ERAKUSKETA: AMETSAK BEGIETARA DATOZENEAN

 

NUPeko Tuterako Kanpusa

Abenduak 22 bitarte

Astelehenetik ortziralerat, 8:00etatik 21:00etarat

 

Erakusketaren izenburua Jabier Villarreal lankidearen idazki batetik abiatutakoa da. Irudiak beti izan dira guretzat pentsatzeko, bizitzeko, eta ametsak egia bihurtzea zein zaila izaten ahal den adierazteko modu bat.

Lan honetan presente daude memoria, ehundura, natura eta isiltasuna. Gai horiek nire identitateaz, eguneroko kontuez eta inguruan dudan munduaz hitz egiteko balio dute, eta nire obran behin baino gehiagotan agertzen direla esanen nuke.

Puntua eta kakorratz-lanak bizitzan izan ditudan emakume garrantzitsuez hitz egiteko bitartekoak dira: nire amaz eta harenaz, biengandik ikasi bainuen ikaragarri. Haiek emakume boteretsu eta jakintzaren transmisore gisa gogoratu nahi nituzke. Nire etxeko emakumeek beti egin izan dituzte sareztatze-, konpontze-, joste-, kakorratz- edo trikotatze-lanak. Horiez gain, beste hainbat eskuzko joste-lan ere bazekiten egiten; eguneroko lanak izaten ziren, ikasi egiten zituzten, eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen. Amek alabei eta amonek bilobei transmititzen zieten edertasunaren jakintza ziren. Leinu horretako kate-begi sentitzen naiz ni ere, eta lan honetan horren garrantzia azpimarratu eta ikusgarritasun sozial eta artistiko handiagoa aldarrikatu nahi dut.

 

Angela Moreno (Alesbes, 1960) Uharten bizi da.

1986an Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn, grabatuaren espezialitatean. 1996az geroztik, zuzendari da Zubiarteko grabatu tailerrean, zeina Nafarroan obra grafikoaren edizioaz eta zabalpenaz arduratzen baita (Uharte).

Irakaskuntza eta sorkuntza uztartzen ditu, elkar elikatzen duten bi arlo diren neurrian. Haren lanak nagusiki paperaren gainekoak dira, eta beti dute zerbait grafikotasunetik.