OIHARTZUNA AIREAN

Fenomeno akustiko ugari iragankorrak dira, ia harrapaezinak, baina honek ez die xarmarik kentzen. Aldrebes. Oihartzuna bezala, agortu egiten dira airean. Arte galkorra dira.

Demagun belarrira, estimulu akustiko baten ondoren, berdina den bigarren bat iristen dela. Garunak bi estimulu hauek 0,07 s baino denbora-tarte txikiago batean sumatzen baditu, orduan ez da gai izango biak desberdintzeko, eta intentsitate handiagoko estimulu bakarra atzemango du. Alderantziz, haien arteko atzerapena 0,07 s baina handiagoa bada, orduan oihartzunaren fenomenoa gertatuko da.

Oihartzuna labar baten parean bizi dezakegu. Giro-zarata baxua bada, eta garrasi egiten badugu labarraren aurrean, oihartzuna entzutea edo ez entzutea labarrarekiko daukagun distantziaren menpe egongo da. Soinuak labarrerainoko joan-etorria egin behar du labarrean islatu eta gero, eta gure garunak garrasiaren aldibereko seinalea eta islatutakoa, atzerapenarekin bueltatzen dena, gainjarriko ditu. Soinuaren abiadura airean 340 m/s inguru denez, 0,07 s-ko denbora-tartean 23,8 m-ko distantzia kritikoa beharko du. Ibilbidea joan-etorrikoa denez, labarretik 11,9 m-ra egon beharko gara, gutxienez, oihartzuna sumatzen hasteko. Xehetasunetan harago joanez, 0,07 s hauek soinu “lehorrentzako” (hitza, txalo bat) dagoen denbora-tarte kritikoa da; soinu musikalentzako, 0,1 s da. Hortaz, kasu honetan, labarrarekiko distantzia kritikoa 17 m da.

Jakina den bezala, esaldi bat esaten badugu labar baten parean, silaba desberdinak oihartzuna bezala iritsi daitezke. Soinua islatuta bueltan etorri baino lehen silaba bakar bat esateko denbora izan badugu, orduan oihartzun horri oihartzun monosilabiko deritzo. Bat baino gehiago esateko tartea egonez gero, polisilabiko, ordea.

Oihartzun polisilabikoaren adibide, 1588-an Frantzian jaiotako Marin Mersenne zientzialariak, matematikan zenbaki lehenekin ekarpen interesagarriak egin zituenak, aztertu zituen fenomeno akustiko ugarien artean (besteak beste, soka bateko erresonantziak) honako esperimentuan egindakoa: ahoskatze azkarra erabiliz, segundo batean (pendulu baten bidez neurtutako denbora) benedicam dominum hitzak esan zituen, akustikoki islatzailea zen gainazal batetik 159,4 m-ko distantziara. Oihartzuna polisilabikoa izan zen, eta benedicam dominum benedicam dominum entzun zen; joan-etorrian soinuak 319 metro inguru egin zituelako segundo batean, Mersenne-k soinuaren abiadura 319 m/s zela zenbatetsi zuen. Balio hau 340 m/s (1200 km/h) egungo baliotik oso gertu dago.

Eraikinen barruan ere atzeman dezakegu oihartzunaren fenomenoa. Trevor Cox ingeniari akustikoak “Sonic Wonderland” bere liburuan fenomeno hau bizitzeko Isfahan (Iran) hiriko Imam-aren meskita zoragarria aipatzen du, Naghsh-e-Jahan plaza famatuan kokatzen dena. XVII. mendean eraikitako tenplu honetan, 52 m altuera duen kupula handia dago, zazpi koloretako mosaikoz estalita. Bertan eta alboko hormatan, txalo bat emanez gero soinua luzaro islatzen da. Bertan pare bat alditan egoteko aukera eduki dut, eta berrets dezaket efektua ikusgarria dela.

Baina Persia exotikora joan gabe, gure inguruko frontoietan ere, frontisa eta errebotearen artean sor daiteke oihartzun kulunkaria (flutter-echo) deritzona, bi pareta hauek zurrunak eta soinu-islatzaileak direlako. Pilotak kantxa jotzen duenean, soinu-segida azkar bat entzuten da, soinua bi paretatan atzera-aurrerako joan-etorrian islatzen baita. Imajina pilota-jokalariek sentitzen dutena kantxa barruan eta dejada ospatzen 3000 pertsona garrasika inguruan dituztela!

Ekolokazioa deritzon fenomenoaz baliaturik zenbait animalik (saguzar, izurde edo baleak, adibidez) oihartzuna erabiltzen dute bere burua espazioan kokatzeko. Saguzarrek ultrasoinuak igortzen dituzte horretarako. Hego Amerikako Steatornis Caripensis txoria (guácharo, gazteleraz) berriz, ultrasoinuen ordez, gizakiontzat entzungaiak diren soinuak (2000 Hz-en ingurukoak) erabiltzen ditu. Hegan egiten duen eta fruituak jaten dituen gautxori bakarra da eta primerako ikusmena dauka ere. Alexander von Humboldt-ek deskribatu zuen txori bitxi hau, Venezuelan, bere 1799-ko bidaian.

Ekolokalizazioa teknologia bihurtuz, Sonar (Sound Navigation And Ranging) sistemak ultrasoinuetan oinarritutako hurbilketa berdina erabiltzen du ontzien eta itsaspekoen nabigazio eta detekziorako. Antzera, arrainen kokalekua jakiteko eta haien biomasa kalkulatzeko teknika hauetaz baliatzen da gizakia. Beti bezala, Natura maisu, eta gizakiok ikasle iaio. Askotan, bururik gabeko oilaskoak bezala korrika, baina hori beste kontua da.