HES-SO

HES-SOko eta NUPeko taldeak, Arrosadiko campusean

Suitzako HES-SO unibertsitateak eta NUPek bilera eginen dute esperientziak trukatzeko eta lankidetza posibleak aztertzeko

Suitzako goi mailako hezkuntza zentroa joan den ekainean bihurtu zen UNITA aliantzako kide; NUP ere haren parte da

Suitzako HES-SO (Haute École Spécialisée de Suisse Occidentale) unibertsitateko errektoretza-taldeko kideak, Luciana Vaccaro errektorea buru zutela, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektoretza-taldearekin bildu ziren berriki, unibertsitate horren instalazioetan, nazioartekotze, irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa arloko esperientziak trukatzeko.

Hauek osatu zuten NUPen ordezkaritza: Ramón Gonzalo errektoreak, errektoreorde taldeak, Unibertsitateko idazkari nagusiak, eta Nazioartekotzearen eta Lankidetzaren Arloko eta Kudeaketaren eta Kalitatearen Arloko irakasle arduradunak.

Pasa den ekainean Suitzako zentroak UNITA nazioarteko aliantzarekin bat egin zuelako antolatu da bisita. NUPez gain, partzuergo horretako kide dira Turingo Unibertsitatea (Italia), Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Savoia Mont Blanc Unibertsitatea (biak Frantziakoak), Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea (Errumania) eta Barnealdeko Beirako Unibertsitatea (Portugal).

Guardako Institutu Politeknikoa (Portugal), Bresciako Unibertsitatea (Italia) eta Brasoveko Transilvania Unibertsitatea (Errumania) ere haren parte dira.

Bisitan, bi erakundeak lankidetzan aritzeko aukerak aztertu zituzten, aurkezpen orokorrak egin zizkieten elkarri, eta, ondoren, gaiaren arabera banatutako aldebiko bilera batzuk izan zituzten. Horietan, NUPeko taldeak NUPek azken hilabeteetan UNITAko kide gisa izan duen esperientzia partekatu zuen, eta Europako Unibertsitateen deialdi berriari buruzko aurreikuspenen berri eman zuen. Deialdi horretan, datozen 6 urteetarako finantzaketa lortu nahi da.

Ia 22.000 ikasle ditu HES-SOk, eta Suitzan zientzia aplikatuetako Unibertsitaterik handiena izateaz gain, hezkuntzako bigarren erakunderik handiena da. 7 kantonamendutako 28 eskolak osatzen dute.

Suitza Europako unibertsitateen partzuergoetan

NUPeko Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzak azaldu duenez, Suitzako Gobernua deliberatuki ari da sustatzen, mugikortasunerako duen agentzia propioaren bidez (Movetia), haren unibertsitateak Europako Unibertsitateen partzuergoetan egotea; izan ere, Suitzak mugikortasunerako finantziazio propio handia du, Erasmus espazioan ez dagoela konpentsatzeko.

Oraingoz, Suitzako lau unibertsitate daude Europako partzuergoetan: Züricheko Unibertsitatea, “Una Europa” sarean; Lausanako Unibertsitatea, “CIVIS2” aliantzan; Genevako Unibertsitatea, “4EU+” aliantzan; eta Basileako Unibertsitatea, “EPICUR”en.