PATRICIA ALEGRÍA ETA ÁLVARO CASI

Ezkerretik eskuinera: Patricia Aranguren, Leyre Catalán, Patricia Alegría, Miguel Araiz, Álvaro Casi, Irantzu Erro eta David Astrain, NUPeko Ingeniaritza Termikoaren eta Fluidoen ikerketa-taldeko kideak (lagatako argazkia)

Doktoretza NUPen egiten ari diren Patricia Alegríak eta Álvaro Casik Poster Hoberenaren Saria irabazi dute Termoelektrizitatearen Europako Kongresuan

Bartzelonan egin zen ekitaldia, eta 145 poster aurkeztu ziren guztira

Patricia Alegría Cíak eta Álvaro Casi Satrústeguik poster hoberenei emandako sei sarietatik bi jaso dituzte joan den astean Bartzelonan egin zen Termoelektrizitatearen Europako Kongresuaren 18. edizioan. Zehazki, Patricia Alegríaren posterra Europako Termoelektrizitate Elkarteak (ETS) saritu zuen, eta Álvaro Casirena, Alemaniako Termoelektrizitate Elkarteak (GTS). 250na euro jaso zituzten saridunek.

Patricia Alegría eta Álvaro Casi Nafarroako Unibertsitate Publikoan ari dira beren doktoretza-tesiak egiten, eta Unibertsitateko Ingeniaritza Termikoaren eta Fluidoen ikerketa-taldeko kide dira. David Astrain Ulibarrena da ikerketa-talde horretako burua. Ikerketa-talde horrek egindako lanei aintzatespena ematen zaien bosgarren aldia da hau azken sei urteetan. Kongresu honetan 145 poster aurkeztu ziren guztira.

Hauek dira saritutako bi posterren izenak eta egileak: “Geothermal thermoelectric generators: a promising alternative for hot dry rock fields”, Patricia Alegría, Leyre Catalán, Miguel Araiz, Irantzu Erro, Álvaro Casi eta David Astrain izan dituena egile (NUPeko ikertzaileak denak), eta “Comparative of an experimental transcritical carbon dioxide refrigeration cycle working with a thermoelectric subcooler and an internal heat exchanger”, Álvaro Casi, Patricia Aranguren, Miguel Araiz, Leyre Catalán, Patricia Alegría, Irantzu Erro, David Astrain, Daniel Sánchez eta Ramón Cabello izan dituena egile (azken biak Castellóko Jaume I.a Unibertsitateko ikertzaileak dira).

Gainera, Patricia Alegría Cía Ekintzailetza Proiektuak dituzten Ikasketa Amaierako Lanen Rural Kutxa Sarietako laugarren edizioko irabazlea izan zen 2020. urtean, master kategorian, lan honengatik: “Sorgailu termoelektriko baten diseinua, analisia eta optimizazioa, jatorri bolkanikoko bero geotermikoaren bidez”.

Bestalde, Álvaro Casi Satrústegui irabazle izan zen Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako “Hiru minutuan” lehiaketaren laugarren edizioan, 2019. urtean. Orduko hartan, “Espazioko teknologia Lurrean energia sortzeko” lana aurkeztu zuen; arroka-ilea ekoizten duen industria batean hondar-beroa aprobetxatuz energia elektrikoa nola sortu ikertu zuen.

Tesiak eta proiektuen jarraitutasuna

Patricia Alegría eta Álvaro Casi egiten ari diren doktoretza-tesiak Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak finantzatutako bi ikerketa-proiekturen esparruan egin dira: “ELECTROVOLCAN: Prototipoen diseinu eta garapen esperimentala efektu termoelektrikoaren bidezko sorkuntza elektrikorako jatorri bolkanikoko azaleko anomalia geotermikoetan: aplikazioa Timanfayako (Lanzarote) eta Teideko (Tenerife) sistema bolkanikoetan” proiektua bata, eta “LOWTEWI: Ekipo termoelektrikoen diseinua optimizatzea hozte-sistema komertzial autonomoetan aplikatutako lurrun-konpresioko zikloen errendimendua hobetzeko” proiektua bestea.

Bi proiektu horiek jarraipena izanen dute Estatuko Planaren barneko Ezagutzaren Sorkuntzaren arloko proiektuen deialdi berrian.

Patricia Alegría Cía saritutako bere posterraren ondoan (lagatako argazkia

Álvaro Casi Satrústegui saritutako bere posterraren ondoan (lagatako argazkia)