EUSKOK 61.281€ 58 ELKATERI EMAN DIZKIE!

 

“Euskoren % 3ko emaitza” baliabideari esker, orotara 61.281 euro eman zaizkie euskotan 58 elkarte hartzaileri. Tokiko monetaren izaera solidarioa berresten da errekor berri honekin; izan ere, iazko 50.540 euroak aise gainditu dira aurten!

Larunbat honetan, hogeita hamar bat elkartek parte hartu zuten Eusko Elkarteen Egunean, Biarritzeko Surfrider Foundation-en egoitzan. Urteroko hitzordu hau elkarte-mundua garatzen laguntzeko antolatzen da, eta, orduan, mami baliosa eskaintzen zaie tokiko monetaren kide diren ala ez diren elkarteei. Berez, elkarteen finantzamenduari eskaini hitzordua da, baina, aurten, kanpoko hizlariekin aberastu da. Hala, Mezenasgo agentziako Patxi Belly eta Seeds aholkularitza kabineteko Camille Barreau, hurrenez hurren, finantzabide pribatu eta publikoez mintzatu ziren.

Euskal Monetako Régis Enerizek, bestalde, Euskoren %3ko emaitzaren baliabidea aurkeztu zuen, eta erakutsi zuen tokiko monetaren erabilerak lurraldeko elkarteei arras konkretuki laguntzen diela. Izan ere, 2013az geroztik, 250.000 eusko eman zaizkie hainbat arlotan –ingurumena, hezkuntza, elkartasuna, euskara, kirola, kultura eta abar– lanean ari diren 70 elkarteri.

Emaitza honen hartzaileak beren txeke sinbolikoa berreskuratzera jin ziren. Hartzaileen artean, besteak beste, aipa daiteke Angeluko Kimua ikastola. Honek, bigarren urtez jarraian, bere emaitzaren zenbatekoa bikoiztu du: 417 eusko 2020an, 1.021 2021ean eta 2.126 aurten!

« Duela bi urte, Ikastolaren baitan, Eusko batzordea berpiztu ginuen. Konturatu ginen jende guztiak Euskoa ezagutzen zuela eta bere baloreekin bat egiten zuela, baina pedagogia apur bat eta aurrera pausoa emateko aukera falta zela. Beraz sinpleki, gogo eta motibazioarekin, informazio mahainak antolatu genituen ikasleen gurasoentzat, kurtsoak eta gero edo gure ekitaldietan. Horri esker, kotizazioen ordainketa moneta lokalean egitea ahalbidetu dugu, eta gure hornitzaileak aldatu ditugu gure euskoak berrerabiltzeko : material pedagogikoa, hornidurak, askariak, ogia, fruitu eta barazkiak, eta abar. %3ko sistemari esker, gure ikasleen ikasteko baldintzak hobetzea lortu dugu, eta urtez urte hobetzen ikustea bikaina da, onuragarria baita gure Ikastolarentzat, euskararen normalizazioarentzat eta Euskal Herriko ekonomiarentzat!» Laura Urtasun Akerreta, Kimua ikastolako Eusko arduraduna

Bizi! elkartea ere present zen. Larrialdi ekologikoaren eta justizia sozialaren alde egiten duen elkarteak, aurten, 4.250 eusko bildu ditu, hots, hartzaileen artean emaitzarik handiena. Halere, tokiko moneta dirulaguntza soila baino askoz gehiago da, Bizi! elkartearen ustez, Jéremie Bude diruzainak azaltzen duenez: “Harriturik gaude emaitzaren zenbatekoaz. Iaz baino 1.000 eusko gehiago bildu ditugu! Eskerrak ematen dizkiegu gure babesleei, tokiko moneta erabiliz gertakariak eta komunikazio-ekintzak finantzatzeko ahala ematen baitigute. Baina, hori baino gehiago, arras kontent gara ekonomia birkokatzeko, inpaktu ekologikoa murrizteko eta Bizik daraman lurralde burujabe baten aldeko proiektua den Euskoren garapenaz.”

Nola funtzionatzen du %3ko emaitzak?

Tokiko monetaren kide bakoitzak babestu nahi duen elkarte bat hauta dezake, eta elkarte batek 30 babesle dituelarik, Euskoren % 3ko emaitzaren baliabidean sartzen da. Ondorioz, Euskok (eta ez kideak) elkarteari emaitza bat egiten dio, urtero. Emaitza hau elkartearen babesle guziek euskotan aldatu euroen % 3ren heinekoa da. Beraz, 100 € aldatzen dituen erabiltzaile batek 100 eusko jasotzen ditu, eta, gainera, Euskok 3 euro (euskotan, bistan da!) ematen dizkio erabiltzaileak babesten duen elkarteari

“Elkartasuna da Euskal Herriko tokiko monetaren balio nagusietarik bat, eta % 3ko emaitza da horren adibide zehatza. Bavariako Chiemgauer tokiko monetak inspiraturiko sistema honen abantaila da denentzat onuragarria dela. Elkarteendako finantzamendu osagarri bat da, eta jendea akuilatzen du Euskoa erabiltzera. Hala, elkarte bat hautatu eta babestuz gero, lurraldearen interes orokorraren alde ere egiten da”, dio Xebax Christy Euskal Moneta elkarteko lehendakariak.

Gaur egun, kasik 3,5 milioi eusko dabiltza eskuz esku, 4.000 partikular eta 1.300 profesional artean. 
Europako tokiko monetarik handienak garatzen segitzen du, eta emaitza-errekor berri horrekin, erakusten du erabili nahi den moneta hautatzea elkartasun-ekintza arras konkretua dela!

Euskoaren %3 elkarte hartzaileak 2022an