“BARATZA BANG BANG”

 

Teresa Sala eta Josi Alvaradoren “Baratza bang bang” Haurrendako Antzerki-testuen XXXI. Lehiaketaren lan irabazlea

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak antolatuta, aurten 8 lan euskaraz jaso dituzte

  

Esleitutako 2.500 euroko saria eskuratzeaz gain, saritutako testua Nafarroako Antzerki Eskolan bertan antzeztuko den antzezlan bihurtuko da.

Dagoeneko tradizionala den antzerki-testuen lehiaketaren helburuak dira haurrei zuzendutako dramaturgia sustatzea, antzerki garaikidea sendotu eta bultzatzea eta txikitatik antzerkigintzaren aberastasun kultural eta artistikoa handitzea.

Lehiaketan 18 urtetik gorakoek parte hartzen ahal zuten. Egile bakoitzak, gehienez ere, hiru testu aurkezten ahal zituen, jatorrizkoak eta argitaragabeak. Gainera, ezin ziren aurkeztu bestelako edozein lehiaketatan saritutako obrak, ezta konpainia batek (profesionala izan zein ez) estreinatutakoak ere. Aurkeztutako antzezlanak haurrendako lanek izan ohi duten iraupena izan behar zuen.

Epaimahaikideen balorazioa

“Baratza Bang Bang. Haur tristeentzat mazedonia” lan dibertigarria eta freskoa da, bi fikzio-plano modu orekatuan gainjartzen dituena, suspensea koherentziaz mantenduz eta adinekoei ere keinu eginez. Testua antzezlan formatura egokituta, hasiera batean, 2023ko udaberrian estreinatuko da.

Epaimahaia Mikel Mikeok, Maialen Díaz Urrizak eta Iosu Cámarak osatu dute.