LyDER PROGRAMA

Berrogeita hamar bat ikaslek hartuko dute parte ikasturte honetan NUPen LyDER programan (Literatura eta Zuzenbidea)

Prestakuntza-programa horrek bi arlo horiek uztartzen dituzten irakurgaien plan bat du ezarria. Irakurri ondoren, eztabaida-saioak egiten dituzte

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzia Juridikoen Fakultateko 50 ikasle LyDer programan (Literatura eta Zuzenbidea) parte hartzen ari dira 2022-2023 ikasturte honetan. Ekimenak, “Zuzenbidea besterik ez dakienak Zuzenbidea ere ez daki” lelopean, lau ikasmailatan banatuak dauden irakurgaien plan bat proposatzen du (aipatutako 50 ikasleetatik, 18 sartu berriak dira programan ikasturte honetan, programaren 13. edizioan), eta, ondoren, mintegietan eztabaidatzen dituzte irakurgaiak. Ekimenaren helburua ikasleen hezkuntza integrala bultzatzea da, balioetan eta giza zientzietan oinarritutako prestakuntza emateko.

LyDer programa 2010ean jarri zen abian, eta “gozaraziz irakasteko” asmoarekin sortu zen, José F. Alenza García programaren arduradun eta Zuzenbide Administratiboko katedradunaren esanean. Jarduera honek “helburu bat baino gehiago du, baina denak dira elkarren osagarri; laburbilduz, prestakuntza jasoa eman nahi dio ikasleari, hark gaitasuna izan dezan errealitatea kritikoki interpretatzeko eta gizartearen bilakaerara egokitzeko”, adierazi du Alenzak. “Zuzenbidea produktu kultural bat denez eta gizarte jakin batean sortu eta aplikatzen denez, legelariek jakin behar dute nolako sistema kultural eta sozialean egiten duten lan eta hark nolako oinarriak dituen”, gaineratu du. 

Horretarako, irakurgai plan bat prestatu zen, horiek irakurri eta ondoren mintegietan eztabaidatzeko. Mintegiak graduko ikasketen erritmoaren arabera antolatzen dira: mintegi bat egiten da seihileko bakoitzaren amaieran, eta beste bat ikasturte hasieran, udan irakurritako irakurgaiekin. Horretaz gainera, mintegi bereziak ere antolatzen dira.

Balio literarioa duten hogeita hamar bat lan eta idazle nabarmen batzuk

Eduki juridikoa baino gehiago balio literarioa hartu da kontuan irakurgaiak hautatzeko. Irakurgai planak nahitaezko hogeita hamar bat lan dauzka (aukerako beste lan batzuez gainera): Cervantes, Shakespeare eta Espainiako Urrezko Mendekoak (Calderón de la Barca, Lope de Vega), XIX. mendekoak (Poe, Sthendal, Stevenson, Dostoievsky, Dickens, Balzac, Galdós, Benavente), XX. mendekoak (Camus, Kafka, Golding, Orwell, Chesterton) edota idazle garaikideak (García Márquez, Vargas Llosa, Eduardo Mendoza, Javier Marías, Lorenzo Silva, Juan Manuel de Prada, Cristina López Barrio…).

Irakurgai planean dauden irakurgaiez aparte, Espainiako literaturaren idazle batzuk ere gonbidatu dira, zuzenbidearekin nolabaiteko lotura dutenak, beren esperientziaren berri eman diezaieten ikasleei, besteak beste Lorenzo Silva, Juan Manuel de Prada, Almudena de Arteaga, Jesús Sánchez Adalid, Cristina López Barrio, Manuel Loureiro, Paloma Sánchez Garnica eta Carlos Zanón.

Argazkia: 2022-2023 ikasturtean Lyder programan (Literatura eta Zuzenbidea) parte hartzen hasi diren ikasleak Zientzia Juridikoen Fakultatean, eta, haiekin, José F. Alenza (irudiaren erdian) eta Iñaki Riaño Brun (atzean).