NAFARROAKO RURAL KUTXAREN BEKAK NUPEKO 529 IKASLEEI

 

Nafarroako Rural Kutxak bekak eman dizkie nazioarteko mugikortasun programetan parte hartzen ari diren NUPeko 529 ikasleei

 

Ekitaldia Fernando Remacha aretoan egin da, eta Ramón Gonzalo errektorea eta Ignacio Terés banku-erakundeko presidentea izan ditu buru

 

Ramón Gonzalo García Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektorea buru izan da 529 ikasleri bekak emateko ekitaldian abenduak 27an. Ikasle horiek 2022-2023 ikasturtean nazioarteko mugikortasun programetan parte hartzen ari dira, 41 herrialdetan. Ikasle gehienak (384) Erasmus programakoak dira; 90, Palafoxekoak; 5, Martín de Radakoak; 21, aldebiko hitzarmenetakoak; 20, ISEPekoak; eta 9, Prestakuntza Solidarioko programetakoak.

Arrosadiko campuseko Fernando Remacha aretoan egin da laguntzak emateko ekitaldia, eta hitzaldiak eman dituzte Jorge Elso Torralba Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeak, Ignacio Terés Los Arcos Nafarroako Rural Kutxako presidenteak eta Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak, zeinak ekitaldiari amaiera eman baitio. Dirulaguntzen zenbatekoa desberdina da atzerrian ikasturte osoa igaroko dutenentzat (55 ikasle osotara) eta seihileko baterako joan diren edo joanen direnentzat (286 udazkenekoan eta 188 udaberrikoan). Ramón Gonzalo NUPeko errektorearen hitzaldiak eman dio amaiera ekitaldiari.

Ikasturte honetan atzerriko unibertsitateren batean ikasiko duten ikasleetatik 333 emakumezkoak dira, eta gizonezkoak 196. Herrialde hauetakoak dira ikasle gehien jasoko dituzten unibertsitateak, ordenan: Italia (69), Alemania (51), Polonia (46), Frantzia (36), Portugal (28), Txile (25), Txekiar Errepublika (22), Mexiko (22), Estatu Batuak (22), Belgika (18), Suedia (16), Austria (16), Peru (15), Errumania (15), Argentina (14), Herbehereak (10) eta Eslovenia (10).

Hauek dira ikasleak hartuko dituzten gainerako herrialdeak, ordena alfabetikoan: Australia, Bolivia, Brasil, Bulgaria, Danimarka, Ekuador, Eslovakia, Estonia, Finlandia, Grezia, Guatemala, Hego Korea, Hungaria, Irlanda (Eire), Kanada, Kolonbia, Kroazia, Kuba, Lituania, Paraguai, Suitza, Taiwan, Turkia eta Txina (Herri Errepublika).

 

Mugikortasun programak

Ikasketak atzerrian egiten dituzten Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle gehienek Erasmus programan hartzen dute parte (Europar Batasunaren prestakuntza programa, goi mailako hezkuntzaren esparruan lankidetza bultzatzekoa).

Palafox da bigarren programa, NUPek berak sortua Latinoamerikako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko. Programa horren bitartez, ikasketen parte bat Iberoamerikako unibertsitate batean egin daiteke, ikasleek bermea izanik, betiere, aldi horretan erdietsitako kredituak onartuko zaizkiela itzultzen direnean. NUPen nazioarteko beste programa bat Martín de Rada izenekoa da, bere baitan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Asiako zenbait unibertsitateren arteko aldebiko hitzarmenak biltzen dituena.

Programa horietaz gainera, Estatu Batuetako, Australiako edo Kanadako unibertsitate batzuekin izenpetutako aldebiko hitzarmenak ditugu. Eta, azkenik, ISEP USA dugu, Estatu Batuetako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko aukera eskaintzen duena, eta ISEP Nazioartekoa.

 

Argazkia: Ezkerretik eskuinera: Ignacio Terés Los Arcos Nafarroako Rural Kutxako presidentea, Ramón Gonzalo García errektorea eta Jorge Elso Torralba Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordea, bekak emateko ekitaldia hasi baino lehen.