FRANCISCO JAVIER VÁZQUEZ MATILLA

 

Francisco Javier Vázquez Matilla abokatu eta Zuzenbideko doktoreak irabazi du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Alumni Nabarmenaren VII. Saria

 

Sariduna erosketa publikoan eta berrikuntza legalean espezializatutako bi enpresa juridikoren fundatzailea da

 

Francisco Javier Vázquez Matilla Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbidean lizentziadun eta Zuzenbidean doktoreak irabazi du NUPeko Alumni Nabarmenaren VII. Saria, zeinaren bidez Unibertsitateko ikasle ohiek hainbat arlotan egindako ibilbidea aitortzen baitu erakunde akademikoak. Sariduna erosketa publikoan eta berrikuntza legalean espezializatutako bi enpresa juridikoren fundatzailea da.

Alumni Nabarmena sariaren bidez, egresatuen garapen pertsonal eta profesionalean Unibertsitateko prestakuntzak zenbateko garrantzia duen erakutsi nahi du Nafarroako Unibertsitate Publikoak, eta, beraz, zer-nolako onurak dakartzan Unibertsitatean egindako inbertsio publikoak. Ohorezko sari bat da, eta ez du sari ekonomikorik. Epaimahaiak bere erabakian azpimarratu duenez, saria Francisco Javier Vázquez Matillari emateko arrazoia saritutako izangaiak Zuzenbidearen arloko prestakuntza unibertsitarioaz geroztik sariaren oinarrietan jasotako dimentsio guztietan izan duen zeregin nabarmena izan da. Saria emateko, ekitaldi instituzional bat eginen da.

 

Berrikuntza kontratazio publikoan

Vázquez Matilla Zuzenbidean lizentziatu zen 2003an, NUPen, eta han bertan burutu zuen doktoretza 2015ean, “Kontratu publikoen aldaketa” izena zuen eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu zuen tesiarekin. Iruñeko Udaleko letradua da 2004az geroztik, non eszedentzia eskatu baitzuen 2016an. Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko kidea izan zen (2013-2018), eta, lau urtez, Europako Batzordearen “Commission stakeholder expert group on public procurement” erakundeko kide ere bai. Lanpostu hori merezimendu-lehiaketa bidez eskuratzen da, eta kontratazio publikoaren arloko garrantzitsuenetako bat da Europan. 2017az geroztik, akademiko laguntzailea da Legegintzako eta Jurisprudentziako Errege Akademian.

Administrazioan aritu ondoren, bulego propioa sortu zuen (https://www.javiervazquezmatilla.com/), eta, erosketa publikoen arloko berrikuntzan eta Next Generation funtsei buruzko aholkularitzan zentratzeko asmoz, aliantza bat sortu zuen politika publikoen arloko Science & Innovation Link Office aholkularitza-enpresarekin LexLab Innovación Legal enpresa sortzeko.

 

Europako, estatuko eta eskualdeko politika publiko berrituetan egindako lana

Saridunak esparru desberdinetan garatu du bere jarduera profesionala : aholkularitza, prestakuntza eta ikerketa, eta erosketa publikoaren eta berrikuntzaren arloko zabalkundea. Era berean, konpromisoa hartua du Europa, estatu eta eskualde mailako politika publiko berritzaileak abian jartzeko.

Kontratazioaren arloan, erosketa konplexuei buruzko aholkularitzan eta era guztietako erakundeen erosketen sinplifikazioan egin du lan, baita enpresa eta zentro zientifiko bereziei aholku ematen ere, hala nola Superkonputazioko Zentro Nazionalari, ALBA Synchrotron zentroari edo Kanarietako Plataforma Ozeanikoari.

Berrikuntzarako erosketan, osasunaren, turismoaren, defentsaren eta energiaren arloko proiektuetan egin du lan (bihotz gutxiegitasuna duten pertsonei arreta emateko ekimenetan, Zika birusarekin lotutako beste batzuetan edo tumoreen inguruko batzordeak kudeatzeko soluzio berritzaileetan). Balioaren araberako erosketa landu eta sustatu du osasunaren arloan, industria farmazeutikoan hain zuzen.

Aholkularitza juridikoaren esparruan, nazioartean ere jardun du. Alemaniako, Poloniako eta Hungariako araudiak idazten lagundu du erosketen arrazionalizazio sistemei, kontratazioko iruzurrei, sendagaien balioaren araberako erosketei edo tren kontzesioei dagokienez.

Halaber, lankidetza publiko-pribatuko formulak sustatu ditu garapen bidean dauden enpresak gobernu elektronikoaren eremura hurbiltzea sustatzeko (govtech), edo entsegu bankuak arautzeko, enpresek udalerrietan teknologiak modu seguruan probatzeko aukera izan dezaten (sandbox).

 

Prestakuntza, ikerketa eta dibulgazioa

Prestakuntzari dagokionez, 400 hitzaldi baino gehiago eman ditu, eta online prestakuntzarako plataforma bat sortu du, erosle publikoak profesionalizatzeko programekin. Erosketa publiko estrategikoa sustatzeko eta erosketa-fase guztietan problemei konponbidea emateko tailerrak eta ikastaro praktikoak eman dizkie mota guztietako erakunde publiko eta pribatuei. Gainera, erosketa publikoko eskolak eman ditu nazioarteko zenbait unibertsitatetan (Espainia, Portugal, Frantzia, Italia), eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle lankidea da.

Ikerketaren eta dibulgazioaren esparruan, bi monografia ditu, 80 argitalpen aldizkarietan eta liburu kolektiboetan, eta modu aktiboan hartzen du parte sare sozialetan: bere YouTubeko dibulgazio kanalak 10.000 bistaratze ordu baino gehiago ditu. Halaber, Urrezko Blog Juridikoen 2021eko edizioan Bikaintasunezko Artikuluen kategorian saritutako blog baten egilea da.

Konpromiso sozialaren ikuspegitik, erakunde sozialekin eta egoera babesgabean dauden pertsonekin lankidetzan aritzeko formula errepikariak sortu ditu.

 

Epaimahaikideak

Saria eman duen epaimahaiko kideak honako hauek izan dira: Cristina Bayona Sáez, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; Idoia Sara Pérez, Gizarte Kontseiluaren buruak proposatua; Iosune Pascual Azcárate, Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren kudeatzailea; Rafael Lara González, Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa; Sandra Cavero Brújula, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa; Ana Burusco Juandeaburre, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko zuzendari nagusia; Maiorga Ramírez Erro, Nafarroako Parlamentuko bigarren idazkaria; eta Idoia Zabaleta Arregui, A3U-Alumni programaren arduraduna.

 

Argazkia:

Francisco Javier Vázquez Matilla.