ALETXA ETA MIKEL – 7

 

Udaberriko goiz epel honetan, bezperako hegoak beroturiko airea orain freskatua eta arnasteko atsegina izanez, kostaldeko apartamendu aberatseko leiho-ateak ireki zituen Aletxak baita egon gelako leihoak ere. Mikel, goizeko aire freskoa preziatuz eta goxo-goxo arnastuz gauean zehar egina zuen ametsaz oraindik harritua zen.

– Baietz Mikel, izugarrizko ametsa egin duzu! Ea dutxa hartu duzun eta pisua neurtu? Zure gosaria prest dago, kemen asko ematekoa.

– Bai Aletxa, eta gose-gose nago gauaren gertakari hauekin guztiekin. Presidentearen salbatzeko gau osoan polizia eta jendarmeriarekin korrika ibili naizela iruditzen zait. Baina zergatik kemen asko ematekoa dela nire gosaria? Atzokoarekin kemen aski ukan nuen lanerako eta gidatzeko, sapa horretan ere.

– Izan ere, Mikel, gaur bizikletaz bulegora joanen zara…

– Zer? Bizikletaz? Ikusi nauzu Aletxa? Eramaten ditudan kilo hauek guztiak ikusi ote dituzu? Erail nahi nauzu, ezta? Aski duzu nire buruarekin? Hori da? Erran, erran! Ez zaitez beldur!

– Mikel, egunero ikusten zaitut! Giro freskoagoa dugu gaur eta ez zara izerdi lapetan urtuko. Modu honetan, autoan baino ariketa fisiko gehiago eginen duzu. Pixka bat bakarrik, egia erran, bulegoa ez duzulako hemendik hain urrun. Hamar minuturen barne bulegora etorriko zara. Zer da hori ordu oso batez gizonezkoak diren gauzak egiten ahal duzularik bainugelan? —Aletxak.

– A! Aletxa, aski horrekin! Ez didazu hori nire bizitza osoaz aurpegiratuko! —Mikelek.

– Ez Mikel! Txantxetan ari nintzen! Umore pixka bat erakutsi, otoi! Eta dakizun bezala biziki ona izanen zaizu, ez zaitezkeelako mutxikoen ikasten oraindik hasi. Harri bat, bi txori: horrekin ere gaurko zure erakarpen txikia eginen duzu klima-aldaketaren kontra! Bizikleta aurkituko duzu garajean, autoaren ezker aldean. Jadanik egokitua zaizu zure tamaina eta pisua kontuan harturik. Zure maletatxoa eramateko, otarre bat ere badu bizikletak —Aletxak.

Aletxaren ahots atsegin baina irmoak, Mikelen horrelako harridura sortzeko plazer txikia ia-ia asmatzen uzten zuen.

– Hau da tratuaren gaurko sorpresa beraz —Mikelek, burumakur— eta xantzaz bizikletaz ibiltzen dakidala, Aletxa. Nerabezaroan beti bizikletaz kolegiora eta gero lizeora nindoan eta zein abiaduraz! Kaleetan ziztu bizian auto lerroak aitzintzen nituen, gidarien harridurara! Baina garai horretan kukua bezain mehe nintzen.

– Mikel! Lasai, aspalditik ez baduzu praktikatu trankil-trankil ibili eta ez ahantzi kaskoaren ezartzea —Aletxak.

– EEE…gutxienez espero dut modelo elektrikoa hautatu duzuela! Inguruetan badauzkagulako aldapa politak ere! —Mikelek.

– Mikel, elektrikoa dena da kaskoan jarri genuen irratia eta haren eguzki-panel txikia. Zure belarriak entrenatzeko uste genuen Gure Irratia eta Euskadi Irratia entzunaraziko genizkizuela, txandaka. Hala ere, segurtasunagatik, trafiko handian edo bide gurutzeetan, automatikoki isilduko dela, erran behar dizut, zuk matxura delarik ez pentsatzeko. Beraz orain zure gosaria. On egin Mikel!

Apetiturik handienarekin bere gosaria bi klaskaz irentsi zuen Mikelek, bere amatxik erraten ziona erabat ahantzirik. Jadanik mutxikoei buruz aholkatu zuen emakumezko lankidea nola gaur agurtuko zuela hausnartzen zuen. Baita topatuko ote lukeela ere? Eta nola ez pisu edo arrunt agertu?

Hausnarketa hauetan murgildua zelarik, Mikel zutitu zen eta ia pentsatu gabe “Ez ahantzi leihoen ixtea eguzkia berotzen duenean, Aletxa otoi” erran zuen maletatxoa hartzera bere gelarantz lehen urratsetan.

– Mikel! Zuk ez ezazu gaur gauean zure bozaren emateko intentzioa galdetuko dizudala ahantzi, telebistan berriak ikusirik. Bost minutu hartu egunean noizbait zure iritzia eguneratzeko, otoi. Gai ona da zure emakumezko lankide sinpatikoari haren iritzia galdetzeko, beharbada?

– Ai, ai Aletxa, hori ere, bizikletaz lanerako joan-etorri egin eta gero? Biziki konplikatua da egoera! Alde batetik hautagai serio batek erretretak atzeratu nahi ditu, zeinak luzeagoa bizitzen garelako berantago hartu beharko genituzke! Eta zer dakit nik? Hemendik hartzeko momentura arte, beharbada laburkiago biziko garela gauza daiteke!

– Eta bestaldetik? —Aletxak.

– Bestaldetik, Aletxa, muturretako partiduen hautagaiak ditugu, zeinek Europan bertan gure auzoko herriarekin gerla egiten hasi berri zen diktadorea duela gutxi sustengatzen zuten! Baina erretretak hurbilduko dutela zin egiten dute! Eta soldatak igoko! Nola sinetsi? Diktadura batera eramaten bagaituzte, hil arte lanekoak izanen gara! Edo gulagetan zuzenki ibiltzen ez bagara! Eta zuk, zer diozu?

– Mikel, ongi dakizu ez natzaizula eraginen, bestela gure azterketetan zure iritzia baliorik gabekoa izanen litzateke —Aletxak.

– Infernu eta infernuaren artean hautatu behar dugu, Aletxak. Horregatik beharbada, sinesten dugun bizi garen infernua paradisua dela diote kazetari atzerritarrek! Zuk ez duzu lan aurkitzeko arazorik Aletxa, bistan da, ez eta erretreta arazorik ere —Mikelek.

– Bai, beharrik! Zorionez! Hemen nago ni zure arazoak arintzeko, ez nireak gehitzeko. Zer diote lankideek, kafe makinaren inguruan? —Aletxak.

– Ba, Aletxa, entzuten dut asko muturretako hautagaientzat bozkatzeko prest daudela. Beste zerbait saiatzeko, diote, estakurutzat. Baina niretzat muturrekoa da bortizkeriaren sinonimoa. Eta bortizkeria gorrotatzen dut. Bortizki ere! Samurtasuna eta eztitasuna baizik ez ditut nahi, nik!

Eta Mikel bere gelan sartu, jaka jantzi, maletatxoa hartu, galtzetako muturrak galtzerdietan finkatu, nerabe zen gisara, eta txistuka bizikletara abiatu zen.

 

2022/10/01

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (75. zenbakian)