OAIA PERUARENA: ERAKUSKETA

Abstrakzioa eta kromatismoa uztartzen dira Oaia Peruarenaren ‘Substantzia’ erakusketan; otsailaren 12ra arte Mistoen Eraikinean ikusgai egonen da

Erakusketa asteartetik larunbatera bisitatzen ahalko da, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era

Oaia Peruarena artistaren ‘Substantzia’ erakusketa Mistoen Eraikineko beheko solairuan egonen da ikusgai, otsailaren 12ra arte. Kromatismoa, abstrakzioa eta konposizioa dira obren ezaugarriak, eta egilea koloreaz baliatzen da unearen intentsitatea adierazteko eta trazuaz obra ordenatzeko.

Erakusketaren katalogoan artistak hala deskribatzen du: “hasiera batean marrazketan, kolorearen ulermenean eta konposizioan sakontzea izan zen nire interesa; ondoren, hizkuntza propio bat, identitate bat, bilatzea”. Une hartan, egileak miresten zituen pinturak behatzen zegoela, ‘substantzia’ hitza agertu zitzaion, komunean zuten ezaugarri gisa, izateko beste ezer behar ez zuten berezko identitate bat bezala. 

Erakusketak olanean, mihisean, paperean edo artisau-paperean egindako obrak biltzen ditu, batzuk bi metro ingurukoak eta beste batzuk, paperezkoak, formatu txikiagokoak. Peruarenak olio-pintura eta akrilikoa erabiltzen ditu bere pintura-sorkuntzak egiteko. ‘Substantzia’ erakusketa asteartetik larunbatera bisitatzen ahalko da, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era. 

Egileari buruz

Oaia Peruarena Tellechea (Irun, 1972) Beran bizi da 5 urte zituenetik. Haurra zenetik marraztu eta pintatzen du, orduan bere aiton-amonekin arratsaldeak margotzen ematea biziki maite baitzuen. Lehengo pintura eskolak Ignacio Larramendiren eskutik jaso zituen. 17 urterekin ikasketak utzi zituen eta altzariak polikromatzeko eskoletan parte hartu zuen. Zaharberritzen ere ikasi zuen modu autodidaktan eta horretan aritu zen 5 urte inguruan, baina inoiz ez zion pintatzeari utzi. Garai horretan pintura eskolak jaso zituen Iñaki Álvarezen, Maite Unzurrunzagaren, Tomas Sobrinoren eta Jose Mari Apezetxearen eskutik. 6 urtez Jose Mari Apezetxeak eta Tomas Sobrinok Baztanen ematen zituzten aire zabaleko pinturako udako ikastaroetan parte hartu zuen. 

Hasieran, pintore inpresionisten eta posinpresionisten begiradetatik –Van Gogh, Monet eta Cézanne kasu– hartu zuen inspirazioa, baina sakondu ahala eta adierazi nahi duenarekin bat zetorren forma bat aurkitzen saiatu ahala, beste norabide batzuetan begiratzen hasi zen. Reina Sofía Arte Gunearen Nazio Museora eginiko bisita batean Esteban Vicente pintore segoviarraren obrarekin topatu zen, eta, orduan, abstrakzioarekiko interesa piztu zitzaion. Inpresionismo abstraktu amerikarra agertu zen, eta zehazkiago, Joan Mitchel. Ordutik aurrera bere pintura gero eta espontaneoagoa bilakatu zen, eta haren bidez, sentitzen duen intentsitate guztiari bide ematea bilatzen du. Pinturaren koloreak garrantzi handia du bere lanean, bide horretatik adierazten baitu intentsitate hori. 

Bere lana hainbat bilduma pribatutan dago, Frantzian, Alemanian, Ingalaterran, Australian, Estatu Batuetan… bai eta hainbat entitate publikotan ere, hala nola San Telmo museoan eta Gipuzkoako Foru Aldundian.