EGILE BERRIENDAKO XXXII. LITERATUR LEHIAKETA

 

Joxe Aldasoro, Iker Tubia, Ainara Tirapu, Ventura Ruiz, Rakel Pardo eta Malen Alzuart dira egile berriendako euskarazko XXXII. Literatur lehiaketaren irabazleak

 

18 lan aurkeztu dira, 9 narrazio laburrean eta 9 poesian, eta saritutako lanak Udalaren Egile Berriak bilduman argitaratuko dira

 

Iruñeko Udalak antolatzen duen egile berriendako euskarazko XXXII. Literatur lehiaketak baditu irabazleak. Aurkeztutako 18 lanen artean –9 narrazio laburren kategorian eta 9 poesian–, Joxe Aldasororena, Iker Tubiarena eta Ainara Tirapurena izan dira irabazle lehenengo modalitatean, eta Ventura Ruizena, Rakel Pardorena eta Malen Alzuartena, bigarrenean. Angel Erro idazleak, Amaia Apalauza itzultzaile eta euskaltzainak eta Jon Alonso idazle eta itzultzaileak osatutako epaimahaiak Itziar Aguirre, Iñigo Satrustegi eta Odei Ruizen hiru poesia-lan aipamen bereziarekin saritu ditu.

Uztailean deitutako lehiaketaren helburua da euskarazko literatur sorkuntza sustatzea argitaratutako lanik ez duten Nafarroako egileen edo foru-komunitatean bizi diren egileen artean. Egile bakoitzak gai libreko lan argitaragabe bat aurkezten ahalko du modalitate bakoitzean. Sariak 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak dira, lehen, bigarren eta hirugarren postuaren arabera. Gainera, aipamen berezia 250 euroz hornituta dago.

Saritutako lan guztiak, aipamenak barne, Udalak udaberrian sarituen parte-hartzearekin aurkeztuko duen Egile Berriak bilduman argitaratuko dira. Aurtengo edizioan 18 pertsonak parte hartu dute, 13 emakumek eta 5 gizonek. Oinarrien arabera, aurreko bi edizioetan lehen saria lortu duena ezin da berriro modalitate berean aurkeztu.

 

Narrazio laburra

Narrazio laburreko modalitatean, Joxe Aldasoro Jauregik irabazi du lehen saria, ‘Biyer egueldi’ (Mañana buen tiempo) lanagatik. Egileak oso ongi islatu du protagonistak bizi dituen itolarria, egonezina eta larrimina, baita haren ingurukoen arteko ezin esanak eta ezin eutsiak ere. Hizkuntza bizia darabil, jostaria, bereziki elkarrizketetan.

Bigarren saria Iker Tubia Barberiarentzat izan da, ‘Puxika baten puskak’ lanagatik. Egileak bikain txirikordatu eta josi ditu elkarren osagarri diren hiru istorio, izenburuan berean iradokitzen den bezala, eta irakurlearengan harridura piztu. Gaur egungo gizartearen arazoak jarri ditu mahai gainean, hala nola prekaritatea, indarkeria edo matxismoa; eta hori guztia hizkuntza zuzena erabiliz, artifiziorik gabea baina dotorea.

Ainara Tirapu Nuinek irabazi du narrazioko hirugarren saria ‘Ñiki, ñiki’ lanarekin. Kontakizun honetan, egileak parez pare jarri ditu guztiz kontrajarriak diren bi egoera, tarteka umoreari eta esajerazioari ere lekua eginez eta aditzera emanez ekintza txikiek ondorio handiak izan ditzaketela.

 

Poesia

Poesia modalitatean, lehen hiru sariak emakumeendako izan dira. Lehena Ventura Ruiz Gomezek jaso du, ‘Heriotza likidoa’ lanagatik. Poemategi trinkoa da honako hau, batasun eta barne koherentzia handikoa. Itsas hiztegi teknikoaz jantzita, giza esperientziaren alde ilunenak argitzen doazkigu, lirikotasun ongi landuaz.

Bigarren saria Rakel Pardo Perezentzat izan da, ‘Poesia kabi eta hilobi’ lanagatik. Olerki bilduma honetan heldutasun handiko poeta fin baten aurrean gaude; erreferentzia kultu asko erabiltzen ditu, baina hortik kanpo ere aurkitzen du hausnarrerako gune eta tonua.

Hirugarren saria Malen Alzuart Aranburuk irabazi du ‘Bazaren heinean paradoxa zara’ lanarekin. Lerroen artean txinpartarako trebea den egilea da, erritmoa eta hitzen zolitasuna ongi kontrolatzen dituena, eta poesiaren esparrua bertsoarenarekin eta aforismoarenarekin zabaltzen duena.

Horiez gain, kategoria honetan epaimahaiak hiru aipamen berezi eman ditu: Itziar Aguirre Sagasetari ‘Sartu ez dena ezin atera’ lanagatik; Iñigo Satrustegi Andrési ‘Nire-nirea dudan zu-hura-gu-zuek-haiek bat’ lanagatik, eta Odei Ruiz Sarriasi, ‘Ilaunak’ lanagatik.

 

 

LEHIAKETAKO SARIAK

 

  • Narrazio laburra

Lehen saria: Joxe Aldasoro Jauregi, ‘Biyer egueldi’

Bigarren saria: Iker Tubia Barberia, ‘Puxika baten puskak’

Hirugarren saria: Ainara Tirapu Nuin, ‘Ñiki, ñiki’

 

  • Poesia

Lehen saria: Ventura Ruiz Gómez, ‘Heriotza likidoa’

Bigarren saria: Rakel Pardo Perez, ‘Poesia kabi eta hilobi’

Hirugarren saria: Malen Alzuart Aranburu, ‘Bazaren heinean paradoxa zara’

Aipamen berezia: Itziar Aguirre Sagaseta, ‘Sartu ez dena ezin atera’

Aipamen berezia: Iñigo Satrustegi Andrés, ‘Nire-nirea dudan zu-hura-gu-zuek-haiek bat’

Aipamen berezia: Odei Ruiz Sarrias, ‘Ilaunak’