“Ateak zarratzeko balio dute giltzek; kanpoko etsaia etxe barrura sar ez dadin, sarraila handiak jartzen ditugu, eta giltza giltzapean gorde. Babestu egiten gaituzte ate itxiek, gure baitan eroso sentiarazten gaituzte. Boterea ematen digute giltzek; gotorlekuak sortzen dituzte giltzek.
Ez horretarako soilik, ordea.
Itxitako bideak zabalarazteko balio dute giltzek. Kanpotik datorren aire berriak gure etxeko bazterrak garbituko baditut, ateak zabal-zabalik behar dira. Arnasberritu egiten gaituzte giltzek irekitzekoak direnean, kanpokoarekiko abegikor bihurtzen gaituzte. Benetako boterea ematen digute, bai, munduaren aurrean nor garen erakusteko bidea ematen digutelako giltzek.
Eta duda-muda horretan joan zaigu, beste behin ere, urtea. Giltza eskuan dugula, zein aldetara jiratzea komeni den ez dakigula. Bidegurutzeak deserosoak dira, definizioz. Hautuak esfortzua eskatzen duelako edo, diot nik. Eskumara eginez gero, ezkerrera eginez gero… Azken baten, ez ditugu hautuak maite aukeratzeak galtzea dakarrelako berekin bat. Hori ere, definizioz”.