edo
Ibilaldi literario erotiko bat emakume baten burmuinean?
“Samurtasuna eta eztitasuna nahi ditut”.
Horixe errepikatzen diot ene buruari udazkeneko eguzkiak ipurdi mazelak leunki berotzen dizkidalarik. Azken finean oporretan naiz. Izurrite uda honetan, lan eta lan ari izan eta arnas bat! Angeluko hondartzan ahuspez etzanik, bikiniz jantzia, hareak egunaz bilduriko berotasunak sabela laztantzen dit baita bularra ere hanpatzen dit, titi puntetaraino.
Mugimendu milimetrikoz, ezker eta eskuin, gora eta behera mugitzen naiz toallaren gainean, askatasun berriak, birikak plazerez betetzen eta erosotasunezko hasperenez husten dizkidalarik. Mugimendu hauek titi puntak igurtzarazten dizkidate bikini oihalaren kontra, distantzia batetik susmaezinak izan arren. Odola paporatzen zait gero eta berotasun sentsazio gehiago ematen dit, izterren arteko hezetasun arin-arina sentitzen dudala.
Denbora berean, kokotsa bermatzen dut eskuen gainean eta nire zuzeneko bistan, bikote gazte bat agertzen da. Toalla handi bat zabaltzen du, musu eta musu, jantziak kentzen, musu eta musu, bainukoak salbu, musu eta musu, elkarrengandik hurbil baino hurbilago etzaten da, musu eta musu. Nire lekutik, oinak, zangoak, izterrak, ipurdi mazelak, sorbaldak baizik ez dira ikusten, irriek noiztenka geldiarazten dituzten mugimendu eztietan.
Eta ni, sugeak bere hezlearen txistuari bezala haiei so! Begi-lizun ez izan arren, erran behar dut gorputz zatien balletak erraiak mugiarazten dizkidala. Azken mutil laguna aspaldikoa dut eta bakardadea pisua suertatzen ari zait. Halere ez naiz masturbatuko hondartza honen erdi-erdian!
Bat-batean ahots leun eta atsegina entzuten dut nire ondoan:
“Zer freskotasuna ekartzen diguten gazte hauek, noizean behin, haien sinpletasun osoan! Zer diozu?”
Eguzkiaren izpiak moztu gabe eta harean isilik hurbildu denaz ez naiz ohartu. Nire postura atsegina aldatu gabe, ahots atseginari erantzuten diot:
“Egia erran, pena dut, hauek bezala, eguraldiaz baliatu ezina!”
“Bada erremedioa, nahi baduzu. Zure ondoan eseri naiteke, zuri itzalik egin gabe?” —ahots atseginak.
“Ba, zergatik ez? Ongi etorri!” —nik.
Oihal zetatsuak, zimurtua denean, egiten duen soinu diskretua entzuten dut eta ahur arin eta leun baten freskura sentitzen dut ezkerreko izterrean, barneko aldean, belauna baino pixka bat goraxeago, eguzkiaren erredurarekiko kontraste atseginean.
Sorpresa eta atseginaren artean, oihu txikia irensten dut. Halere, emana nion esertzeko baimena, ez ukitzekoa, ezta? Baina, leunki oparitutako nire izterrean sentsazio atsegin horrekin isiltzeko eta egoeraz baliatzeko hautua egiten dut. Hondartzan ez naiz bakarra, ez naiz isolatua eta gustatzen ez zaidan zerbait gertatzen baldin bada, aski dut oihuka hastea, inguruko jendeak ihardesteko. Beraz, ikus dezagun zer gertatuko den…eta ene buruari “orainaz baliatu!” erraten diot.
Alta, segundo zati horretan, eskuak —hemendik aitzina, besterik ez baitut sentituko edo ikusiko, horrela deituko dut ahots leun eta atseginaren jabea— oihutxo isila entzun du:
“Ez zaitez beldurtu, laguna. Bostekoa erabiltzea zaila da, zure postura eta arreta nahastu gabe. Ezker-eskuineko buru keinu bat baizik ez duzu egin behar, den mendrenari uko egiteko. Bat-batean geldituko da. Ados?”
Ez naiz mugitzen. Izan ere, emeki-emeki, eskuaren freskura epeltasun bilakatzen da. Airea ez da gehiago pasatzen eskuaren eta izterraren artean eta bi larru-azalen tenperatura berdintzen eta indartzen ari da. Zertan ari naiz? Ez ote naiz pixka bat zozoa horrelakoak onartzeko? Ez dakit ezertxo ere eskuari buruz. Gizonezko batena da? Emakumezko batena? Bi batena? Trans batena? Borrero batena?
Lehen bi kasuetan, bon, klasikoa eta ia klasikoa izanen litzateke. Aitortu behar dudalako bai, orain artean, noizean behin emakume batekin larrua jotzea aski atsegina izan zaidala. Beste bi kasuetan, mundu ezezagun batean sartuko nintzateke! Eta azkenarekin, booo, alde hemendik!
