Klima-aldaketari buruzko egungo legeria “etsigarria” da, José F. Alenza NUPeko katedradunaren arabera
Hori esan du “Estudios sobre el cambio climático y la transición energética” liburuaren zuzendarikideak haren argitalpenaren harira
Klima-aldaketari buruzko espainiar estatuko nahiz Nafarroa Garaiko legeria “etsigarria” da, José F. Alenza García Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Administrazio Zuzenbideko katedradunaren iritziz, zeina berriki argitaratutako “Estudios sobre el cambio climático y la transición energética” lan kolektiboaren zuzendarikidea baita (Marcial Pons argitaletxea). Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 2021eko maiatzaren 20ko 7/2021 Legea da liburuaren hari gidaria. Adierazi duenez, klima-aldaketari “ikuspegi global, zeharkako eta integratzaile batetik” aurre egiten dion espainiar estatuko lehenbiziko legea da, nahiz eta gabeziak ere badituen. José F. Alenzarekin batera, Almeríako Unibertsitateko Lorenzo Mellado Ruiz aritu da liburuaren zuzendaritza-lanetan.
Diziplina anitzeko ikuspegi batetik heldu diote lanari, eta, hartara, unibertsitateko irakasleek, abokatutzako profesionalek eta sektore energetikoko eta erakundeetako ordezkariek hartu dute parte. Lanean zuzendarikide aritzeaz gain, José F. Alenza kapituluetako baten egilea da, hain zuzen Zuzenbide Klimatikoaren printzipioak lantzen dituen kapituluarena; izan ere, José F. Alenza aditua da gai horretan, baita Ingurumen Zuzenbidearekin eta Energiaren Zuzenbidearekin loturiko gaietan ere.
Adierazi duenez, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legeak garai berri bat ireki du legeen arloan “mehatxu existentzial” horri aurre egiteko. Estrategiak eta bide orriak atzean utzi dira eta helburu klimatiko lotesleak asumitu dira, bai eta zenbait motatako aginduzko ekintzak ezarri ere. Hala ere, José F. Alenzaren iritziz, bai espainiar estatuko arauak bai Nafarroa Garaikoak “neurri asko atzeratzen jarraitzen dute, eta etorkizuneko plan eta arauen garapenetara jotzen dute benetako neurriak aplikatzeko”. Ildo horretan, esan du “klima-aldaketari buruzko legeak ez dakarrela berez jauzi handirik, baina tranpolin moduko bat dela behar den aldaketa juridiko, energetiko, teknologiko, ekonomiko eta sozialaren oinarriak jartzeko, aldaketa hori sakona eta iraunkorra izan dadin. Baina, horretarako, beharrezkoa izanen da legeak aurreikusten dituen arau eta plangintza guztiak garatzea, ezartzen dituen organismo guztiak eratzea, integrazio klimatikoari buruz egiten dituen aurreikuspenak integratzea, eta bere artikuluetan aipatzen dituen tresna juridiko guztiak ahalik eta gehiena aprobetxatzea”.
Klimari buruzko legeria, mugikortasun jasangarria edo bidezko trantsizioa
Liburuak 41 kapitulu ditu, sei partetan egituratuak. Lehenbizikoa klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari aurre egiteak Zuzenbideari dakarkion erronkari buruzkoa da, eta, orobat, klimari buruzko lege berriaren helburuak eta printzipioak aztertzen ditu. Bigarren partearen xedea da aztertzea lege berriak energia berriztagarrien eta efizientzia energetikoaren arloan dituen inplikazioak.
Hirugarren parteak sektore elektrikoan garatzen diren jarduera berriei buruzko kapituluak biltzen ditu (komunitate energetikoa eta sare elektrikoek klima-aldaketaren aurrean duten eginkizuna), eta laugarrenak modu monografikoan aztertzen ditu trantsizio energetikoaren garaiko garraioa eta mugikortasun jasangarria. Klima-aldaketara halabeharrez eta ezinbestean egokitu beharra da liburuaren bosgarren partearen aztergaia, eta seigarren parteak, berriz, bidezko trantsizioari eta gobernantzari buruzko kapituluak hartzen ditu barne.
Zazpigarren parteak Zuzenbide Konparatuko esperientzia batzuk erakusten dituzten zenbait azterlan biltzen ditu, herrialde hauetakoak zehazki: Alemania, Frantzia, Estatu Batuak eta Erresuma Batua. Azken partea klima-aldaketak ukitzen dituen beste sektore estrategiko batzuei buruzkoa da (fiskalitatea, kontratazioa, finantza-sistema, finantza jasangarriak, meatzaritza eta hezkuntza, ikerketa eta berrikuntza).
Argazkia: José F. Alenza, liburuarekin, NUPeko Arteak eraikinean.