Unibertsoaren historian barnako ibilbidea, esku-hartze artistikoen bidez testuinguruan kokatua, hamabi etapatan, Kondestable Jauregian xede honetarako egokitutako geletan
‘Farfarout’ erakusketak diziplinarteko elkarrizketa bat proposatzen du, azaroaren 7tik 10era, zientzia, musika, dantza, soinu-paisaiak, bitartekaritza eta ikerketa uztartuta
Kondestablearen jauregian egonen da ikusgai azaroaren 7tik 10era ‘Farfarout’ esperientzia zientifikoa, adin guztietarako diseinatua eta doako sarrera librearekin. Karl Sagan astrofisikariak sortutako erakusketaren egokitzapena da, unibertsoaren historia birsortzen duena urteko hamabi hilabeteen eskalan, Jauregiko guneetan. Abiapuntua, Big Bang-a, erdiko patioan dago eta bertatik hasita elkarren artean konektatutako hamabi gelatan banatzen da, hasierako une horrekin duten distantziaren arabera. Bertaratzen direnak historia kosmikoan barna ibiliko dira soinu-paisaiek eta isiltasunak lagunduta, gogoeta eta parte-hartzeko uneekin tartekatuta.
Akonpainamendu hori azaroaren 7an (astelehena), 8an (asteartea) eta 9an (asteazkena) izanen da, 20:00etan. Flex Ensemble talde alemaniarraren musikariek (Kana Sugimura, Anna Szulc, Martha Bijlsma eta Johannes Nies) egutegi kosmikoaren etapetako batzuetan joko dute, eraikinaren akustikarekin eta oihartzunekin jolastuz eta esperientzia osatuz. Proposamena azaroaren 10ean, ostegunarekin, amaituko da, egutegi kosmikoan barnako ibilbide batekin eta mahai inguru ireki batekin, Francisco Colomer (JIVE Institute) eta Javier Armentia (Iruñeko Planetarioa) astrofisikari eta dibulgatzaileen eskutik. Bertan, hizpide hartuko dira zientziak, arteak eta gizakiok partekatzen ditugun kezkak eta nola horien arteko uztarketak iritzi eta ezagutza berriak sortzen ahal dituen.
Erakusketaren izenburuak ‘Farfarout’ ingelesez oso-oso urrutikoa esan nahi du eta Eguzki-sistematik urrunen dagoen objektuari egiten dio erreferentzia. Aurkikuntza horrek unibertso ezagunaren mugak zabaltzen ditu, eta zientziatik abiatuta, performance artistiko hau sortzera garamatza, non zientzia, musika, dantza, soinu-paisaiak, bitartekaritza eta ikerketa hartu-emanean aritzen baitira.
Erakusketaren diseinua Farout Artistic Research taldeak egin zuen. Beatriz Pomés, Sef Hermans eta Igor Sáenz ikertzaile, interprete eta sortzaileek osatzen dute taldea, eta diseinu grafikoa Francisco Xabier Goñi Castañonek egin zuen.
‘FARFAROUT’. AZAROAK 7TIK 10ERA. KONDESTABLEAREN JAUREGIA
• Doako eta adin guztietarako erakusketa, sarrera librea da leku guztiak bete arte
- Musika zuzenean azaroaren 7an (astelehena), 8an (asteartea) eta 9an (asteazkena), 20:00etan, Flex Ensembleren eskutik
- Ibilbidea instalazioan barna eta mahainguru irekia, azaroaren 10ean, ostegunarekin, Francisco Colomer (JIVE Institute) eta Javier Armentia (Iruñeko Planetarioa) astrofisikari eta dibulgatzaileen eskutik