ANDER FUENTES, KATTIN MADARIAGA, IRAUN ZESTAU

 

 

Ander Fuentesek, Kattin Madariagak eta Iraun Zestauk irabazi dituzte Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketaren lehen hiru sariak

 

Edizio honetan 43 lan aurkeztu dira, iaz baino bi aldiz gehiago, 39 parte-hartzaileren eskutik, 19 emakume eta 20 gizon

 

Ander Fuentesen, Kattin Madariagaren eta Iraun Cestauren lanak izan dira Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketaren lehen hiru saridunak. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarrekin antolatutako lehiaketak 39 pertsonaren (19 emakume eta 20 gizon) 43 lan jaso ditu aurten, eta ia bikoiztu egin da aurreko bi edizioetan aurkeztutako lanen kopurua: 22 (2021ean) eta 24 (2020an).

Lehiaketaren oinarrietan hiru kategoria ezarri ziren parte-hartzaileen adinaren arabera. A kategoria 2009an edo ondoren jaiotakoentzat zen eta 3-4 bertsoko lanak egin behar zituzten; B kategoria, 2005etik 2008ra (biak barne) jaiotakoentzat, eta 4-8 bertso bitarteko lanak aurkezteko aukerarekin; eta C kategoria, 2004an edo lehenago jaiotakoentzat, gutxienez 12 bertso eta gehienez 16 bertsoko lanak egiteko, guztiek ere nolabaiteko batasuna osatuz.

Lan bat aurkeztu nahi zuten guztiek bete beharreko baldintza zen nafarrak izatea edo Nafarroan bizitzea. Aurkeztutako lanek gai eta neurri librekoak izan behar zuten, euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Bertsoen doinua zehaztu behar zen, eta horrez gain, lanek oinarrizko kalitate-irizpideak bete behar zituzten. A eta B kategorietan egile bakoitzak 3 lan aurkezten ahal zituen gehienez ere, eta C kategorian, berriz, lan bakarra.

Epaimahaia Amaia Telletxeak, Joseba Baltzak eta Saioa Alkaizak osatu dute; azken hori C kategoriako lehiaketaren lehenengo bi edizioetako irabazlea izan da. Lan guztiak edizio digital batean argitaratuko dira eta Bertsozale Elkartea webgunean eskura egonen dira. Literatur lehiaketa honen xedea da bertsolaritza eta bertsopaperen modalitatea (bertsolaritzaren arauekin bat idatzitako bertsoak) bultzatu eta sustatzea.

Saritutako lanak

Lanen erdiak baino gehiago A kategorian aurkeztu dira, hau da, adingabeen multzoan. 29 lanak 27 pertsonak aurkeztu zituzten, 13 neskak eta 14 mutilek. Kategoria honetako sariak kultura-bonuak dira, 150, 100 eta 50 eurokoak. Lehen saria Iraun Zestauk irabazi du ‘Amilotxa’ lanarekin, bigarrena Araia Irigibelek ‘Lagunekin parrandan’ lanarekin eta hirugarrena Dorleta Larrayozek ‘Aliena’ lanarekin.

B kategorian aurkeztutako bost lanetatik hiruk jaso dute saria: Kattin Madariagaren ‘Uda’ lanak eskuratu ditu lehen sariaren 350 euroak, Ziortza Goiaren ‘Iruzkin pozoinduak’ lanak, bigarren sariko 200 euroak, eta Loitzate Goñiren ‘Gurasoak’ lanak, hirugarren sariko 250 euroak. Hiru pertsonak parte hartu zuten beren lanekin, bi neskak eta mutil batek.

C kategorian 9 egileren (4 emakume eta 5 gizon) 9 lan aurkeztu ziren. Ander Fuentesek eskuratu ditu lehen saria eta hari dagozkion 1.500 euroak, ‘Iluntzean’ lanari esker. Bigarren saria Eneko Fernandezentzat izan da ‘Aurkia eta Ifrentzua’ lanagatik eta hirugarrena Eider Azkoaga eta bere ‘Erraietatik’ lanarentzat, 1.000 eta 500 euro hurrenez hurren.

IRUÑEKO III. BERTSO-PAPER LEHIAKETA

 

  • A kategoria (2009an edo ondoren jaiotakoentzat)

Lehen saria: Iraun Zestau Telletxearen ‘Amilotxa’

Bigarren saria: Araia Irigibel Terrerosen ‘Lagunekin parrandan’

Hirugarren saria: Dorleta Larrayoz Osteritzen ‘Aliena’

 

  • B kategoria (2005etik 2008ra, biak barne, jaiotakoentzat)

Lehen saria: Kattalin Madariaga Apaolazaren ‘Uda’

Bigarren saria: Ziortza Goia Mitxelenaren ‘Iruzkin pozoinduak’

Hirugarren saria: Loitzate Goñi Elortzaren ‘Gurasoak’

 

  • C kategoria (2004an edo lehen jaiotakoentzat)

Lehen saria: Ander Fuentes Mujikaren ‘Iluntzean’

Bigarren saria: Eneko Fernandez Maritxalarren ‘Aurkia eta Ifrentzua’

Hirugarren saria: Eider Azkoaga Gomezen ‘Erraietatik’