NUPeko zenbait ikaslek aholkularitza juridikoa eman diete adimen desgaitasuna duten pertsonei, Nafarroako Tutoretza Fundazioaren laguntzarekin
Zientzia Juridikoen Fakultateko ikasleek prestakuntza jaso dute legezko ezgaitzea eragozten duten arau aldaketak azaltzeko
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzia Juridikoen Fakultateko zortzi ikaslek eta bi egresatuk irakaskuntza berritzeko proiektu batean hartu dute parte, “zerbitzu eginez ikasi” modalitatean eta Liber elkartearekin lankidetzan. Horren bidez, aholkularitza eman diete adimen desgaitasuna duten bost pertsonari, Nafarroako Tutoretza Fundazioak (FUTUNA) lagunduta, 2021eko ekainaren 2ko 8/2021 Legeak dakartzan aldaketei buruz, zeinak gaitasunaren arloko legeria zibila eta prozesala erreformatu baitu. Horretarako, ikasleek aldez aurreko prestakuntza jaso dute, pertsona horien gaitasuna aldatu zuten epaiak hurrengo bi urteetan berrikusteak ekarriko duena nola azaldu ikasteko; izan ere, hori da lege berriak proposatzen duen ildoa, pertsonen ezgaitzea eragozten eta laguntzak esleitzeko prozedura baten alde egiten baitu.
“Lege horrek aldaketa sakona ekarri du desgaitasuna duten pertsonen gaitasun juridikoa gauzatzeko araubidean eta zaintzarako erakunde tradizionaletan —azaldu du Leyre Elizari Urtasun irakasleak, zeina proiektu honetan lanean ari baita María Luisa Arcos Vieira katedradun eta INARBE institutuko ikertzailearekin batera—. 2021eko irailaren 3an legeak indarra hartu ondoren, epaiek ezin dituzte ‘ezgaitu’ desgaitasuna duten pertsonak eta ezin diete eragotzi beren eskubideak gauzatzea. Lehen tutore bat jartzen ohi zieten; hori da, hain zuzen, fundazio hauek laguntzen dituzten pertsona gehienen kasua. Horregatik, pertsona horiek araudi berriarekin bat ez datozen epaiak dituzte, eta, hortaz, berrikusi beharko dira”.
“Zugandik hurbil, NUP” da NUPek hezkuntza berrikuntzako proiektu gisa aitortu duen ekimen honen izena. Honako hau du helburu: “bere garaian gaitasuna aldatzeko prozesu bat bizi izan zuten pertsonek hobeki ezagutzea eta gauzatzea beren eskubideak, gai izan daitezen ulertzeko beren epaiak zer esan nahi duen eta erreformak zer aldaketa nagusi dakartzan beren eskubideak gauzatzeari dagokionez. Hala, etorkizunean beren epaiak berrikusteko aukera izanen dute, funtsezkoa baita hori beren autonomia eta beren eskubideak aldarrikatzeko”, gaineratu du Leyre Elizarik.
Proiektuan parte hartu duten ikasleak
Hauek dira proiektu honetan parte hartu duten ikasleak: Eva Casado Murillo, Ana Maestrojuán Sanz, Vanesa Mosquera Palacios, Karen Obando Mendoza eta Carolina Rodríguez Álvarez, Zuzenbideko Graduko 4. ikasmailakoak; Naiara Dalmau Villanueva eta Iranzu Miralles Arrondo, Abokatutzarako Sarbideko Unibertsitate Masterreko 1. ikasmailakoak; eta María Gutiérrez Álvarez, master bereko 2. ikasmailakoa. Halaber, Abokatutzarako Sarbideko Unibertsitate Masterreko bi egresatuk hartu dute parte Liber elkarteko laguntzaile gisa (erabakiak hartzeko laguntza ematen duten entitateen elkartea): Maite Aldaz Remón eta Raúl Valentín Oblitas, zeinek joan den ikasturtean eta aurtengoan amaitu baitzituzten ikasketak, hurrenez hurren.
