MAKINEN ETA MEKANISMOEN TEORIAKO OLINPIADA

Processed with VSCO with preset

 

 

NUP, Estatuko Makinen eta Mekanismoen Teoriako Olinpiada IV. edizioaren taldekako irabazlea

Beñat Anduezak, Alba Monrealek eta Andrea Tamayok osatutako taldeak txapelketa irabazi zuen

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) taldea garaile izan zen Estatuko Makinen eta Mekanismoen Teoriako IV. Olinpiadan. Beñat Andueza Olartuak (Industria Teknologietako Graduko laugarren ikasmaila) eta Alba Monreal Rodríguezek eta Andrea Tamayo Álvarezek (Ingeniaritza Mekanikoko Graduko laugarren ikasmaila) osatu zuten taldea. Taldearen tutore lanetan Aitor Plaza Puértolas Ingeniaritza Saileko irakaslea aritu zen.

        Olinpiadan ariketa bat egin behar zen bakarka, gai hauei buruz: batetik, mekanismoen egitura, mugikortasuna eta errotabilitatea, eta, bestetik, mekanismo lauen zinematika eta dinamika, eta mekanismoen, espeken eta engranajeen sintesi dimentsionala. Proba horretan, Beñat Andueza NUPeko ikasleak bigarren postua eskuratu zuen. Taldekako sailkapena egiteko (NUPek irabazi zuen), talde bakoitzean bakarka egindako bi ariketa onenen notak hartu ziren kontuan. Azaroan, NUPeko hiru ikasleak joanen dira Madrilgo Carlos III.a Unibertsitatean eginen den Makinen eta Mekanismoen Teoriari buruzko Nazioarteko Olinpiadara.

        Horretaz gain, lehiaketarekin batera, Ingeniaritza Mekanikoko eta Ibilgailuen Ingeniaritzako Irakasleen VIII. Bilkura egin zen. Bertan, irakaskuntzaren berrikuntzari, ikerketari eta unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremanei buruzko gaiak jorratu ziren.

 

Makinen eta Mekanismoen Teoriako Olinpiada

Makinen eta Mekanismoen Teoriako Olinpiada, Ingeniaritza Mekanikoaren Estatuko Elkarteak antolatutakoa, unibertsitate taldeen arteko lehiaketa publikoa da, eta ingeniaritzako ikasleek arlo horretan eskuratutako ezagutzak eta trebetasunak sormenez aplikatzeko helburua du.

Horren bidez, helburua beren arloko ezagutzak eta berrikuntzak dibulgatzea da, eta talentua erakartzea, enpresan nahiz ikerketa-zentroetan egiten diren lanei jarraipena emateko.

 

Argazkia: NUPeko talde irabazlea, diploma eta dominekin.

Ezkerretik eskuinera: Aitor Plaza (tutorea), Andrea Tamayo, Alba Monreal eta Beñat Andueza (ikasleak).