Hori dena hausnartzen dudalarik, eskua emeki baina segurki, nire izterrean gora mugitzen da, ukitze leuna mantenduz zirkulu txikietan. Izterraren larru leunean diren milaka nerbioek nire buruari plazeraren keinuak bidaltzen dizkiote. Bularra berotzen zait, kuku-gordean beharrik! Ate nagusiaren hezetasuna ere nabarmenago bilakatzen zait, ikusezina kanpotik, baina eskua hara doa eta laster ohartuko da.
Bukaezina iruditzen zaidan une luzearen buruan, munduaren jatorrira dator eskua, bikiniaren behereko oihalaren aldamenean delikatuki pasatuz. Egia erran, gure mundu modernoan, oihal gutxi-gutxi dago alde horretan. Ahurrez gain, eskuak hatzak ere dituela konturatzen naiz jolasten hasten direnean. Instintiboki, izterrak pixka bat zabaltzen ditut jolasteko lekua eskuari uzteko. Hatzen dantza sentitzen dut segidan, lehenik nire ezpain handietan. Bakoitza bere txandan, hatz muturren artean sentitzen dut, arinki hartua, kilikatua, ferekatua, tinkatua, ateak isurtzen duen bustiarekin igurtzia. Eskuinekoa. Ezkerrekoa. Berriz eskuinekoa, ezkerrekoa, eskuak nire nerbioen mapa ezagutuko balu bezala.
Katutxo bati bezala, zintzurretik hots erlatsa ahapeka ateratzen zait, “Ai ama”-en artean, Venusek edota Saphok abestu kantu sakratu baten antzera. Eskuak nire bibrazioak sustengutzat hartu eta ezpain txikietara lerrarazten ditu hatzak. Han hasten dira berriz dantzatzen, ukitzen, igurtzen, ferekatzen, tinkatzen, kilikatzen, ezker, eskuin, ezker eskuin…Iruditzen zait nire bustia erreka bilakatzen dela eta nire gorputzaren dardarak ez ditudala luzaz kontrolatuko.
Eskuak, momentu egokia dela ulertuko balu bezala, hatz luzea erdiaren erdiko gizontxoan ezartzen du. Plazerez oihukatu nahiko nuke baina ezpainak tinkatzen ditut hortz artean, hots ozenik ez ateratzeko. Bost segundoz han gelditzen da, mugitu gabe, baina emeki-emeki presioa handituz. Plazeraren erredurak, kanpotik barnera, sabela betetzen dit.
Eta aurre-keinurik gabe, hatz luzeak presioa kentzen du eta zirkuluak egiten ditu, igurtzaile, gizontxoaren inguruan. Erlojuaren norabidean. Kontrako norabidean. Erlojuarenean. Alderantziz. Eta berriz. Noizean behin eskuak hatz erakusle eta potoloaren artean tinkatzen du gizontxoaren oina edo erroa. Oinak, txanoaren azpian kukutua izan arren, dardara zoragarria sortzen dit. Eta berriz, hatz luzearen zirkuluetan ekiten doa. Uste dut lehertuko naizela, etengabe, eta eguna likido bukatuko dudala, nire barnea itsasora isuriz.
Eguzkiak ipurdi matelak berotzen dizkidan bezala, eskuak, erraien kanpotik, ate nagusiaren larruzko etxea baizik ez dit pizten eta kilikatzen, atea bera zeharkatu gabe. Nire buruari galdetzen diot nola sor daitekeen horrelako berotasuna, nire eskuarekin lortzen ez dudana, etxean erosoki etzanda edo bainu ontzi bero betean nagoelarik. Ea sutzeko gai denez nire ohiz kanpoko egoera hau? Esku honen berezko izatea, nik honen jabea ezagutu gabe? Ea naturaz gaindiko fenomeno honek aitortzen dituen nire erakarpena eta gozamena lortzeko nire merezimenduak? Ea horrelako ondorioekiko ezagutza horrek Maslowen piramidearen gaineko puntan kokatzen nauen, neuronen lan susmaezinaz?
Bat-batean hatz luzea mugitzetik gelditzen da. Orain gizontxoaren kaskoan gelditzen da. Erotzeko zirkulurik ez gehiago. Kaskoa leunki baina irmoki zapatzen du, erraien erredura atxikiz. Istant berean zerbaitek ukitzen du nire ate sekretua. Lehen aldian, hunkitzen du bakarrik. Haren presentzia frogatzeko bezala. Eta atea erreflexuzko tinkatzeaz ipurdiaren barnera urruntzen da. Bigarren aldian, ateari sorpresa gutxiago sortzen dio ukitzeak. Alderantziz, pixka bat ateratzen da, zabaldu gabe halere. Ukitzen duen “zerbait” horren epeltasunagatik hatz potoloa dela susmatzen dut. Hemen ere zirkuluak egiten hasten da, bi norabideetan. Leun-leunki. Larru fin-fina eta sentsitiboa doi-doia ukitzen du.
