“ZAINDARI” SISTEMA

NUPeko ikasle talde batek “Zaindari” izeneko sistema diseinatu du gurasoek seme-alabek Internet nola erabiltzen duten kontrolatzeko

Xabier Erro, Markel Iruretagoyena eta Jesús Martínez de Lapuente Telekomunikazio Teknologietako Graduko ikasleek sortu dute

Xabier Erro Cancel, Markel Iruretagoyena Zariquiegui eta Jesús Martínez de Lapuente Lacalle Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Telekomunikazio Teknologietako Graduko laugarren mailako ikasleek sistema bat diseinatu dute gurasoak gai izan daitezen adingabeek Internet zenbat denboraz erabiltzen duten kontrolatzeko, haientzat sareko eduki egokiak iragazteko eta aski lo egiten dutela ziurtatzeko. Sistemak “Zaindari” du izena, eta Ingeniaritza Telematikoko Proiektuak irakasgaiaren barnean garatu dute, NUPeko Smart Cities Institutuko (ISC) kide den Eduardo Magaña Lizarrondo irakaslearen gidaritzapean.

Ezinbestekoa da helduek adingabeak gainbegiratzea horiek Internet erabiltzen dutenean, eta, horretarako, guraso kontroleko tresnak erabili ohi dira gailuetan”, azaldu dute ikasleek. “Testuinguru horretan, Zaindarik ikuspegi berritzaile bat aplikatzen du, kontrola wifiaren routerrean bertan egiten baita, eta, horri esker, softwarerik instalatzen uzten ez duten eskolako chromebooketan ere funtzionatzen du. Gainera, horrek erraztu egiten du wifi sare berera konektatutako gainerako gailuak gainbegiratzeko lana”, zehazten dute.

Sistema berri horrekin, helduek aplikazio mugikor bat izanen dute, eta aukera emanen die adingabe bakoitzarentzat profil bat sortzeko eta routerraren bidez Internetera konektatzeko ordutegi indibidualizatuak ezartzeko, baita unean-unean nor dagoen konektatua jakiteko ere. Bestalde, sarerako sarbidea modu independentean blokeatzeko bidea ematen du botoi bat sakatze hutsarekin, eta “hori baliagarria izan daiteke, adibidez, otorduetan”, ikasleek adierazi dutenez. “Malwarea eta helduentzako edukia blokeatzeko aukera ere ematen du”, erantsi dute. “Gaur egun, funtzionalitate berriak lantzen ari gara, hala nola sare sozialetarako edo streaming zerbitzuetarako sarbidearen kudeaketa pertsonalizatua, baita haietako bakoitzaren erabilera-denborak ezagutzeko bideak ere”, adierazi dute.

Argazkia: Aplikazioa diseinatu duten ikasleak, NUPen. Ezkerretik eskuinera: Markel Iruretagoyena Zariquiegui, Xabier Erro Cancel eta Jesús Martínez de Lapuente Lacalle.