IÑIGO LIBERAL OLLETA: LABORATEGI BERRIA

 

NUPek optika kuantiko eta fotoniko integraturako laborategi berri bat jarri du, EBan prestigio zientifikorik handiena duen dirulaguntzari esker

Iñigo Liberal ingeniariak lortutako Starting Grant dirulaguntzak bidea eman du nanofotonikari eta optika kuantikoari buruzko punta-puntako ikerketarako gune bat irekitzeko

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) optika kuantiko eta fotoniko integraturako laborategi berri bat jarri du, Europar Batasunean prestigio zientifikorik handiena duen Starting Grant dirulaguntza bati esker finantzatua. NUPen Smart Cities institutuari (ISC) atxikitako Iñigo Liberal Olleta Telekomunikazio Ingeniaritzako doktore eta ikertzaileak lortu zuen dirulaguntza hori 2020. urtean. Azpiegitura nanofotonikari eta optika kuantikoari buruzko punta-puntako ikerketa garatzeko diseinatu da, baina ikasleek ere erabiltzen ahalko dute beren gradu eta master amaierako lanak egiteko.

Laborategia Arrosadiko campuseko Haginak eraikinaren beheko solairuan dago, eta bi sistema ditu: bata, optika integratuko gailuak ezaugarritzeko, eta, bestea, nanoegitura fotonikoak ezaugarritzeko. “Lehenbiziko ‘setup’a, funtsean, siliziozko txip baten barrenean erabat integratutako zirkuitu optikoak dira; izan ere, txip hori teknologia kuantikoak garatzeko plataforma lehiakideetako bat da —azaldu du Iñigo Liberalek—. Adibidez, komunikazio seguruetarako sistemetan erabiltzen da, hala nola quantum key distribution delakoan (QKD). Gainera, PsiQuantum-ek, Xanadu-k eta halako enpresek garatutako ordenagailu kuantikoak teknologia horretan oinarrituak daude. Gure ‘setup’ak zirkuitu optikoak ezaugarritzeko aukera ematen du —transferentzia-funtzioa, erradiazio propietateak…—”.

Bigarren sistema, hots, nanoegitura fotonikoak ezaugarritzekoa, ‘mikroskopio’ moduko bat da, eta aukera ematen du egitura nanofotonikoen barrenean dagoen argia disekzionatzeko”. “‘Setup’ horrekin lortutako irudiek nanoegiturari buruzko informazioa ematen dute: zein diren haren funtsezko erresonantziak, zer norabidetan hedatzen den argia haren barrenean, zenbat denboraz harrapatzen ahal den argia nanoegitura baten barrenean, edo zer polarizazio-propietate dituen”, erantsi du Iñigo Liberalek, zeina Antenak ikerketa-taldeko kide baita.

 

Ikerketa taldeko kideak

Laborategia Iñigo Liberal buru duen ikerketa-talde baten lantokia da; honako hauek osatzen dute taldea: Ángel Ortega-Gómez eta Juan Enrique Vázquez-Lozano, José Manuel Pérez-Escudero (doktoretza ondoko ikertzaileak; azkena, gainera, nanofabrikazioko laborategiko teknikari arduraduna), Antonio Ganfornina Andrades, Osmery Hernández Martínez, Mohsen Mohammadi Jajin, David Navajas Hernández eta Douglas Oña Valladares (doktoretzako ikasleak) eta Angie Torres Betancourt (proiektuko laguntzailea).

Starting Grant laguntzari esker, Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC, ingelesezko sigletan) 1,5 milioi eurora arteko finantzaketa eman zion, bost urtean banatua, Iñigo Liberal Olletari bere proiektua garatzeko, hots, muturreko materialak ikertzeko nanofotonikaren eta optika kuantikoaren esparruetan. Hala oinarrizko ikerketa nola garapen teknologikoa hartzen ditu barne proiektu horrek. Oinarrizko ikerketaren atalak “material horietako quasi-partikula fotonikoen eta igorle kuantiko eta elektroi askeen arteko interakzioa du ardatz”, adierazi du ikertzaileak. Garapen teknologikoaren atalean, adibidez, “igorgailu termikoen garapen esperimentala eginen da, kamuflaje termikoetan eta leiho adimendunetan aplikatzeko, bai eta optika integratuko gailuena ere, interkonektoreetan, argi-iturri integratuetan eta LiDAR sistemetan erabiltzeko”, gehitu du.

 

Argazkia: Ezkerretik eskuinera: Angie Torres, José Manuel Pérez, David Navajas (eserita), Mohsen Mohammadi, Osmery Hernández, Juan Enrique Vázquez, Iñigo Liberal, Antonio Ganfornina, Douglas Oña eta Ángel Ortega laborategi berrian.