Fereka hori izugarri atsegina izan arren, ene baitan diot, beharbada, esku ezezagunaren jokoa gelditzeko momentua dela. Inoiz ez dut fereka hori onartu ezezagun batengandik. Eta biziki arraroki, konfiantza handiko ezagun batengandik. Zer egin? Pascalena baino zailagoa da apustu horren egitea. Oraingoz, plazera hartzen jarraitzen dut eta bizitzaren ezohiko plazer honez baliatzen naiz, baina hurrengo ekintza bortitzagoa izan daiteke, borrero baten eskuetara eror naitekeelako. Edo eteten dut esku arrotzaren jokoa, eta nire egun gorrien bizitzara itzultzen naiz, plazerik sakonena dastatu gabe beharbada.
“Bai ala ez”, “Ez ala bai” hausnartzen dudalarik, ate sekretuaren kontrako presioa emeki-emeki handitzen da eta pixkana-pixkanaka zabaltzen doa, hainbat non nire harridurarik handienerako, berak bere hezetasun propioa sortzen duen. Beste “Ai ama” bat edo bi ezin ditut irentsi eta nire erraien erritmoan, eguzkiaren erredura aurretik baino are gehiago murtxatzen edo gozatzen dut. Hatzez gain, eskuak belarriak ere baditu, eta zirkuluak zabaltzen eta sakontzen dabil, ate sekretuaren hezetasuna lagun.
Bizkar hezurraren luzeran burmuinera igotzen zaizkidan plazer sentsazioak ez ditut inoiz sentitu eta mundu berri batean sartzen naizela iruditzen zait. “Bai ala ez” hausnartu eta gero urrunagotik ikusten dut harearen berotasunean lurperatzen. Nik senar ohiari ere sartzeko baimenik inoiz eman ez izan arren, hatzez edo besteez, jakin mina nagusitzen zait orain. Baietz, bainu gelako konfidentzialtasunean, noizean behin esplorazio edo miaketa diskretu bat egin dudala, dutxaren azpian. Baiki, ohartzen naizela sentitzen dudana ez dela osoki desatsegina. Bai, fereka horri buruz han-hemenka irakurri ditudala artikuluak, baita bideo batzuk ikusi ere. Badakit eboluzioaren historian herrestariak ginelarik, handik larrua jotzen genuela eta erdibitzen ginela, horregatik dela nerbioen kontzentrazio handia ate horretan. Baina hatz luze eta potoloaren arteko lana ezin da konparatu nik bakardadean lorturiko efektuarekin. Biek, Ariane 5 zirtaren eta urtebetetze suziri baten arteko desberdintasuna dute…
Kuraiarik ez dut buruarekin ezker-eskuineko keinurik egiteko. Hatz potoloak bere fereka lana luzatzen du, sakontzen du, emeki-emeki, bere denbora hartzen du, nire zangoetako dardarari itxoiten, eta nire barneko giharren tinkatzeak baliatzen ditu are sakonago sartzeko, laztantzeko. Pixkanaka-pixkanaka, bi ateren arteko zubia barnetik tinkatuz, leunki igurtziz, ezker eta eskuin emeki mugituz doa aurrera. Azken finean potoloa G-puntuaren kontra sentitzen dut, barneko haragi pareta finean zehar, eta jauzitxoa eginarazten dit. Han gelditzen da. Mugitu gabe hastapenean. Segidan G-puntuaren masajea egiten hasten da. Leunki eta gogorrago. Txandaka, leunki eta gogorrago.
Ate sekretua busti bilakatu den hezetasunari orain gehitzen zaio ate nagusiaren bustitasuna. Hatz luzeak jarraitzen du gizontxoa tinkatzen eta bustia nire ezpainetan ere sentitzen dut. Nire erraien berotasuna —edo beharbada erredura deituko nuke— ez da murrizten, emeki baina ziurki aski handitzen baizik. Horra non potoloak G-puntuaren tinkatze erritmoa handitzen duen, gero eta gehiago.
Deabruzko erritmo hau gero eta gehiago zalutzen ari da eta ez dakit zenbatetaraino handituko den. Barneko erredura biderkatzen doakit, zangoak luzatzen eta gogortzen zaizkit, dardaratzen ere. Ahanzten dut non naizen. Norekin naizen. Norena den eskua. Bikote gazteak egiten duena. Eta bat-batean, lehertzen naiz, inoiz baino azkarrago, gogorrago, sakonago, blaiago. Urtzen naiz.
Erreka bilakatu naiz. Itsasora isurtzen dena.
2021 11 06
“Eskua”, Itxaro Bordak azken udazkenean antolatu zuen “Erotismoa Euskal Literaturan” tailer karietara, egin dudan ariketa bat da, non gizonezko tailer parte-hartzaileek emakume baten ikuspuntutik testu erotiko bat idatzi behar zuten. Izan ere, erran daiteke ariketa feminista eragiten zigunela Itxarok, ezta?