“Zero: A Circular Economy Solution to Fight Depression” lanarekin hartuko du parte MITek biologia sintetikoari buruz bultzatutako nazioarteko lehiaketan
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Bioteknologiako, Zientzietako eta Datuen Zientziako graduetako ikasle talde bat Parisera joanen da urriaren 26tik 28ra biologia sintetikoari buruzko IGEM (International Genetically Engineered Machine Competition) nazioarteko lehiaketan osasun mentalari eta ekonomia zirkularrari buruzko lan bat defendatzera. Hamabi ikaslek osatzen dute taldea, Estíbaliz Larrainzar Rodríguez eta Idoia Áriz Arnedo proiektuko bi ikertzaile nagusiekin batera, baita Ainhoa Zulet González eta Hugo Salas Pedroarena NUPeko Biologia Sintetikoaren Katedrako teknikariek ere.
Lehiaketan, ikasleek aukera izanen dute biologia sintetikoa gizarteari hurbiltzearren eman dituzten pausoak zein diren erakusteko eta maila globaleko problema bati aurre egitearren maila lokalean garatutako proiektu berritzaile bat aurkezteko. Lanak, “Zero: A Circular Economy Solution to Fight Depression” izenburua duenak, osasun mentala eta ekonomia zirkularra ditu oinarri, eta elikagaien industriako azpiproduktuak erabiltzen ditu genetikoki eraldatutako bakterioak erabiliz serotonina lortzeko.
Proiektuak NUPen laguntza jaso du, Biologia Sintetikoaren Katedraren bitartez, Elikagaien Segurtasuneko eta Teknologiako Zentroarekin (CNTA) sinatutako hitzarmen bati esker, eta babesle ditu CINFA enpresa farmazeutikoa eta NUPeko Errege Bardea Katedra nahiz Tokiko Jasangarritasunari buruzko NILSA Katedra.
Serotonina sortzeko elikadura-azpiproduktuak
“Serotonina edo zoriontasunaren hormona giza gorputzak sortzen duen substantzia bat da, eta haren gabezia depresioarekin, antsietatearekin eta bestelako gaixotasunekin erlazionatu izan da. Gainera, proiektu honetan, biologia sintetikoaren eta ekonomia zirkularraren dibulgazioa azpimarratu nahi izan dugu, horiek funtsezko tresna izan baitaitezke pandemiaren osteko problema globalen aurrean tokiko soluzio mota horiek garatzeko, proiektu honen ardatz nagusia den osasun mentalaren aurrean esaterako, konfinamenduak kalte handia egin baitio”, adierazi dute ikasleek.
“Proiektu hau edizio honetan hasi badugu ere, NUPeko etorkizuneko taldeek hari jarraipena ematea da gure asmoa. Azken helburua azpiproduktuetatik abiatuta ekoitzitako serotonina duen elikadura-osagarri bat lortzea da; horrela, azpiproduktu horiei balio erantsia emanen zaie beren “bigarren bizitzan”. Proiektua garatu bitartean, nekazaritzako elikagaien eta farmaziaren sektoreko zenbait enpresarekin jarri gara harremanetan, baita ekimenean interesa duten batzuekin lankidetzan aritu ere, konposatu hori gerora nola kapsularatu planteatzeko”, erantsi dute taldearen aholkulariek.
NUPeko taldeko kideak
Honako hauek osatzen dute iGEM UPNAvarra 2022 taldea: Irene Gil Lobo, Raquel Iriarte Cortes, Sergio Maraña Tolosa, Adriana Martínez Cifuentes, María Roldán Vergarachea, Aroa Roncal Pérez, Susana San Ildefonso García, Mario Santafé Méndez eta Javier Zabalegui Bayona (Bioteknologiako ikasleak); Unai Gurbindo González eta Mikel García Amez (Datuen Zientzia); Aitor Ayape Rodríguez (Zientziak); Ainhoa Zulet González eta Hugo Salas Pedroarena (Biologia Sintetikoaren Katedrako teknikariak); eta Idoia Ariz eta Estibaliz Larrainzar (UPNAvarra 2022 taldeko ikertzaile nagusiak).
Honako hauek dabiltza aholkulari: Juanjo Rubio, Nafarroako Gobernuak bultzatutako Berrikuntza Sozialaren Unitateko zuzendaria; Esther González García, Rosa Murillo Pérez eta Carlos López Molina, NUPeko Biologia Sintetikoaren Katedraren ardura duten irakasleak; eta, CNTAtik, Inés Echevarría I+G+b-ko zuzendaria eta María José Saiz aplikazio analitiko berrien arduraduna. Bestalde, haiekin batera arituko dira Álex Pascual Cid, Laura Giménez eta Pablo Allo Martínez (UPNAvarra 2019 taldeko ikasleak) eta María Ancín Rípodas (UPNAvarra 2019 taldeko ikertzaile nagusia).
You must be logged in to post a comment.