SÉRAPHINE CLARISSE MENYEÑE NDONGO

Clarisse Menyeñe erizaina Ekañ herrian (Afrika) gaixo kroniko batekin bizi diren pertsonen eta familien osasun zainketei buruzko ikerketa bat egiten ari da NUPen

Egonaldi bat egiten ari da NUPeko Cristina García Vivar (argazkian) eta Erdialdeko Afrikako Unibertsitate Katolikoko Luc Onambele irakasleek gidatutako bere tesirako

Clarisse Menyeñe Ndongo erizain kamerundarra ikerketa-egonaldi bat egiten ari da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) bere doktoretza-tesiaren harira, zeinaren zuzendariak NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasle Cristina García Vivar eta Erdialdeko Afrikako Unibertsitate Katolikoko irakasle eta NUPen doktoratutako Luc Onambele baitira. Tesiak bantu etniako Ekañ herrian errotutako teoria afrohumanista bat garatu nahi du, Afrikan gaixotasun kroniko bat duen norbaitekin bizi diren pertsonen eta familien beharrak eta itxaropenak asetzeko gai izanen dena.

        Hilabete eta erdiko egonaldia izanen da, eta Clarisse Menyeñek ia-ia bukatu du NUPeko Inno-CARE ikerketa-taldean egin beharreko lana (Erizaintzako jardunbide berriei buruzko ikerketaren arloko taldean). Zehazki, doktoregaiaren helburua Jaunde hirian (Kamerungo hiriburuan) egindako elkarrizketetako datu kualitatiboen analisia garatzea eta idazketa zientifikorako trebetasunak eskuratzea izan da. Era berean, aukera izan du bere tesiaren aurrerapenak Inno-CARE ikerketa-taldean aurkezteko, baita NUPeko irakaskuntzako esperientziak eta dinamikak ezagutzeko ere. Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko (NUO) zenbait laguntza-zerbitzu bisitatu ditu, Foru Komunitateko erizaintzako zainketen errealitatea ezagutzeko.

Clarisse Menyeñeren tesiak ikerketa kualitatiboko metodologia bat erabiltzen du, “teoria oinarritua” izenekoa, nazioartean “grounded theory” izenez ezaguna. Bere ikerketan, Ekañ herriko zaintzaren munduan murgiltzeko lan bat planteatzen du egileak, gaixo kroniko batekin bizitzearen esperientzia nolakoa den ulertu eta interpretatzeko. Doktoregaiak azaldu duenez, “herri honetako osasunaren eta gaixotasunaren arloko bizipenak eta sinesmenak ezagutzea funtsezkoa da haren behar espezifikoei erantzunen dieten erizaintzako zainketarik hoberenak emateko”. Doktoregaiak herri hori aukeratu du gutxi dakigulako bertako osasun arloko portaerei eta esperientziei buruz.

Ikertzailearen curriculum laburra

Séraphine Clarisse Menyeñe Ndongo Erizaintzan lizentziaduna da Erdialdeko Afrikako Unibertsitate Katolikoan (UCAC), eta Erizaintzako master bat ere egin zuen bertan. Gainera, erizaintzako laguntzaile tituluduna da, eta zainketa orokorretako aipamena du. Gaur egun, UCACeko Erizaintza Zientzietako lehen ikasmailako ikasleen jarraipen pedagogikoaren arduraduna da.

2007tik 2017ra erizaintzako laguntzaile aritu zen, eta, ondoren, Pediatriako erizain jardun zuen Elisabeth Paul Ngamy klinikan. Erizaintzaren filosofia eta erizaintzaren etika filosofikoa dira bere ikerketa-interesak.