MARÍA SENOSIAIN CORERA

María Senosiain Corera NUPen

María Senosiain NUPeko ingeniariak Nafarroako errepide sarea aztertzeko proposatu duen eredua azalduko du nazioarteko kongresu batean

Proiektuen Kudeaketari buruzko Nazioarteko Konferentzian (Bogota) emanen duen hitzaldia “Azpiegiturak azaltzeko eta iragartzeko eredua” izeneko bere GALetik atera da

María Senosiain Corera Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria Ingeniaritzako egresatuak hitzaldi bat emanen du, online, azaroaren 4an Bogotako EAN Unibertsitatean (Kolonbia) eginen den Proiektuen Kudeaketari buruzko Nazioarteko Konferentzian (International Conference on Project Management 2022). Bertan azpiegiturak aztertzeko proposatu duen eredua eta hura Nafarroako errepide sarean nola aplikatzen den azalduko du. Hitzaldi hori “Azpiegiturak azaltzeko eta iragartzeko eredua” izeneko bere Gradu Amaierako Lanaren (GAL) parte da. Gainera, Foru Komunitatean dauden kirol instalazioetan eta energia elektrikokoetan ere aplikatu du eredu hori.

Faustino Gimena Ramos eta Pedro Gonzaga Vélez Ingeniaritza Saileko irakasleak izan dira GALaren zuzendariak, eta NUPeko ISCko José Vicente Valdenebro Garcíak hitzaldia prestatzen lagundu du. María Senosiainek bere GALean proposatu duen eredua beste hirutan banatzen da: lehenbizikoa azalpenezkoa eta deskribatzailea da, eta hartan zehatz-mehatz zehaztu behar dira aztertu nahi diren puntu nagusiak, amaierako emaitzak hobetzeko. Bigarrena, azalpenezkoa eta justifikatzailea da, eta hartan eskaintza, eskaria eta dagokion azpiegituraren egokitasuna aztertzen dira, bai gaur egun, bai etorkizunean. Azkenik, iragarpenen eta ondorioen azpieredua aplikatzen da, aztertutako azpiegitura bakoitzarekin loturiko ondorioak zehazteko behar den informazioa lortzearren. Ingeniariak adierazi duenez, instalazioen egoera ez da lanaren azterketaren xedea.

María Senosiainek “erraza eta egokitzeko modukoa” den eredu bat proposatu du, ingeniaritzako ikasketa amaierako lanetan (haietan askotan lantzen da azpiegituren analisia) zenbait patroi errepikatzen zirela egiaztatu ondoren. Bere eredua beste gradu amaierako lan batzuetan aplikatu dute jada: horietako bat Nafarroako osasun sareari buruzkoa da (jada defendatu dute), eta beste bat Foru Komunitateko igerilekuei buruzkoa (laster defendatuko dute).

Nafarroako errepide sarea

Nafarroako errepide sareari buruzko analisian, María Senosiainek gaur egungo eskariaren kostuak eta etorkizuneko eskariarenak alderatu ditu, jasangarriak diren edo ez erabakitzeko. Egungo datuekin, ondorioztatu du Nafarroako errepideak % 45ean daudela gaindimentsionatuak. “Kapital handia inbertitu da zerbitzu ona bermatzeko. Bikoiztutako bideak eta prestazio handiko errepideak Nafarroako sareko efizienteenak dira. Bestalde, komunitatearentzat interesekoak diren bideak daude, autobiak eta autobideak, eta horiek efizientzia txikiena dutenak dira kostuaren eta okupazioaren aldetik”, adierazi du ingeniariak.

María Senosiain Coreraren CV laburra

María Senosiain Corerak Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua egin zuen NUPen (Industria Elektronika aipamena), eta gaur egun Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra egiten ari da bertan. Graduko azken ikasmaila egiten ari zen bitartean, LUZIA Fundazioan ere lan egin zuen adimen artifizialeko mentore gisa. Uda honetan praktikak egin zituen Elecnor SA enpresan, obrako buru lanpostuan, eta Nafarroako eta Errioxako kudeaketa fotovoltaikoa eta enpresaren zenbait kontraturen kudeaketa izan ziren bere erantzukizun nagusiak.

Gaur egun, masterra egiteaz gain, Nafarroako Industria ingeniarien Elkargoan ari da lanean (COIINA), zehazki lan orientazioko bulegoan (OOPI). Bulego horretan, ingeniari gazteei jardueren berri ematen diete eta ekitaldiak antolatzen dituzte, hala nola NUPen berriki egin den Navarra Talent Challenge delakoa. Joan den ikasturtean, María Senosiain finalista izan zen, ia 1.000 parte-hartzaileen artean, Caixabank-en eta Microsoft Ibérica-ren Wonnow Awards sarien bosgarren edizioan.