HARKAITZ CANO: “PARADISUAREN IFRENTZUA”

“Ezin esan aita sekula idazle arrakastatsua izan zenik. Dozena bat nobelatik gora eta bizpahiru poema bilduma argitaratu zituen, baina haietakoren batek harrera ona izan arren, aspaldi daude denak ala denak katalogotik kanpo, paper-ore bihurtu eta birziklaturik, edo, kasurik onenean, okasiozko edo bigarren eskuko liburuen azoka badaezpadakoetan barreiaturik. Buruiritziak eta hantusteak diren idazle askok ez bezala, aitak beti onartu izan zuen bere neurria. Idazle izatea ogibidea zen harentzat, bizimodua ateratzeko modu bat: hirurogeita bost urte bete zituenean erretiroa hartu eta pentsio koskor bat kobratzen hasi zen, edozein langile bezala. Gogoratua izateak edo ez, posteridadeak, horrek ez zuen sobera kezkatzen. Utzi egin zion idazteari, eta ez horregatik bilakatu zen zorigaiztokoago. Ez zuen “literaturaren pozoian” sinesten: gogotik barre egiten zuen egoak eragindako kalenturen lepotik. Haatik, ondo gogoan daukat anaia eta biok nola liluratzen gintuen txikitan idazmakinaren fabrika hots mekanikoak, mahairantz konkortuta bere bulegoan idazten zuenean. Artisaua baitzen aita, ez inondik ere, idazle tormentatua. Anaia edo ni ikustea aski, idazmakina bazterrean utzi eta gurekin jolasera batzeko. Argi eta garbi bereizten zuen zer zen benetako bizitza; eta hura, liburuetatik aparte zegoen zerbait zen beti”.