Hainbat zume-espezieren hostoen eta azalaren estraktuak antzinatik erabiltzen dira mina eta sukarra arintzeko. Edward Stonek, 1763an, zume zuriaren (Salix alba) azalaren estraktuak erabiliz zenbait pazienteren sukarra arintzeko egindako saiakuntzen eta proben emaitzak aurkeztu zituen Royal Soziety-n (Britainia Handiko elkarte zientifiko ospetsua, munduko zaharrenetakoa).
Ezaguera horren haritik, XIX. mendearen hasieran, zumearen azaletik substantzia miresgarri bat isolatu zen. Salizina deitu zioten. Salizina Salix-etik datorren hitza da, eta Salix, berriz, Salicaceae familiako generoetako bat, eta genero horretako espezietako bat Salix alba da.
Salizina bezain narritagarri eta mingotza ez zen forma bat bilatzen zen. Charles Fréderic Gerhardt kimikariak, azetilo kloruroa eta sodio salizilatoa konbinatuz, azido azetilsalizilikoa sintetizatu zuen 1853an. Konposatu ezegonkor eta ez-purua zen.
Herman Kolbek, 1859an, sintesi kimikoaren bidez azido salizilikoa lortu zuen. Salizinaren benetako printzipio aktibotzat jo zuen. Azido salizilikoa sukar, erreuma eta minaren aurka erruz erabili zen XIX. mendean, baina, zenbait arazo bazuen: zapore mingots bizia zuen eta dosi handitan odoljario gastrikoak eta bihotzeko arazoak eragiten zituen.
Duela 125 urte, 1897ko abuztuaren 10ean, Felix Hoffmann farmazialari, Bayer laborategiko ikertzaile gazte alemaniarrak azido salizilikoa azetilatu zuen anhidrido azetikoarekin, eta azido azetilsalizilikoa lortu zuen, kimikoki garbia eta egonkorra.
Nahiz eta esaten den Hoffmann izan zela azido azetilsalizilikoa aurkitu zuena, historialari batzuen ustez Arthur Eichengrün izan zen benetako aurkitzailea eta Hoffmann, berriz, haren agindupean aritu zen ikaslea.
Bayer laborategiko zuzendariak hasiera batean ez zuen ongi ulertu Hoffmannen aurkikuntza, uste baitzuen ez zegoela alde handirik ordurako merkatuan zeuden azido salizilikoaren eta azido azetilsalizilikoaren artean. Azkenean, Bayerrek ontzat eman zuen aurkikuntza eta medikamentua merkaturatu zuen 1899an.
Konposatu berria 1899ko martxoaren 6an patentatu zen Berlinen. Aspirina izena jarri zioten. Hasieran, hauts moduan. Gero, Bayerrek, 1900ean, azido azetilsalizilikoaren hautsak almidoiarekin konprimatzea lortu zuen. Konpainiak aspirina tableta ospetsua lortu berria zuen. Konprimatuak mundu osoan saltzen hasi ziren.
Hoffmannek ezin zuen imajinatu zume zuriaren azalean zegoen substantzia baten deribatua (berak sintetizatu zuena), denboraren poderioz izanen zela farmakorik ospetsuena mundu guztian. Izan ere, Bayerrek, aspirina mundu zabalean ezagutarazteko, urte hauetan guztietan egindako publizitate-kanpaina izugarria izan da. Enpresa alemaniarrak farmakoaren eragina, ezaugarriak eta agerpen farmazeutiko desberdinak mundu guztira zabaldu ditu gutxitan egin den difusio-kanpaina bat erabiliz. Batzuek XX. mendeko asmakizun garrantzitsuenen artean aspirina aipatzen dute.
XX. mendearen erdialdera arte, aspirina droga analgesikoa eta hantura-kontrakoa zen. 70eko hamarkadan, ordea, ikusi zen aspirinak eragin antikoagulatzailea eta plaketen antiagregatzailea ere bazuela.
Aspirinaren kontsumoa, medikamentu analgesiko eta hantura-kontrako gisa, nabarmen murrizten hasi zen XX. mendearen amaieran beste medikamentu analgesiko eta hantura-kontrako berriak, seguruak eta eraginkorrak agertu zirelako, hala nola parazetamola eta ibuprofenoa.
Aspirinaren erabilera, ordea, sekulako protagonismoa izan zuen berriro, antikoagulatzailea eta plaketen antiagregatzaile gisa eragina zuela jakin zenean.
Gaur egun, aspirinak mina eta hanturak arintzeko eta sukarra kontrolatzeko erabiltzeaz gain, beste hainbat indikazio ditu, hala nola bihotzeko eta garuneko hodietako gaitzak saihesteko. Gainera, beste gaixotasun askoren prebentzioan duen eragina aztertzen ari da, hala nola koloneko minbizia, preeklampsia eta abar.
Medikamentu zoragarri honek 125 urte bete ditu, eta oraindik ezusteko asko gordetzen dizkigu.