NUPeko EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko ikasleek artearen bidez ikasi dute administrazio zuzenbidea Nafarroako Museoan
Bisita José F. Alenza eta Aritz Romeoren CUARDA (Kultura, Artea eta Administrazio Zuzenbidea) hezkuntza-berrikuntzako proiektuaren barnean dago
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko ikasleek administrazio zuzenbideko eskola bat jaso zuten duela gutxi Nafarroako Museoan erakusgai jarritako artelan batzuen bidez. Bisita CUARDA (Kultura, Artea eta Administrazio Zuzenbidea) hezkuntza-berrikuntzako proiektuaren barnekoa da. Proiektu horretan, kontzeptu juridikoak barneratzeko, kultura ulertzea eta interpretatzea proposatzen du, zehazki literatura, zinema eta artelanak ulertzea eta interpretatzea.
Museoarekin berarekin prestatu zen saio hori José F. Alenza García katedradunak eman zuen, bera baita ekimenaren arduraduna Aritz Romero irakaslearekin batera. Horrez gain, iaz hasi zen proiektu honetan inplikatuta dago Mercedes Jover Nafarroako Museoko zuzendaria ere, eta Marta Arriola eta Olaia Nagore teknikariek sortuak dira ibilbide juridikoa eta bisita gidatua.
“Arteak eta kulturak, gizarte baten kezka eta arazoen adierazle diren neurrian, beti dute osagai juridiko bat. Proiektuak ikasleak gidatzen ditu oinarrizko kontzeptu juridikoak arteak landutako gaien alderdi juridikoa ezagutuz ulertzeko”, azaldu du José F. Alenzak. “Ikasleen pentsamendu kritikoa hobetzea eta gure gizartean funtsezkoak diren balio eta printzipioak aurkitzea ekarriko du. Zuzenbidearekiko pasioa transmititu nahi zaie, haren balioak senti ditzaten, hala nola justizia, berdintasuna, ekitatea, solidaritatea, pluralismoa edo jasangarritasuna”, adierazi du.
Administrazio Zuzenbideko irakaskuntza-saioa Nafarroako Museoan
Katedradunak azaldu duenez, saioa egin baino lehen, ibilbide juridiko-administratibo bat prestatu zuten aretoetan barna Nafarroako Museoko langileekin. Aipatu denez, helburua zen aukeratutako piezen bidez ikasleek egiaztatzea historian zehar existitu izan dela zuzenbide publikoa, hain justu, herritarren premiei emandako erantzun modura.
Horrela, ibilbidean zehar, ikasleek Burdin Aroko ekonomiaren erregulazioa edo Antzinako Erromako zerbitzu publikoak (ur-hornidura, termak) eta azpiegiturak (errepideak) ikusi ahal izan zituzten. Arreta berezia eman zitzaion Ponpeloko Togaduna eskulturari, berezia baita (mundu osoan brontzezko hamahiru togadun baino ez daude) eta autoritate horrek esanahi juridiko handia izan baitzezakeen garai batean.
Horma-irudi gotikoak ere ikusi zituzten ikasleek eta geldialdia egin zuten Goyak pintatutako San Adriango markesaren erretratuaren aurrean, zeinak “administrazio zuzenbide garaikide baten sorrera” erakusten baitu, esan du katedradunak.
Beste alde batetik, pintura garaikideek aukera eman zieten espazio naturalen eta biodibertsitatearen babes juridikoaz gogoeta egiteko, baita jarduera urbanizatzaileen antolamenduaz eta ekintza kutsatzaileen erregulazioaz ere. José F. Alenzak azaldu duenez, aurten arreta berezia eman zaio Museoan ikusgai dagoen Iruñeko 1972ko Topaketei buruzko erakusketari, eta gehitu du horrek “jarduera kulturalak eta adierazpen askatasuna sustatzeari buruz hausnartzeko” aukera eman zuela. Amaitzeko, Elena Assinsek prozedura matematikoz eta algoritmoz egin zuen “Canons 22” obrak “aukera ematen du Administrazio Zuzenbideak duen erronka bat mahai gainean jartzeko: zer egin dezakeen Administrazio Publikoak adimen artifizialaren erabileraren aurrean herritarren bermeei eusteko”, ondorioztatu du katedradunak.
Argazkia: Ikasle taldea, José F. Alenza katedradunarekin, Aritz Romeo irakaslearekin eta Marta Arriola eta Olaia Nagore Nafarroako Museoko teknikariekin.