ZIENTZIAREN, TEKNOLOGIAREN ETA BERRIKUNTZAREN 2022KO ASTEAK

Zientziaren 2022ko Asteak aurkezteko ekitaldia

Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren 2022ko Asteak ospatuko ditu NUPek heldu den astetik aurrera, eta jende guztiarentzako jarduerak antolatu ditu

Emakumeari, Zientziari eta Teknologiari buruzko IV. Jardunaldiekin kointzidituko dute, eta tailerrak, erakusketak, antzerkia eta bakarrizketa zientifikoak izanen dira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bat egin du Nafarroan Zientziaren 2022ko Asteekin, eta jende guztiarentzako doako dibulgazio jardueren programa propio bat bultzatuko du azaroaren 7tik 17ra bitarte. Ospakizun horrek Emakumeari, Zientziari eta Teknologiari buruzko IV. Jardunaldiekin kointzidituko du, zeinaren barnean hainbat jarduera eginen baitira: tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, “Yo quiero ser científica” antzezlanaren emanaldia, Iruñeko Zentral aretoan eginen den bakarrizketa zientifikoen ekitaldi bat eta “Hiru minutuan” lehiaketaren finala. Programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko, eta, zenbait kasutan, beharrezkoa izanen da aldez aurretik izena ematea.

Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteak Europar Batasunak sustatzen dituen eta Zientzia eta Teknologiarako espainiar estatuko Fundazioak (FECYT) koordinatzen dituen jardunaldiak dira. Haien xedea herritarren kultura zientifikoa sustatzea da, eta gizartea sentsibilizatzea ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jarduerei dagokienez. Nafarroan, NUPez gain, Iruñeko Planetarioak, Zientziaren Adiskideen Klubak eta Nafarroako Unibertsitateak hartuko dute parte Zientziaren Asteetan. Erakunde horiek guztiek beren jarduera-egitarauaren berri eman dute gaur, azaroak 4 (ostirala), elkarrekin egindako ekitaldi batean. NUPen aldetik, Gurutze Pérez Artieda Kulturaren eta Dibulgazioaren Arloko zuzendaria izan da bertan.

NUPen kasuan, Zientziaren Asteetako jarduerak Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak antolatu ditu, Kultura Zientifikoaren Unitatearen bidez. Bestalde, Emakumeari, Zientziari eta Teknologiari buruzko IV. Jardunaldiak Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak antolatu ditu, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.

Tailerrak, esperimentuak, bakarrizketak eta antzerkia

Zientzia eskarmentuduna” jarduerak emanen dio hasiera dibulgazio programari. Astelehenean izanen da, azaroak 7, 10:00etatik 13:00etara, Unibertsitateko Sario eraikinean, eta, bertan, hiru hitzaldi eskainiko dira, honako izenburu hauek dituztenak: “Eta elektrizitatea sortzeko sumendiak erabiltzen baditugu?”, “Zer soinu egiten dute izarrek?” eta “Zer egiten ahal duen matematikak zure alde”. Helduei daude zuzenduak, eta, entzule joateko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.

Bestalde, azaroaren 8an, asteartea, 11:00etan, Tuterako Gaztambide antzokian, “Yo quiero ser científica” lanaren antzezpen bat eginen da, jende guztiari eta, bereziki, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendua. Kasu horretan ere, beharrezkoa da erreserba egitea. Egun horretan bertan, 19:30ean, NUPeko Ikasgelategiko hirugarren solairuko erakusketarako tokian, “Itzuli da Gerra Hotza? Zientzia, teknologia eta garapen ekonomikoa” hitzaldia emanen dute Mar Rubio Varas eta Joseba de la Torre Ekonomiako katedradunek eta Joaquín Sevilla Moróder Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedraren zuzendariak.

Asteazkenean, azaroak 9, 19:00etan, Zentral aretoan, “Kaña zientifikoak” izeneko jarduera eginen da, eta, bakarrizketa eta inprobisazio-antzerkia baliatuz, ingurune lasai batean zientzia eta teknologia jende guztiari hurbiltzea izanen du helburu. Sarrera librea izanen da.

Azkenik, azaroaren 11n, ostirala, bi jarduera izanen dira. Lehenbizikoa, “Ingeniaritza NUPen” izenekoa, 09:00etatik 11:30era izanen da, NUPen Arrosadiko campusean. Batxilergoko ikasleei dago zuzendua (aldez aurretik eman behar dute izena), eta NUPen egindako ikerketa batzuei buruzko lau dibulgazio erakustaldi eskainiko ditu, bi bloketan banatuak: “Zer soinu egiten dute izarrek?” eta “Teknologia, matematika eta giza mugimendua”, alde batetik, eta, bestetik, “Mugi zaitez ke txarrik gabe” eta “Ordenagailu batek identifikatzen ahal ditu zeure emozioak?”.

Arratsaldean, 17:30etik 19:30era, “Egin esperimentuak familian” tailerra eginen da, Iruñeko Civicanen. Seme-alabak Lehen Hezkuntzan dituzten familiei dago zuzendua, eta, bertan, aukera izanen dute robot baten marrazkiak ikusi eta LED postal bat sortzeko. Kasu horretan ere, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.

Erakusketak eta “Hiru minutuan” lehiaketaren finala

Zientziaren Asteetan, bi erakusketekin lotutako jarduerak ere antolatu dira NUPen. Hala, azaroaren 17ra arte, “Zientzia, Diplomazia eta Gerra Hotza Francoren Espainian” argazki erakusketa ikusten ahalko da Ikasgelategiko hirugarren solairuan. Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiaren (CSIC) ikerketa-proiektu baten parte da, eta, NUPen antolatutako erakusketaren kasuan, Mar Rubio Varas eta Joseba de la Torre katedradunek egin dituzte komisario lanak, Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedraren laguntzarekin.

Bestalde, bisita gidatuak antolatu dira Zientziaren Museoaren parte den eta Sarioko atondoan dagoen “Abakotik konputaziora” izeneko erakusketa iraunkorrera. Azaroaren 10ean eta 16an izanen dira, 12:00etan eta 18:00etan hurrenez hurren, eta Antonio Pérez Prados NUPeko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko katedraduna izanen dute gidari.

Azkenik, azaroaren 17an, 19:00etan, “Hiru minutuan” dibulgazio lehiaketaren finala eginen da Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan. Ikasketen amaierako lanen edukia espezializatua ez den publiko bati 180 segundoan hobekien azaltzen dioten graduko eta masterreko ikasleak saritzea da lehiaketa horren xedea. 

Argazkia: Zientziaren eta Teknologiaren Asteen aurreko edizio baten argazki bat.

Argazkia: “Hiru minutuan” lehiaketaren argazki bat.