NUP LEIDENEKO RANKINGEAN SARTU DA

NUPeko Liburutegiaren barnealdea

NUP Leideneko Rankingean sartu da, zeina munduko prestigiotsuena baita bibliometriaren esparruan

2022ko edizioa munduko 1.318 unibertsitatek osatu dute, horietatik 44 espainiar estatukoak

Nafarroako Unibertsitate Publikoa lehen aldiz sartu da Leideneko Rankingean; Leiden University-ko (Herbehereak) Centre for Science and Technology Studies-ek egiten du ranking hori. Bibliometriaren esparruan munduan egiten den sailkapenik prestigiotsuena da, haren adierazleetan zorroztasun handia izan, eta eragin normalizatua erabiltzen duelako.

Bibliometria ekoizpen zientifikoaren inpaktua eta ikusgarritasuna ezagutzeko eta hobetzeko balio duen diziplina da. Analisi bibliometrikoaren helburuen artean dago honako hauek aztertzea: dokumentu zientifikoen kopurua, ugaritzea eta banaketa; zer egitura eta zer dinamika dituzten horiek ekoizten eta kontsumitzen dituzten taldeek; eta dokumentuok zer informazio duten.

2022ko edizioan mundu osoko 1.318 unibertsitatek hartu dute parte, horien artean 44 espainiar estatukoak. Unibertsitate bat ranking horretan sartzeko, bete beharreko baldintza da 2017-2020 aldian 800 argitalpen indexatu baino gehiago argitaratu izana Web of Science webgunean. Web of Science Core-n argitaratutakoak bakarrik hartzen dira kontuan –artikuluak eta azterketak–, eta kolaborazioko argitalpenak zatikatuta kontatzen dira. NUP lehenengo aldiz 2022ko edizioan sartu da rankingean, 815 argitalpen eginda.

Osasunaren eta Konputazioaren Zientziak

Alor geografiko edo zientifikoaren eta adierazle motaren arabera (eragin zientifikoa, kolaborazioa, sarbide irekia eta generoa), hainbat sailkapen zerrenda osatzen ahal dira. Hori horrela, eragin zientifikoari begiratuta eta zientzia alorrak globalki hartuta, NUP 4. postuan dago espainiar estatuko unibertsitateen artean PP (top % 1) adierazlean. Adierazle horrek beren alorretan aipamen gehien dituzten argitalpenen % 1en artean dauden argitalpenen proportzioa adierazten du.

Adierazle hori bera “Matematika eta Konputazioaren Zientziak” alorrera ekarrita, NUPek 1. postua izanen luke espainiar estatuko unibertsitateen artean, eta 97.a munduan; eta “Zientzia Biomedikoak eta Osasun Zientziak” alorrean, berriz, 2. postua.

PP (top % 10) adierazlea hautatuta –argitalpenen zer proportzio dagoen beren alorretan aipamen gehien dituztenen % 10en artean–, NUP hamargarren dago espainiar estatuko unibertsitateen artean eta zientzia alorrak globalki hartuta.

Bestalde, nazioarteko kolaboraziozko argitalpenen adierazlea aztertuta –bi herrialde edo gehiagotako erakundeekin lankidetzan egindako argitalpenen proportzioa islatzen du–, NUP 3. postuan dago “Zientzia Biomedikoak eta Osasun Zientziak” alorrean, eta 5. “Matematika eta Konputazioaren Zientziak” alorrean.

Sarbide irekiko argitalpenak

PP (Open Access) adierazleari begiratuta –sarbide irekia duten argitalpenen proportzioa totalarekiko–, Nafarroako Unibertsitate Publikoa 13. dago espainiar estatuko unibertsitateen artean, eta 3. “Bizitzaren eta Lurraren Zientziak” alorrari bakarrik begiratuta.