Hain zuzen, adimen desgaitasuna duten pertsonei lege berriari buruzko aholkularitza emateko prestakuntza-programa hau, “zerbitzu eginez ikasi” modalitatekoa, Liber elkartearen ekimenez sortu zen, zeinak adimen desgaitasuna duten pertsonen tutore edo zaintzaileen fundazio autonomiko ugari biltzen baititu. Programa Espainia osoko unibertsitateei dago irekia.
“Ikaskuntzaren ikuspegitik, ikasleek arazoak aztertu, eta kasuan kasuko egoeraren araberako aholkuak eman behar dizkiete pertsona jakin batzuei. Horrek Zuzenbide Zibileko irakasgai guztietako edukien ikaskuntza autonomo eta integratzailea eskatzen du —azaldu du Leyre Elizarik—. Halaber, aukera bat da ikasleek 8/2021 Legeak ezarritako aldaketa sakona azter dezaten. Hori dela-eta, graduan jasotakoa osatuko duen prestakuntza gehigarria eskaini zaie, baita material espezifikoak ere. Gainera, proiektuak aukerako irakasgaien edukiak errealitatearekin erlazionatzeko eta benetako zalantzei erantzuteko modua ematen die. Horretarako, teoria eta praktika lotzeko ahalegina egin behar dute, eta egiazko dokumentu legalak eta benetako pertsonen beharrak aztertu. Azken finean, arazo sozial jakin batzuez jabetzen dira, eta adimen desgaitasuna duten pertsonak ikuspegi juridikotik ikusarazten dituzte”.
Prestakuntza espezifikoa
Parte hartu duten ikasleek zenbait arlori buruzko prestakuntza espezifikoa jaso dute: irisgarritasun kognitiboa eta dokumentu legalak irakurketa errazaren formatura egokitzea, Liber elkartearen eskutik; zerbitzu eginez ikastea lege aholkularitzan, Paulina Ramírez Carvajalen —Alcaláko Unibertsitateko Desgaitasunari, Gaixotasun Kronikoari eta Eskubideen Eskuragarritasunari buruzko Katedrako ikertzailea— eta Fermín Ainciburu de Miguelen —abokatua eta NUPeko irakasle elkartua— eskutik; eta 8/2021 Legeak gaitasun juridikoa gauzatzearekin loturiko zenbait eremutan duen eragina, Inmaculada Vivas Tesónen —Sevillako Unibertsitateko Zuzenbide Zibileko katedraduna— eta Pedro Botello Hermosaren —Málagako Unibertsitateko Zuzenbide Zibileko irakaslea— eskutik.
Horrez gain, Zientzia Juridikoen Fakultateko ikasleei zuzendutako sentsibilizazio jardunaldi bat egin dute, honi buruzkoa: “Desgaitasunen bat duten pertsonentzako laguntzak, lehen pertsonan”. Jardunaldi horretan, Liber elkarteko kolaboratzaile batek, María Pinok, epai batek bere gaitasun juridikoa itzuli zion arte egindako ibilbidea kontatu zuen; esperientzia hori Europako Parlamentuan ere kontatu zuen. Saio horretan, Javier Murillo Liber elkarteko aholkulari juridikoak ere hartu zuen parte.
Prestakuntza-prozesua adimen desgaitasuna duten pertsonekin egindako aholkularitza-saioan izan du amaiera. Topaketa horretan, ikasleek beren eskubideak azaldu dizkiete, jaso zuten epaiari buruzko informazioa eman diete, irakurketa errazaren formatura egokituta, eta zalantzak argitu dizkiete. “Saio horren bidez, pertsona horiei laguntza eman diegu, beren epaia berrikusteko unea iristen denean posizio hobean egon daitezen horrek zer ekartzen duen eta beren eskubideak zein diren ulertzeko”, amaitu du Leyre Elizarik.
Argazkia: Ekimeneko zenbait parte-hartzaile NUPen.