Hizkuntzaren eta literaturaren didaktikari buruzko biltzar batean egindako ekarpenik hoberenen argitalpena koordinatu du NUPek
Bi liburutan eta hiru aldizkari zientifikotan bildu dira NUPek antolatutako nazioarteko bilera zientifiko horretan egindako 56 hitzaldi
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle batzuek Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikako espainiar estatuko Elkartearen Nazioarteko XXI. Biltzarrean egindako ekarpenik hoberenak argitaratu dituzte. Bilera zientifiko hori 2020ko azaroan egin zen, online, “Modalitate aniztasuna eta ikaskuntzako ingurune berriak hizkuntzen eta literaturen irakaskuntzan” goiburupean. NUPek antolatu zuen, eta 240 hizlari bildu zituen, zeinek proposatutako gaiei buruzko 74 hitzaldi sinkrono eta 104 hitzaldi asinkrono eman zituzten. Orain, hitzaldi horietako 56 bost argitalpenetan bildu dituzte: bi liburu eta hiru aldizkari zientifiko.
Aipatutako sailean, irakasle hauek arduratu dira biltzarreko ekarpenik hoberenak argitaratzeaz eta koordinatzeaz: Magdalena Romera Ciria, M. Camino Bueno Alastuey, Alfredo Asiáin Ansorena eta M. Victoria López Pérez. Bost argitalpenetatik bi, berez, liburuak dira, hezkuntzan espezializatutako Graó argitaletxeak editatuak (“Multimodalidad y didáctica de las literaturas” eta “Didáctica de la lengua, multimodalidad y nuevos entornos de aprendizaje”), beste bi, ordea, Valentziako Unibertsitate Politeknikoak argitaratutako “Lenguaje y Textos” aldizkari indexatuaren eta Granadako Unibertsitateak argitaratutako “Porta Linguarum” aldizkari indexatuaren zenbakiak, eta azkenekoa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren “Huarte de San Juan. Didáctica de la Lengua y Literatura / Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika” aldizkariaren zenbaki bat.
Komunikatzeko modu desberdinak
Biltzarra trukerako foro bat izan zen. Hartan, modalitate aniztasunaren, hots, komunikatzeko dauden moduen aniztasunaren irakaskuntzari nola heldu aztertu zuten, baita ikaskuntza-ingurune berri horiek ikasgeletan nola erabili ere. Nahiz eta bertako eta atzerriko hizkuntzen eta haien literaturaren irakaskuntzaren esparruan modalitate aniztasuna giza komunikazioaren partetzat jo izan den, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak sartzearekin batera are gehiago gelditu da agerian komunikazioaren izaera multimodal hori, modalitate desberdinak hartu baititu barne (soinua, idazketa, irudiak, bideoak, etab.), baita sistema desberdinak ere (kolorea, espazioa, begiradak edo keinuak).
Irakaskuntza-metodologien aukera berri horiek oraindik ez dira erabat txertatu ikasgeletan. Hori dela-eta, NUPek antolatutako biltzarrean parte hartu zutenek irakasleen aurrean zabaltzen ari diren aukerak aztertu zituzten; izan ere, ikasleei testu mota berriak irakurtzen, interpretatzen eta ekoizten irakatsi behar diete —alfabetatze berria esaten zaio horri—, eta elementu multimodalak sartu behar dituzte ikaskuntza osoagoa izan dadin eta ikasleek gaitasun desberdinak garatzeko aukera izan dezaten.
Argazkia: Ezkerretik eskuinera: Alfredo Asiáin, M. Victoria López Pérez, M. Camino Bueno eta Magdalena Romera, koordinatu dituzten argitalpenekin.