu du— aukera ematen du inbertsoreen korrontea beti mugatzeko, edozein egoeratan konektatuak egon ahal izan daitezen osagaiak kaltetzeko arriskurik gabe”.

Bestalde, maiztasuna kontrolatzeko teknikak ere proposatu ziren, “zeinek “grid-forming” inbertsoreen egonkortasun iragankorra nabarmen hobetzeko bidea ematen baitute, bai isolatuta bai sarera konektatuta jarduten dutenean. Horrek bermatzen du inbertsoreak beti egonen direla sinkronizatuak, eta maiztasuna eta tentsioa edozein egoeratan mantentzen lagunduko dutela, baita zirkuitulaburrak edo tentsio oso sakoneko hutsuneak daudenean ere”, adierazi du lanaren egileak.

Proposatutako kontrol teknikak esperimentalki baliozkotu zituzten Ingeteam Power Technology S.A. enpresaren potentzia handiko inbertsore errealetan.

Curriculum vitae laburra

Joseba Erdociak Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua eta Industria Ingeniaritzako Masterra egin zituen (Energia Berriztagarrietako espezialitatearekin) Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Master Amaierako Lana Italiako Universitá degli Studi di Padova erakundean egin zuen, han igaro baitzuen masterreko bigarren urte osoa, Erasmus mugikortasun programaren bidez. Ondoren, doktoretza egin zuen NUPeko INGEPER ikerketa-taldeko (Ingeniaritza Elektrikoa, Potentzia Elektronika eta Energia Berriztagarriak) eta Smart Cities Institutuko (ISC) kide gisara. Gaur egun, I+G-ko teknikari modura egiten du lan Ingeteam Power Technology S.A. enpresako eguzki energia fotovoltaikoaren sailean.

Bere ikerlanaren ondorioz, hiru artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkarietan, eta nazioarteko zenbait biltzarretan hartu du parte. Doktoretza-tesian proposatutako teknikekin zerikusia duten nazioarteko bi patenteren eskaeran ere jardun du. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin duen loturari esker, energia berriztagarriekin zerikusia duten zenbait irakasgaitako irakaslanetan lagundu du, eta ikasketen amaierako lan batzuk gidatu ditu zuzendarikide modura.