1931ko sanferminetan jadanik II. errepublika aldarrikaturik zegoen. Bada, jai egitarauaren azalean “zaldiko” bat margotu zuten, haurren pozarakotz.
Alkatea Mariano Anso errepublikar jaun aurrerakoia zen, hots, demokrata zena, eta frantsesez idatzirik zegoen liburuxkan irakurtzen ahal denez, hainbat ekitaldi “place de la République” zelakoan burutu zuten.
Askatasun haize berriak lehenago ezinbertzekoa bide zen gobernadorearen ohiko baimena ere idazkian desagerrarazi zuten.
Erlijio aipamenak eta horri loturiko ekitaldien albiste guti da, aurrekoekin alderatuz gero behintzat, estatu berria laikoa baitzen.
1933ko txostenean txistulariak eta dantzariak nagusi, zurigorriz eta txapela jantzirik. Erlijioa delarik, inongo aipamenik gabe, desagertu da.
Gibeleko azalean errepublikar ikurrak Iruñeko harmarria besarkatzen du. L. Ramos Rosak marrazkia sinatu zuen.
1936an sanferminak uztailaren 18an bukatu behar ziren, eta egun horretan bertan faxistek sarraskia hasi zuten, lehenago Afrikako Iparraldean Iruñeko errepublikar batzuk erail eta gero, Konpainia karrikako Virgilio Leret Ruiz zientzialaria lekuko goibela.
Gauean Iruñean tiroketak entzuten ahal ziren, hots, egungo Alde Zaharrean nahiz Errottapean. Lehen barrikadak, gero fusilaketak.
Hurrengo bi urteetan ez zen jairik ospatuko.