NUPek bat egin du Ikertzaileen Gau Europarrarekin, eta 20 dibulgazio jardueratik gora eginen ditu, jende guztiari irekiak
Irailaren 30ean dastaketak, esperimentuak, lantegiak eta ikuskizunak eginen dira Civicanen, klima-aldaketarako egokitzapena ardatz hartuta
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Ikertzaileen Gau Europarra ospatuko du irailaren 30ean. Klima-aldaketarako egokitzapena ardatz izanen duten hogei dibulgazio jardueratik gora eginen ditu, Unibertsitateko 60 zientzialari baino gehiagoren gidaritzapean. Jarduerak jende guztiarentzat eta doakoak izanen dira, eta gehienak Civican kultura-etxean eginen dira irailaren 30ean bertan, 17:00etatik 21:00etara. Halere, aukera egonen da paseo zientifikoetan ere parte hartzeko Iruñeko zenbait tokitan. Jardueretan parte hartzeko tokia aldez aurretik erreserbatu behar da ekitaldiaren webgunean, non informazio osoa dagoen kontsultatzeko.
Ekimen hau Europako beste 371 hiritan egiten da aldi berean, eta NUPek aurten hirugarren urtez jarraian hartuko du parte. Zientziarako eta Teknologiarako Espainiar Estatuko Fundazioaren (FECYT) eta Nafarroako Gobernuaren Cosmos 22 programaren finantzaketa du. Ikerketa-lana jende guztiari hurbiltzea du helburu, eta, adierazi bezala, oraingo honetan klima-aldaketarako egokitzapena da ardatz nagusia, eraldaketa soziala eta hiri adimendun eta klimatikoki neutroak barne. Europar Batasunak ikerketaren bidez munduko erronkei erantzuteko ezarri dituen misioetako bi dira horiek.
Ekimenaren xehetasunak eta jardueren programa aurkeztu dituzte Gurutze Pérez Artieda NUPeko Kulturaren eta Dibulgazioaren Arloko zuzendariak eta Mikel Galar Idoate Smart Cities Institutuko (ISC) kide eta “Emotional Films” proiektuko arduradunak.
Baso suteak, saguzarrak eta safari bat Argan zehar
Zenbait jarduera eginen dira klima-aldaketarako egokitzapenaren gaiari heltzeko: baso suteei buruzko solasaldiak, paseo gidatu bat iluntzean ultrasoinuen detektagailu batzuen bidez saguzarrei entzuteko, edo safari bat Arga ibaiaren arroan zehar. Era berean, esperimentuetan parte hartzeko aukera egonen da intsektuek izurrien aurkako aliatu gisa duten garrantzia ezagutzeko edo landareei PCR proba egiten ikasteko. Gainera ardo eta mahats dastaketak antolatuko dira, bai eta tokiko sagarrenak eta garagardoenak ere, eta horietan bertako laboreen garrantzia nabarmenduko da. Bestalde, konpostajean interesa dutenek konposta egiteko metodo praktiko, arin eta erraz bat erakutsiko duen tailer batean parte hartzeko aukera izanen dute.
Hiri adimendunen eta jasangarritasunerako erronken esparruan, NUPeko ikertzaileak solasean arituko dira bertaratuko jendearekin adimen artifizialari edo Smart City-ei buruz. Halaber, paseo geologiko bat eskainiko da hirian barna, bai eta adimen artifizialean oinarritutako artelan batekin interakzioa izateko aukera ere. Artelan horrek “Emotional arts” du izena, eta pertsonen ezaugarri fisikoak eta emozioak detektatzeko gai den koadro formako lehenbiziko prototipoa da, halako moldez non azken emaitza begiratzen duenaren eta hark sentitzen duenaren mende egonen baita.
Haurrentzako proposamenak ere egonen dira, hala nola familian egiteko tailerrak eta “Yo quiero ser científica” antzezlana. “Elektrical Body, la divulgación” dantza eta zientzia ikuskizunak emanen dio amaiera programari, Dinamo Danza taldearen eta Joaquín Sevilla dibulgatzaile eta NUPeko katedradunaren eskutik. Bestalde, egun horretan bertan mapatoi jarduera bat eginen da NUPeko ikasgelategian, Mugarik Gabeko Medikuak GKEarekin lankidetzan.
Horretaz guztiaz gain, NUPen Tuterako campusean ere Gau Europarrean hartuko dute parte, kultur ondarearen kudeaketa jasangarriari buruzko saio batekin. Saio hori ere hilaren 30ean izanen da, 19:00etan, Erriberako hiriburuko dekanoaren jauregian.
Nazioarteko proiektu bat
Ikertzaileen Gau Europarra Europako Batzordeak finantzatzen du, Marie Skłodowska-Curie Ekintzen bidez (MSCA) –Europan karrera zientifikoak sustatzeko ekimena–, eta Horizonte Europa programaren eta Europar Batasuneko Ikerketaren eta Berrikuntzaren Esparru Programaren barnean kokatzen da. Hauek dira haren helburu nagusiak: ikertzaileen figura herritarrengana hurbiltzea haien lana eta gizarteari ekartzen dizkioten onurak ezagutzera emateko, eta ikasleek karrera zientifikoak hauta ditzaten sustatzea eta genero oztopoak ezabatzea.