NUPeko ikertzaileek beste bi ibilbide matematiko diseinatu dituzte Iruñean barrena, Udalaren proiektu didaktiko baterako
Ekimen hori Matematikaren Irakaskuntzari eta Ikaskuntzari buruzko VII. Jardunaldietan egin da.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile batzuek beste bi ibilbide diseinatu dituzte Iruñeko beste hainbeste auzotarako, Nafarroako hiriburuan barrena Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko 2. eta 3. mailako ikasleei zuzendutako ibilbide matematikoak sortzeko proiektu baten barruan. Proiektu hori joan den ikasturtean hasi zuen Iruñeko Udalak, eta “Calle-Math” izena eman zion. Lan hau azaroak 5ean aurkeztu da Matematikaren Irakaskuntzari eta Ikaskuntzari buruzko Nafarroako VII. Jardunaldietan.
NUPen Estatistika, Informatika eta Matematika Sailak antolatuak dira, Irakasleei Laguntzeko Iruñeko Zentroarekin (ILZ) eta “Tornamira” Nafarroako Matematika Irakasleen Nafar Elkartearekin batera.
NUPeko ikertzaileek diseinatu dituzten bi ibilbide berriak Sanduzelai-Buztintxuri eta Arrotxapea auzoetan eginen dira, euskaraz zein gaztelaniaz. Lehendik ere martxan ziren auzo hauetako ibilbideekin batera egonen dira martxan: Alde Zaharra, Iturrama, Donibane-Ermitagaña, Mendillorri eta Txantrea.
Hauek diseinatu dituzte Iruñeko ibilbide matematiko horiek: Jaione Abaurrea Larrayozek, Haritz Iribas Pardok, Aitzol Lasa Oyarbidek eta Miguel R. Wilhelmik, NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasleak denak, eta Adriana Armendariz Arosteguik, Burlatako Askatasuna BHIko eta Atarrabiako Pedro de Atarrabia DBHIko irakasleak.
Ikasi, matematikaz harago
Iruñeko ibilbideen helburua kalean matematika lantzea da, ikasle talde txikitan, lekuan bertan ebatzi beharreko problemak jarrita. Leku horiek lotura izanen dute problemarekin: eraikinak, eskulturak, hiri-altzariak… Horretarako, informazioa edo pistak emanen dira, batzuk grafikoak eta besteak testu formatukoak. Erronka matematikoak aproposak dira Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. eta 3. mailako Matematika irakasgaiko ikasketa-estandar ofizialetarako.
Batez beste bi orduko ibilbideak dira, eta horietan, matematikaz gain, ikasleek artearekin, historiarekin, hiriko ohiturekin, ingurumenarekin, elikadura osasuntsuarekin eta genero berdintasunarekin lotutako beste kontzeptu batzuk ere ikasiko dituzte. Proposamen pedagogiko hori eskuragai dago MathCityMap mugikorrerako aplikazio batean, zeina edonorentzako librea eta doakoa baita. Gainera, irakasleentzako eta ikasleentzako gidaliburuak ere inprimatu dira. Horretaz gain, Irakasleei Laguntzeko Iruñeko Zentroak prestakuntza espezifikoa eman die irakasleei.
Argazkia: Iruñeko ibilbide matematikoak diseinatu dituzten NUPeko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Miguel R. Wilhelmi, Aitzol Lasa, Jaione Abaurrea eta Haritz Iribas, material didaktikoekin.